Proiektuak

Gure hegaztiei buruzko ezagutza emendatzeko asmoz, Ornitologia Sailak oinarrizko ikerkuntza zientifiko mailan zein kontserbazioari zuzendutako ikerkuntza mailan hainbat ikerketa proiektu garatzen ditu. Gure Sailaren lana definitzen duten ildoak hauek dira: (1) Hegaztien migrazioa; (2) Kudeaketa mailan mehatxupean dauden edo interesa duten espezieen ekologia eta kontserbazioa; (3) Mundu mailako aldaketa, gizakiarekin dauden elkarrekintzak eta garapen jasangarria; (4) Hegaztiak eta ehiza; (5) Monitorizazio proiektuak.

Bestalde, sailean formakuntza, sentsibilizazio eta ingurune-hezkuntzarekin zerikusia duten proiektuak ere burutzen dira.

Azkenik, hegazti populazioen inbentario eta jarraipen lanetarako laguntza eta aholkularitza ere eskaintzen ditugu.

Hegaztien migrazioa

Migrazioa, hegaztiek, aldakorra den inguruneari egokitzeko garatu dituzten moldaketa eta estrategiak biltzen dituen fenomeno konplexua da. Fenomeno honen eta maila ekologiko edo ebolutiboan zein espezien kontserbazioari dagokiola dituen ondorioen osoko analisiak, teknika eta hurbilketa desberdinak eskatzen ditu eta berez, Ornitologian atal oso garrantzitsua da. Sailaren ildoetako bat hegaztien migrazioaren ikerketan bideratzen da. Helburuak hauek dira: (1) hego-ekialdeko Paleartikoa zeharkatzen duten hegazti migratzaileen estrategien analisia, (2) atseden-guneetan hegaztien ekologia eta portaeraren ikerketa (habitat-erabilera, hegaztiek atseden-guneetan ematen duten denbora mugatzen duten baldintzak, etab.), (3) aurretik aipatutako ikerketa eremuan, ugal-eremuen arteko konektibitatearen ikerketa, bertan ugaltzen diren, negualdia ematen dutenen edota bertatik pasatzen diren espezieen ikerketa eta (4) hegazti migratzaileen eta erabiltzen dituzten habitaten kontserbazioa.

Espezieen ekologia eta kontserbazioa

Ildo honen helburua, mehatxupean dauden espezieen ( mehatxupeko espezie katalogoetan daudenak barne) ekologia eta kontserbazioarekin lotutako arloak ikertzea da. Beraz, ikerketa demografikoak eta banaketari, elikadurari, lurralde erabilerari, gizakiekin dauden elkarrekintza eta arazoei, etab.-i buruzko ikerketak ildo honetan barneratzen dira. Beste batzuen artean, Gipuzkoan burutzen den hegazti harraparien jarraipena (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egiten da), Nafarroan egiten den Naumann belatzaren jarraipena, Arabako ardeido kolonialena, Gipuzkoan egiten den ur-zozoari buruzko ikerketa edota basoetako hegazti graniboroen ikerketa ildo honen barne daude.

Mundu mailako aldaketa, gizakiarekin dauden elkarrekintzak eta garapen jasangarria

Mundu mailan gertatzen ari diren aldaketa desberdinen ondorioz, gizakien jarduerek hegaztien bizi zikloko garai desberdinetan (ugalketa, mugimenduak, biziraupena, elikadura…) eragina dute. Testuinguru honetan, habitat aldaketak hegaztien banaketan, demografian eta espazio-ekologian izan lezakeen eragina neurtzea garrantzitsua da. Hau guztia, egun gertatzen hari den biodibertsitate aldaketan gizakiak duen eragina zehazteko eta espezieek aldaketa hauen aurrean duten erantzuteko gaitasuna neurtzeko eta honenbestez, beren kontserbaziorako ezinbestekoa da. Hauek dira ildo honen baitako proiektu azpimarragarrienak: baso landaketek eta urbanizazioak harrapakari batengan (urubia) duten eragina, biodibertsitatearen sustapena labore-eremuetan, populazio dinamika ikerketak eta, espezie oportunisten (kaio eta amiamokoak) lurralde eta baliabide erabilerari buruzko ikerketak.

Hegaztiak eta ehiza

Ehiza hegazti espezie askorentzako heriotza faktore garrantzitsua da. Ehiza jasangarria egin ahal izateko beraz, ehizak populazioengan duen eragina aztertuko duten ikerketak garatzea beharrezkoa da. Honi lotuta, eraztunketa zein zentsu bidez jasotako datuen analisirako hainbat elkarlan burutzen ditugu, oilagorrekin batik bat. Proiektu honetan oilagor ehiztari klubekin eta Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakundeekin batera lan egiten dugu.

