Campos de trabajo de Kutxa, en Aibar

10/07/2010

Aibarreko auzolandegietan gazteek lanean jarraitzen dute .

 

Laugarren eguna

Lan-taldea buru-belarri lanean harri da esnatu orduko, burutzeke dituen egiteke guztiei erantzun asmoz. Egunaren zati gehiena aterpetxean egokitutako bulegoan lanean emango dute. Arratsaldean Gallipentzuko erdi-gune historikoa ezagutzeko hitzordua dute hango alkate anderearekin.

Bertaratu direnetik biziki harritu du taldea Gallipentzuk; bere harrizko etxe eta kaleak, garai bateko itxura bera mantentzen dutenak, jatorri erromanikoko San Salvador eliza gailurrean duen muino malkartsuan gora. Karmele alkate andereak gidatu ditu bisitan zehar, herriaren husteaz eta haren ondoriozko utzikeriaz eta egungo berreskurapen eta balioan jartze proiektu eta dinamiken inguruan luze jardun dute, karrika malkartsutan gora eta behera beste garai batera burututako bidaian.

Bostgarren eguna

Laneguna izan da oso-osorik bostgarrena. Asteburua gainean izanda abiatutako proiektuak garatzen igaro du eguna lan-taldeak; planoak, irudiak, proposamenak, panelak… Dena den, garaiko inguruko klima lehor eta beroak hala eskatuta Oibarko igerilekuan freskatu eta atseden hartzeko tarteak ere izan dituzte.

Seigarren eguna

Asteburua iritsita txango luze bat burutzeko parada aprobetxatu dute gazteek, lehen orduan lanean jardun duten arren. Aragoa aldera jo dute bertako erromaniko eta ondare elementu nagusietakoez gozatzeaz gain ingurune natural paregabean jarduera ezberdinak burutu asmoz.

Salinas de Jaca inguruan ibaiko putzutan bainua hartu ondoren lehenik Murillo de Gallegoren ostatu hartu eta jarraian Loarreko gaztelura joan dira. Pirinioen hegoaldera hobekien kontserbatutako gazteluan, eta barne hartzen duen monasterioan, bisita gidatu interesgarria izan dute, harkaitz gainean konfiguratutako harlanduzko egitura itzeletan barna.

 

Zazpigarren eguna

Murillon gau luzea pasa ondoren, rafting-az gozatu ahal izan dute goizean zehar, Riglosko paisaipean.

Bazkalostean San Juan de la Peña-ko monasterio zaharra, inguruotan erromanikoaren hedapen garaian aparta izandako ondare elementua ezbairik gabe bisitatu dute; eta itzuleran Leireko monasterioan izan dira, XI. mendeko kripta paregabeaz gain elizan kantu gregorianoez gozatuaz.

Zortzigarren eguna

Auzolandegia bere amaierara hurbiltzen ari dela eta goiza, ahal den neurrian, lanak bukatu eta borobiltzen igaroko dute. Arratsaldean aldiz Izagaondoako bailarara doaz bertan hitzordua baitute inguruotan zehar gidatuko dituen Simeon Hidalgo arkitektura erromanikoaren ikerlariarekin.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net