Emaitza berriak izurriteen kontrol biologikoan Gipuzkoako mahasti eta sagastietan

2019/11/27

Aranzadi Zientzia Elkartea BIOBOX proiektuaren buru da. Proiektu honek Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du, Fundación Biodiversidad erakundearen bitartez.
Hegaztiak eta saguzarren bidez izurrien kontrol biologikoa indartzea helburu izan duen ikerkuntza proiektu honetan elkarlanean aritu dira Aranzadiko Ornitologia saila eta Gipuzkoako sagardotegi eta txakolindegiak.

2019 urtean zehar lau txakolindegi eta lau sagardotegik Biobox proiektua martxan jarri dute, honek Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du, Fundación Biodiversidad erakundearen bitartez. Proiektuaren helburu nagusia hegazti eta saguzarren bidezko kontrol ekologikoaren garrantzia bultzatzea da hegaztientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babeslekuak ezarriz. Horrela, harrapakari natural hauek bertan agertzeko aukerak handitzen dira eta bi labore-lurretan agertzen diren izurri nagusienak mahats mordoa (Lobesia botrana) eta sagarraren sitsa edo Carpocapsa (Cydia pomonella) kontrolatzeko gai dira.

Metodologia y aurretiazko emaitzak

Ikerketa zientifiko honetan 16 lursail aukeratu ziren (8 mahasti eta 8 sagasti), hauetariko 8tan hegaztientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babeslekuak ezarriz eta beste zortziak zeuden bezala utziz. Guztira hegaztientzako 145 habia-kutxa eta saguzarrentzako 29 babesleku jarri ziren. Udaberriko eta udako hilabeteetan kutxa guztiak aztertzeaz gain, hegaztien zentsuak egin ziren eta ultrasoinuan grabatzeko gai diren grabagailu batzuk jarri ziren lursail guztietan. Gainera izurria eragiten duten espezien jarraipena egiteko delta-tranpak erabili genituen izurri espezie bakoitzari dagokion feromonarekin.
Emaitzei dagokionez, hegaztien ugaritasuna eta aberastasuna labore batetik bestera aldatzen dela ikusi dugu. Sagastietako aberastasuna handiagoa den bitartean mahastietan ugaritasun handiagoa topatzen dugu. Laboreen inguruko paisaiak eragina du hegaztien ugaritasun eta aberastasunean eta plagen ugaritasunean. Saguzarrei dagokienez, datuak identifikazio prozesuan daude.
Habia-kutxen erabilerari dagokionez, erantzun azkarra izan dute, batez besteko okupazio tasa %40koa izanik. Arrautzak jartzera iritsi diren txorien ehunekoa txikiagoa da, habia-kutxen %20a izanik. Kaskabeltz handia (Parus major) izan da kutxak gehien okupatu dituen espeziea (%63). Bigarren ugariena amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) izan da (25%) eta azkenik hirugarren espezie bat izan dugu, lepitzulia (Jynx torquilla) (12%). Saguzarren okupazio tasa baxua izan da baina handitzea espero da denbora pasa ala. Kamerak erabiliz ikusi da habia-kutxa okupatzen duen hegazti bikote batek batez beste 134 sarrera egiten dituela eguneko. Honekin esan genezake lursail batean habia-kutxak ezarriz intsektu kontsumo minimoa 11000/Ha dela kumatze garaian.
Proiektuaren arduradunek datu horiek aurretiazko datu bezala ulertzen dituzte, eta ondorioz, hurrengo urtean informazioa biltzen jarraituko dute, emaitza espezifikoak lortzeko asmotan. Horrela, harrapari naturalek izurrien kontrolak duen garrantziari buruzko ezagutza hobea izango dugu.
Ekoizleei eta herritarrei proiektuari buruzko informazioa helarazteko, 3 hitzaldi antolatu dira hainbat udalerritan azaroaren 27an (Donostia), abenduaren 4an (Zarautz) eta abenduaren 11n (Zizurkil).
Getariako Txakolina jatorri-deiturarekin ekoizten duten txakolindegi hauek parte hartu dute proiektuan: Ameztoi, Talaiberri, K5 eta Arbela. Sagardotegien artean Euskal Sagardoa jatorri-deiturako sagardoa ekoizten duten honako hauek izan ditugu: Egiluze, Petritegi, Zapiain eta Begiristain.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net