Monitorizazio proiektuak

Espezie desberdinen banaketaren, ugaitasunaren eta parametro demografikoen ezagutza beren epe luzerako kontserbaziorako ezinbestekoa da. Ornitologia Saila mota honetako proiektuen koordinazioan buru da:

  • EMAN Programa (Hegazti Habiagileak Monitorizatzeko Eraztunketa-Guneak). Estandarizatutako protokoloak jarraitzen dituzten eta modu koordinatuan lan egiten duten guneak biltzen ditu programa honek. Helburua, ugal-garaian espezie arruntenen kontserbazio egoera zein den zehaztea da. Programa honetan lortutako datuei esker populazioen eboluzioa eta tamainaren joera, biziraupena eta emankortasuna neurtu daitezke. Aranzadik, bere EMAN programako sareekin Europa osoan hedatzen den eta helburu berdinak dituen beste programa zabalago bat laguntzen du. Programa honen emaitzak EMAN berrik deritzon urtekarian argitaratzen dira.
  • EMAI PROGRAMA (Hegazti Negutarrak monitorizatzeko eraztunketa-guneak). Programa honek, protokolo estandarrak modu koordinatuan jarraitzen dituzten eraztunketa-gune sarea du oinarritzat. Antzeko programetan bezala, EMAI programaren helburua negu-garaian espezie arruntenen (Paseriforme eta antzekoen) populazio-tamaina, adin klase zein sexuaren araberako populazioaren egitura eta zein den eta biziraupena zehaztea da.
  • Euskadiko hegazti Habiagileen atlasa (ANE). 2016 urtean hasita eta Itsas Enara Ornitologi Elkartearekin, Lanius Elkarte Ornitologikoarekin eta Arabako Natura Institutuarekin elkarlanean, Euskadiko hegazti habiagileen atlasa egiten ari gara; atlas honen helburua, orain arte erabili gabeko zehaztasun mailarekin lurraldean ugaltzen diren hegaztien banaketa ezagutzea da. Mendiko lana 2016-2019 urteen artean eginen da.
  • Donostiako hegazti habiagileen atlasa. ANE proiektuarekin batera eta 2017. Urtean hasita, Donostiako hegazti habiagileen atlasa (“atlaSS” proiektua) egiten ari gara. AtlaSS proiektua Aranzadiko Ornitologia Sailean sortutako ideia izan arren, ingurugiro, ornitologia eta natura dibulgazio arloetan erreferente diren udalerriko beste erakunde batzuekin batera lanean dihardugu: Cristina-Enea fundazioa, Ugatza Ornitologia Elkartea, Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO-Donostia taldea), Itsas Enara Ornitologi Elkartea eta Club Vasco de Camping Elkartea. Udaletxea bera ere proiektuko partaide da. Proiektuaren helburuak hauek dira: (1) udalerrian ugaltzen diren hegaztien banaketa zehazki ezagutzeko asmoz, Donostiako hegazti habiagileen atlasa egitea; (2) hegaztien kontserbazio egoera balioztatzea eta beren kontserbaziorako gune garrantzitsuenak identifikatzea; (3) jasotako informazioa erabilita eta hegaztiei lotuta, ingurugiro-hezkuntza (hegaztien bidez habitatak, gune berdeak eta espezieak ezagutu ditzakegu; ekosistemez eta kontserbazioaz ari gara), eta aisia sustatzea (hegaztiak behatzeko guneak zehaztea edo ibilbide ornitologikoak proposatzea adibidez); (4) hiritarrek hegaztiei buruz duten ezagutza emendatzea: udalerriko espezieen identifikazioa, (5) Hiritarren zientzia proiektu honetan hiritarren parte hartzea sustatzea; (6) donostiar guztiei udalerriko natur ondarearen garrantziaren berri ematea. Proiektuaren xehetasun guztiak www.atlass.eus-en kontsultatu daitezke.
  • Getariako RAM-a. RAM-a (Itsas Hegazti eta Ugaztunen behatoki Sarea) Espainia eta Portugalgo kosta guztian, urte osoan zehar lanean diharduen sarea da eta bi taxoietako aleen ugaritasun eta mugimenduak estimatzea du helburu. Ornitologia Sailak Getarian (Gipuzkoa) Itsas Enara Ornitologi Elkartearekin eta Arkamurka Natur Taldearekin batera egiten diren zentsuekin parte hartzen du programa honetan.
  • Laginketa Gune Iraunkorrak. Laginketa Gune Iraunkorrak (LGI), urte osoan zehar laginketa esfortzu iraunkorra eta periodikoa mantentzen duten guneak dira; honi esker datu estandarizatuak lortzen dira. Helburua, eraztunketa datuak lortuz, urteko zikloan (ugalketa, migrazioa eta negualdia) habitat desberdinak erabiltzen dituzten hegaztien populazio dinamika eta egitura aztertzea da.
  • www.ornitho.eus ataria. Helburutzat Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti behaketak biltzea duen internet plataforma da.

Formakuntza

Eraztunketa eta ornitologiari lotuta eskaintzen ditugun ikastaroen berri izan nahi baduzu, gure agenda begiratu eta gure posta-elektroniko zerrendan izen emateko gurekin harremanetan jarri.

Sentsibilizazioa eta ingurune-hezkuntza

Hegaztiak oinarri dituzten sentsibilizazio eta ingurumen-hezkuntza proiektuak eskaintzen ditugu. Txoribox programari buruzko informazio gehiago jasotzeko jar zaitez gurekin harremanetan.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net