Zientziarako onddo espezie berri bat aurkitu da Pagoeta Parke Naturalean

2020/01/24

Pagoetako parke naturalean.

 

Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek Pagoeta Parke Naturalean (Aia. Altzolarats erreka; Mindi erreka) zientziarako onddo espezie berri bat aurkitu dute: Psedosclerococcum golindoi.

Aurrenengo bilketa Altzolarats errekan egin zen, eta ondoren Agorregiko burniola eta Mindi errekaren inguruko baso mistoan (Aia), Platanus hispanica zuhaitzaren hildako egurrean.

Mikologia saileko zuzendaria den Ibai Olariagak gidatu duen ikerketan,  Joakin Martin eta Joxepo Teres Aranzadiko mikologoak, Juan Carlos Unibertsitateko Maria Prieto biologoak eta, Hans-Otto Baral onddo askomizete taldean  erreferentea den zientifikoak parte hartu dute.

 

Askomizete hau Sclerococcum (=Dactylospora) generoko espezieen antzekoa da, baina asku zilindrikoak azaltzen ditu eta muturreko kaskua ez da amiloidea izaten. Kultiboan lortutako anamorfo asexuala Chalara tipokoa da, eta Sclerococcum generoko espezieek azaltzen dutenen desberdina. Ezaugarri horiek eta analisi filogenetikoak Sclerococcales barruan kokatu zuten onddo hau, baina posizio isolatu batean, eta horren ondorioz, zientziarako genero eta espezie berria identifikatu da.

Onddo espezie hau Psedosclerococcum golindoi izendatu dugu, Jose Luis Albizu, Aranzadiko mikologo zarauztarraren izenean, aurreneko biltzaileenetako bat izan zelako, eta bizitza erdia onddoen mundua aztertzen igaro delako.

Ikerketaren prozesua eta emaitzak Mycological Progress aldizkari zientifikoan 2019. urtean argitaratu ziren.

 

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net