Irailaren 16ra arte ikusi ahalko da Atarian ‘Eraztun eta hegaztien istorio bat’ erakusketa, IGIk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolaturik

2018/07/18

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak erakusketa berria jarri du ikusgai gaur, irailaren 16ra arte. ‘Eraztun eta hegaztien istorio bat’ erakusketa da, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak eta haren Eraztunketa Bulegoak antolatu dutena.

Erakusketaren helburua da eraztunketaren historia era erraz eta didaktikoan azaltzea, nola jartzen diren eraztunak eta zergatik. Testuak, argazkiak eta bideoak baliatuz, hainbat alderdi laburtzen dira: Aranzadiko Eraztunketa Bulegoaren historia (1949an sortua), erabilitako eraztunei buruzko bitxikeriak, metodologiaren xehetasunak, eta Euskadin, Araban eta Gasteizen alor horretan garatzen diren proiektuak. Aranzadiko Eraztunketa Bulegoak 200.000 eraztunketa kudeatzen ditu, eta Estatu osoan banatutako ikerlari eta boluntarioei ematen die zerbitzu, leku hauetakoei, besteak beste: Kanariar Uharteak, Katalunia, Balear Uharteak, eta Euskal Herria. Eraztunketa hegaztiak markatzeko teknika bat da: eraztuna jarriz aleak banan-banan identifikatzen dira, eta harrapatuz gero non eta noiz markatu zituzten jakin daiteke, baita berriro non harrapatzen dituzten ere.

Atarian jarritako erakusketa lau modulutan banatzen da: Aranzadiko Eraztunketa Bulegoaren historia, Aranzadi helbidea, eraztunketaren helburuak eta hegaztiak nola datatu eta sexua nola bereizten den azaltzen duen atala. Horretaz gain, eraztunketa teknikei buruzko bideoak, jatorri ezberdinetako eraztunak erakusteko beira-arasak, eraztuna duten hegaztien kopiak, eta 6 metroko “sare japoniarra” paratu dira. Paseriformeei eraztuna jartzeko funtsezko elementua da azken hori, eta Atarian peluxezko txoriz bete da.

2003tik 2015era bitartean, 13 eraztunketa kanpaina intentsibo egin ziren udan, uztailetik irailera. Helburu hauek ditu eraztunketak: migrazioan Salburutik igarotzen diren hegaztien komunitatea ezagutzea, haien ezaugarriak ikertzea, eremu horrek hegazti migratzaile txikien —batez ere ur-benarrizaren— igaroleku eta egonkortze leku gisa duen balioa aztertzea, eta hegazti migratzaileak eta haiei sostengu ematen dieten habitatak kontserbatzeak duen garrantzia ezagutaraztea.

IGIk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2013az geroztik egiten dute lan elkarrekin. Gehien bat prestakuntza eta zabalkunde ekintzak bideratzen dituzte, Gasteizko herritarrek ongi ezagut dezaten ingurumenaren errealitatea. “Izan ere, biodibertsitatearen eta ingurumenaren alorreko zabalkundea funtsezkoa da hala Gasteizko Udalarentzat nola Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarentzat”, azaldu du IGIko lehendakari eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.


Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net