Hegaldi altuko hegaztiak Izaro uhartean

2021/07/29

Aranzadi ZEak Izaro uhartean hegaztiak eraztuntzen jarraituko du orain dela 4 urte hasi zen ikerketa proiektu batean

Abuztuaren 2tik irailaren 5era 20 pertsona biziko dira uhartean, bidaia luzeetan bertan atseden hartzen duten hegaztiei buruzko informazioa biltzen.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Sailak eta Urdaibai Bird Center delakoak Kantauri itsasertzean 2018an aitzindari izan proiektua aurkeztu zuten Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Bermeoko Udalari eta MAIER (Ajangiz) eta CAMPOS kontserbak (Bermeo) enpresei esker.

Etengabeko ahalegina eskatzen duen eraztunketa-proiektu honen helburua hegaztien migrazioaren inguruko ikerketarako datuak biltzea da, zehazki migrazio postnupzialean.

Proiektu honen aurrekaria Piccole Isole da. Italian hasi zen duela hogeita bost urte baino gehiago, eta Mediterraneoko uharte batzuetan egiten da, hegaztien migrazioa aztertzeko helburuarekin.

Hegaztien migrazioak Kantauri itsasoan

Uharteek hegazti migratzaileentzat duten geltoki-funtzioa sakon ikertu da Mediterraneoan zenbait ekimenen bidez; tartean da Piccole Isole. Proiektu honetan eginiko ikerketek oso datu interesgarriak eman dituzte  irlek hegaztien migrazioetan duten garrantziei buruz, eta datu horiek ekarpen handia egin dute hegaztien migrazioari buruz dakiguna hobetzeko.

Izaro uhartea Oka ibaiaren bokalearen aurrean dagoen uhartetxo bat da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, Bermeon. Horregatik, Kantauri itsasotik datozen hegazti migratzaileentzat, penintsulara leku horretatik sartzen direnentzat, lehorreko lehen gunea da. Testuinguru geografiko horretan, Izaro leku estrategikoa da, eta oso interesgarria Kantauri itsasotik datozen hegaztien migrazio postnupziala aztertzeko.

Hegaztiei eraztunak jartzeko proiektua Izaron (Bermeo)

Proiektu honen helburua hegazti txikiek Kantauri itsasoa zeharkatuz egiten duten migrazioaz dakiguna sakontzea da. Zehazki, Izaro uhartean eraztunak jartzeko kanpaina bat egiteko asmoa dugu, jakiteko ea hegazti horiek zer egoeratan bidaiatzen duten eta zergatik egiten duten geldialdia uhartean.

Kanpaina abuztuaren 2an hasiko da eta irailaren 5ra arte iraungo du. Guztira 20 pertsona 4ko txnadetan uhartean biziko dira eta euretariko bat gutxienez, titulodun eraztuntzailea izango da. Hegaztiei eraztunak jartzen arituko dira egunez, txandak antolatuta. Pertsona horiek –gehienak ornitologiaren, xede zientifikoetarako eraztunak jartzearen eta biologiaren zaleak– Estatuko zenbait lekutatik etorriko dira uhartera lanera: Extremadura, Menorca, Madril, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Euskaditik. Eraztuntzaile arduraduna izango da txandako arduraduna eta proiektua  bideratzeaz uhartean egingo duten egonaldian. Parte hartzaile guztiak bolondresak dira.

Hegaztien espezieak eta metodologia

Eraztunak jartzeko kanpaina espezie transahararrekin egingo da; hau da, Europan umatu eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegaztiekin. Laginketa abuztuaren 2tik irailaren 5ra egiteko asmoa dugu.

Eraztunak jartzeko protokoloa esfortzu iraunkorreko estazioetan erabiltzen den ohikoa izango da. Zenbait laino-sare jarriko dira, 16 mm-ko argitasunekoak, harrapatuta gelditzen diren hegaztiak hartzeko.  Sareak zabalik egongo dira egunsentitik iluntzeraino. Irekita dauden denboran, orduro begiratuko dute sarea eta haize leuna/arina edo beroa bada, berriz, maizago. Euria eta haize zakarra izanez gero, sareak itxita egongo dira, harrapatutako hegaztiak hil ez daitezen.

Hegaztiak harrapatutakoan, aurretik prestatutako kolektoreetan sartuko dituzte eta, berehala, eraztunak jarri eta neurtu egingo dizkiete hegalen eta soinaren luzera, koipea eta pisua. Adina eta sexua ere zehaztuko dute lumak aztertuta.

Logistika eta taldeen kudeaketa

Uhartean ez dago ontziratzeko lekurik eta bertara iristeko aukera seguruena Bermeoko Gurutze Gorriaren ontzietan joatea da. Iristea, gainera, itsasoaren egoerak erabat baldintzatzen du.

Uhartean 4 pertsonako taldea finkatuko da. Eraztunak jartzearen arduradun batek eta 3 laguntzailek osatuko dute taldea. Sareak begiratzeko txandak antolatuko dituzte eta hegaztiak sareetan ahalik eta denbora gutxien egoteko eta haien manipulazioan ere ahalik eta denbora gutxien pasatzeko jarduera-protokolo bat ere egongo da.

Taldekideek, uhartean egiten duten egonaldian, kanpin-denda batean hartuko dute ostatu. Egonaldian sortzen diren hondakin guztiak Izarotik ateratzeko ardura ere izango dute.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net