José Miguel Barandiaran

(Ataun 1889 ↔ Ataun 1991)

Aranzadiko ohorezko lehendakaria eta Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascosen lehendakaria, Euskaltzain osoa eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ohorezko adiskidea.

Labayru Institutuko ohorezko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Gasteizko Teologia Fakultateko, Deustuko Unibertsitateko eta Madrilgo Universidad Complutenseko honoris causa doktorea. 1987ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Arbolaren Gurutzea esleitu zion.

1913an Volkerpsychologie idazlan itzelaren egile Wundt irakaslearengandik Leipzigeko Unibertsitatean hartutako jarraibideek bere ondorengo antropologia- eta etnografia-ikerketen noranzkoa bideratu zuten.

1914ko abenduan apaiz egin ondoren, Burgosko Elizaren Unibertsitateko Teologia lizentziatura eskuratu zuen.
1916an, euskal historiaurreari eta etnografiari buruzko interesa piztu zitzaion. Urte horretako udan bertan, Aralarko Argarbiren ingurumarian, ordu arte ezezagunak ziren historiaurreko bederatzi trikuharri deskubritu zituen. Barandiaran gazteak Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia katedradun Telesforo de Aranzadi irakasleari idatzi zion; izan ere, orduan Nafarroa aldeko Aralarreko antzeko monumentuak industen ari zen.

Urtebete geroago, biek, Gasteizen jaiotako eta Oviedoko katedradun Enrique Eguren irakaslearekin batera, indusketen eta ikerketen lehen kanpaina egin zuten Gipuzkoa aldeko Aralarreko trikuharrietan. Hartara, Aranzadi – Barandiaran – Eguren historiaurrearen ikertaldea eratu zen eta, hurrengo hogei urtean, hondeaketa, indusketa eta ikerketa ugari burutu zituzten 36ko gerrak sakabanatu zituen arte, ez baitzuten elkar berriz ikusi.

Gasteizko mintegiko irakaslea zela, 1917-18ko ikasturtearen inaugurazio-hitzaldia egin zuen euskal historiaurreari buruz. Hitzaldi horren argitalpenaren ostean, Henri Breuil goi mailako frantziar historialariarekin jarri zen harremanetan, eta hark Ugo Obermaier historiaurregile alemaniarrarekin jarri zen kontaktuan.

1922an, eta Aranzadi irakaslearen konpainian, bidaia bat egin zuen Europan zehar, hainbat museo eta erakunde bisitatuz.
1929an, bigarren ikasketa-bidaia egin zuen, berriro ere Aranzadi doktorearekin, hainbat elkarte eta erakunde antropologiko ezagutzeko.

1917-1936 denboraldian, Aranzadi eta Eguren doktoreak lagun zituela, arkeologi indusketak egiteko plan sistematiko bat eraman zuen aurrera, batez ere ondorengo hauek: Aralar mendiko trikuharriak (1917), Aizkorrikoak (1918), Ataun-Burundakoak (1919), Altzainiakoak (1920), Entzia mendilerrokoak eta Plazenziako Elosuakoak (1921), Belabieta eta Urbasakoak eta Santimamiñeko haitzulo artifizialak (1924, 1925 eta 1931), Lementxa (1925), Ermittiako kobak eta Gipuzkoako beste koba batzuk (1924 eta 1927), Bolinkoba (1933) eta Urtiaga-Itziar (1936).

1935ean, Antropologia eta Etnografia Nazioarteko Biltzar Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen.

1946an Institut Basque de Recherches sortu zuen, Ikuska izenekoa, eta izen bereko buletina argitaratzen hasi zen ordura arte egindako ikerketekin.

1946tik 1950era, gogotsu jardun zuen nazioarteko hainbat biltzarretan parte hartzen: Londres eta Oxford (1946); Paris: “Archeocivilizacion” eta “Musée de l’Homme” (1947ko uztaila eta iraila); Paris (1948); Brusela (1948 eta 1949).

1953an Hego Euskal Herrira itzuli zen eta hitzaldi bat egin zuen Salamancako Unibertsitatean, bertako errektore Antonio Tovar irakaslearen eskariz, “Euskal ikasketen gaur egungo egoera” gaiari buruz. Urte hartan bertan eta erbestean 17 urte egin eta gero, Ataun jaioterrira itzuli zen, non bizi izan baitzen bere Sara Etxean hil arte.

Itzuli eta urtebetera, arkeologia-indusketak berriro abian jarri zituen Urtiagako haitzuloan Aranzadi Zientzi Elkartearen babespean, hain zuzen, 18 urte lehenago indusketak bertan behera utzi behar izan zituen leku berean.

1956an indusketak hasi zituen Lezetxiki aztarnategi garrantzitsuan, Arrasaten, eta 1960an Aizbitarte IV-ko lanei ekin zien Errenterian. Aztarnategi hauek landa-eskola bihurtu ziren, non gazte historiaurregileak, unibertsitateko ikasketak amaitu berriak zituztenak (J. Altuna, J.M. Apellaniz, L. Barandiaran…), landa-lanetako tekniketan prestatzen hasi baitziren Jose Miguelen zuzendaritzapean.

Urte hartan bertan Eusko Folkloreren urtekaria berriz argitaratzen hasi zen –15. aletik 30. alera (1991)–, Aranzadi Zientzi Elkartearen babesaz, eta bere betiko arkeologi ikerketei berriro heldu zien ikertzaile gazteekin osaturiko talde berriak sortuz. Ikerlanak egin zituen hainbat aztarnategitan, besteak beste, Leizetxiki, Aizbitarte, Kurtzia, Atxeta, Urtiaga, Axlor eta Ekainen.

1965etik 1977ra bitartean, Nafarroako Unibertsitatean sortutako Euskal Etnologia katedra eskuratu zuen. Etniker Plana finkatu zuen, eta bilketa etnografikorako plan sistematikoa euskal geografia osoan aurrera eramango zuten ikertzaile eta laguntzaile taldeak prestatu zituen, Baskoniako Atlas Etnografikoa prestatzeko asmoz.

1972an, Bilboko Gran Enciclopedia Vascak Barandiaranen lan guztiak argitaratzeari ekin zion, 22 ale guztira.
1976an, Manuel Lekuona, Irigaray eta Garate doktoreak, Manuel de Irujo eta Agustin Zumalabe (Eusko Ikaskuntzako azken batzorde iraunkorreko kideak) lagun zituela, Elkarte hau berriro martxan jarri zuen. Oñatiko biltzar nagusian, urte bereko irailean, Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu zuten aho batez.

1988an Eusko Ikaskuntzak eta on Jose Miguel Barandiaranek kultur Fundazio pribatu bat sortu zuten, hark egindako lan zientifiko itzelaren omenez.

1989. urtearen amaieran Mitos del Pueblo Vasco (Euskal Herriko Mitoak) argitaratu zuen. Eta 100 urte beteak zituela, lanean jarraitzen zuen moldiztegiko lan batzuk gainbegiratzen, Ezkurra Nafarroako herri tipian urte batzuk lehenago egindako ikerketa etnografikoak zirela eta.

Aita Joxe Miel Barandiaran Ataunen hil zen, 1991ko abenduaren 21ean, 101 urte zituela.

Ikus ere: Barandiaran Fundazioa

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net