Nautilus

Mutrikuko Ikasgune Geologikoa

Geologiaren aldetik, Mutriku herria euskal kostaldeko edertasun eta garrantzi bereziko natur ingurune batean dago, eta toki egokia da interes handiko museo-zentro bat bertan kokatzeko.

Mutrikuko herrigunean bertan, euskal kostaldeko arroka zaharrenen azaleramenduak daude, Aro Triasikoraino garamatzaten adina duten arrokak: duela 200 milioi urtekoak.
Herrian bertan museo bat dugu: Nautilus. Bertan, herriko eta eskualdeko Historia Geologikoa ezagutu dezakegu, eta euskal kostaldeko arroka interesgarrienak deskubrituko ditugu.
Zentro horretan, bilduma paleontologiko, paregabe eta autoktono garrantzitsu bat ezagutuko dugu: Narvaez Bilduma herriko kosta-labar eta horien inguruetako Ammonites ale-kopuru handi batek eta beste fosil batzuek osatzen dute.
Ondareko elementu baliotsu horien laguntzaz, azken 200 milioi urteak biltzen dituen Historia Geologiko luzea berreraiki dezakegu, fosil kretazikoen bilduma eder baten bidez interpretatua.
Historia Geologiko horren askotariko lekukotzak Mutrikuko eta inguruko arroketan eta geruzetan agertzen dira gordeta: Debatik Saturraranera.
Informazio-panelen eta errekonstrukzio paleografikoen laguntzaz, euskal kostaldearen eboluzio geologikoa ezagutuko dugu eta, oraindik orain, euskal geografian sortutako lehendabiziko GEOPARKEA osatu dute: EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA, UNESCOk babestua.
Nautilus Museo eta Interpretazio Zentroaren bisitaria harrituta geratuko da Mutriku, euskal kostaldeko zati, eta barrualdean aurkitzen ditugun mendi eta formazioak (Arno Mendigunea, Lasturgo Baiara, Olatz,…) duela 100 milioi urte baino gehiago itsasoaren pean eta sakonera handian sortu zirela jakitean.
Bisitariek ezagutuko dute egungo Kantauriko kostaldea itsaso tropikal bero batean zegoela eta, han, bi kontinente-masaren artean, koral-uharri kementsuak eratzen zirela: Iberiar Plaka edo Kontinentea, hegoaldean kokatua, eta Euroasiar Plaka, Mutrikuren eta egungo kostaldearen aurrean kokatua.
Informazio-panelen bidez, ezagutuko dugu plaka tektoniko kontinental horiek mugitzen, aldentzen eta urruntzen hasi zirela, eta itsasoa sakonagoa eta zabalagoa egiten.
Ezagutuko dugu ere Kantauri Itsasoa mugatzen zuten kostaldeek laurogeita hamar graduko angelua osatzera zergatik heldu ziren. Hartara, geologian “Kantauriko zabalunea” delakoa sortu zen. Une horretan, Aldi Kretazikoan (duela 110 milioi bat urte), Jesus Maria Narvaezek eta bere emazte Esperanza Azkarragak Mutrikuko itsas labarretan 25 lan-urtetan berreskuratutako ammonites ikusgarriak bizi izan ziren. Hartara, bi pertsona horiek itsas higaduratik eta behin betiko galtzetik salbatu dituzte.
Duela 40 milioi bat urte (Eozeno garaia), kontinenteak, Iberiarra eta Euroasiarra, elkarri hurbildu zitzaizkion talka egin eta elkarrekin bat egiteraino.
Zentroko bisitariek talka tektoniko erraldoi horren kemen osoa eta itsas sedimentu horiek egun ezagutzen dugun kontinente-gainazala eratzeraino nola tolestu, desitxuratu eta harrotu ziren sentitu ahal izango dute.
Alpeen Orogeniaren ondorioz, duela 40 milioi urte itsas hondoak altxa zirenetik, milioik urte igaro dira. Gure begien bidez, higadurak kontinente-erliebea nola itxuratu duen egiaztatu ahal izango dugu. Ikusiko dugu ere itsasoa aspaldian berea izandakoa bereganatzen nola jarraitzen duen, kostako labarrak atzera eraginez, ezagutzen ditugun paisaia eta erliebeak moldatuz, kalak, badiak eta Mutrikuren moduko portu naturalak sortuz.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net