Txoribox

Arduraduna: B.Díaz

“Txoribox” ingurumen heziketa proiektu bat da bi helburu nagusitara zuzendua: natura ezagutu eta zaintzearen beharraz gizartea sentsibilizatu eta prozesu naturalak eta animalien populazioen kontserbazioan eragiten duten parametroak aztertzearen garrantziaz ohartarazi.

Habia-kutxak tresna paregabeak dira gizartearen sentsibilizazioa eta animali populazioen azterketa ekimen berean uztartzeko. Urte luzez parke eta basoei eman izan zaien erabilerak gure inguruko paisaia zuhaitz gazteez osatua egotea eragin du. Zuhaitz hauek ez dute zulo naturalik, eta, horregatik, hegaztiek ezin dituzte erabili babesteko eta ugaltzeko. Habia-kutxak zulo natural hauen ordezko dira; beraz, kutxa horiek jarriz gero, mesede egiten zaie zuloak erabiltzen dituzten hegaztiei, beren kontserbazioan lagundurik.

Gainera, habia-kutxek bertan habia egiten duten espezieen biologia aztertzen laguntzen dute, zeina, zientziaren ikuspuntutik, ezaugarri benetan interesgarria den fauna basatiaren gestio eta kontserbaziorako.

Gipuzkoa biztanleria dentsitate altuko lurraldea da eta paisaia naturalak eraldaketa gogorra jasan du urbanizazio, nekazaritza lurzoru eta baso landaketen eraginez. Honek, lurraldeak berez jasan dezaken dibertsitate biologikoan beherakada handia eragin du. Bestalde, Gipuzkoako biztanleriaren gehiengoa hiriguneetan bizi denez, jendea urrundu egin da paisaia naturaletik. Adin guztietako pertsona askok, natura gauza urrun eta arrotz moduan ikusten dute, euren eguneroko zereginetatik eta kontsumo eta aisialdi ohituretatik erabat kanpo dagoen zerbait bezala.

Testuinguru honetan, ingurumen-heziketa beharrezko tresna bat da gizartea jabetu dadin natura kontserbatzearen garrantziaz, zeren, azken finean, ingurumenaren kontserbazio-egoeraren mende baikaude.

Estatu mailan, Beste Autonomia Erkidegoetan burutu dira antzeko proiektuak, emaitza onak emanez sentsibilizazio eta ingurumen heziketa esparruetan. Gipuzkoan, gaur arte, ez da Txoribox bezalako programarik burutu.

Proiektu honen helburu nagusia gizartea, eta bereziki adin gutxiko populazioa, fauna basatia eta bere ingurune naturala ezagutu, kontserbatu eta aztertzearen garrantziaz ohartaraztea da. Helburuak lortzeko, proiektuan habia-kutxak fabrikatu, jarri eta beren jarraipena egingo da, parke eta lorategietan aurkitu ditzakegun hegaztiez baliaturik.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net