Hegaztiak eta saguzarrak, Gipuzkoako mahasti eta sagastietako zaindariak

2019/05/21

• Aranzadi Zientzia Elkartea BIOBOX proiektuaren buru da. Proiektu honek Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du, Fundación Biodiversidad erakundearen bitartez.

  • Izurrien kontrol biologikoa indartu nahi duen ikerkuntza proiektu honetan elkarlanean dabiltza Aranzadiko Ornitologia saila eta Gipuzkoako sagardotegi eta txakolindegiak.
  • Txakolindegi hauek gehitu dira proiektura: Ameztoi, Talaiberri, K5 eta Arbela.
  • Sagardotegien artean honako hauek ditugu: Egiluze, Petritegi, Zapiain eta Begiristain.
  • Mahasti eta sagastietan hegaztientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babes-kutxak jarri dira, fauna hau bertan agertzeko aukerak handituz.
  • Mahastietako izurririk ohikoena mahats mordoaren sitsa (Lobesia botrana) da, sagastietan berriz Carpocapsa (Cydia pomonella).

Amilotxa edo kaskabeltza bezalako harrapari naturalen bidezko kontrol biologikoa, izurrien kontrol integralaren osagarri eta tresna alternatibo moduan indarra hartzen ari da. Nekazaritza sistemetan hegaztientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babes-kutxak ezartzeak fauna honen populazioa bultzatu eta hauen egitekoaren garrantzia finkatzen dute. Proiektuaren helburu nagusia hegazti eta saguzarren bidezko kontrol biologikoa bultzatuko duen metodologia bat garatzea da, “Euskal Sagardoa” eta “Getariako Txakolina” jatorri-deitura duten sagasti eta mahastietan. Labore-lur hauek garrantzi handia dute Kantauri itsasoko ertzean eta bereziki Euskadin. Proiektua Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du, Fundación Biodiversidad erakundearen bitartez.

Zehazki, aztertuko diren nekazaritza sistemak Euskal Sagardoa eta Getariako Txakolina jatorri-deitura duten sagasti eta mahastiak izango dira. Bi labore-lurretan jakin badakigu, hegaztiak eta saguzarrak mahats mordoaren (Lobesia botrana)  eta sagarraren sitsa edo Carpocapsa (Cydia pomonella)  kontrolatzeko gai direla.

Habia-kutxak eta babes-kutxak egitura artifizialak dira, ugalketarako edo aterpe moduan zuloak erabiltzen dituen faunaren presentzia eta aktibitatea handitzen laguntzen dutenak. Animalia hauek azkar eta positiboki erantzuten dute egitura artifizial hauekin. Gainera, nekazaritza sistemetan zulo natural hauek ez dira oso ohikoak izaten eta, honenbestez, espezie hauen agerpena eta ugaritasuna mugatzen da, haien funtzio eta zerbitzuekin batera. Esaterako, Kaliforniako mahastietan ikusi da habia-kutxak erabiliz hegazti intsektujaleen aberastasuna %50 igotzen dela (hasierako egoerarekiko), lau aldiz handiagoa dela ugaritasuna eta ia beste horrenbeste handitzen dela izurriteak eragin ditzaketen intsektuen kontsumo-tasa.

Fenomeno berri samarra da labore-lurretan hegazti eta saguzarren presentzia bultzatzea nekazaritza-sistemetako biodibertsitatea berreskuratzeko. Aldi berean, animalia hauek izurriteak kontrolatzeko balio dute, agrokimikoen erabilera mugatuz.

Hau bereziki garrantzitsua da Europar Batasunean, nekazaritza-sistemetan ematen ari den biodibertsitate galera dela eta. Kezka hau Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erronka nabarmenetako bat bihurtu da. Helburu nagusietako bat nekazaritzako ekosistemen biodibertsitatea bermatu eta ebaluatzea da, horrela nekazal ekoizleei lagunduz etorkizuneko erronkak estrategia hoberenekin aurre egin dezaten. Hala, proiektuaren berrikuntza, testuinguru honetan, eredu honen ikerkuntza eta doitzea egitea da bertako nekazaritza-sistemetan, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) mahasti eta sagastietan zehazki, non orain arte hau ez den ikertu.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net