Euskal Herriko zerua miniaturan

2021/07/16

Oso-osorik euskaraz idatzitako eta gure paraleloan, hau da, 43º-ko ipar latitudean kokatuta dagoen lehen planisferioa da.
Munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrena dela-eta sortutako planisferioa da.

Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonak 1522an amaitu zuen Lurrari egindako lehen zirkunbalazioa. XVI. mendeko nabigatzaile haiek lotura handia zuten astronomiarekin; izan ere, bidaia handi haietan orientatu ahal izateko, izarrak ezagutu behar zituzten. Horretarako, hainbat tresna erabiltzen zuten: astrolabioa eta itsasorratza, adibidez.

Gaur egun, berriz, planisferioak erabiltzen ditugu gaueko gure zerua ezagutzeko eta zeruko mugimenduak ulertzeko. Horregatik, munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrenarekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elkano Fundazioarekin batera eta Kutxa Fundazioaren finantzaketarekin, Euskal Herriko zeruaren lehen planisferio hau sortu dugu: zehazki, 43º-ko ipar latitudean kokatua eta oso-osorik euskaraz idatzia.

Kutxa Fundazioa ordezkatuz, Iñigo Atorrasagastik prentsaurrekoan azaldu zuen “Elkano Euskal Planisferioaren bitartez amankomunak diren eta guztiz partekatzen ditugun balore eta helburuak ditugu. Alde batetik, zientzia eta astronomiaren sustapena bilatzen dugu eta baita gizartean zientzia hedatzea. Eta bestetik, Planisferioaren bitartez egingo diren aire libreko ekintza eta behaketetan, kontaminazio luminikoaren inguruan daukagun arazoaren inguruan gizartea kontzientzatzen saiatuko gara, Kutxa Fundazioaren ildo estrategikoetako bat jasangarritasuna, bere osotasunean, izanda”.

Elkano Fundazioaren izenean, Rafa Zulaika proiektu burua hau azpimarratu zuen aurkezpenean: “Lehen zirkunbalazioaren urtemugaren motibaziotik sortu zen Aranzadirekin daukagun elkarlana, eta ezagutza berria sortu eta lankidetza sareen bidez gizarteari zabaltzea da gure xedea”.

Ildo horretan, gainera, nabarmendu du zientziak eta teknologiak zeregin garrantzitsua izan dutela gure gizartean, eta halaxe izango duela aurrerantzean ere.

Zer da planisferio bat?

Planisferio bat zera da: plano batean proiektatutako zeru sabai bateko izarren mapa bat, konstelazioak eta izarrak ezagutzeko erabiltzen dena. “Proiekzio bat denez, ezinezkoa da zehatz-mehatz adieraztea izarren posizioak; izan ere, ertzetatik gertu, konstelazioak zertxobait deformatuta agertzen dira”, azaldu zigun Virginia Garcíak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saileko zuzendariak.

Hala, gure zerura begiratzen dugunean ikusten ditugun izar guztiak identifikatu ahal izango ditugu; baina baita beste hiri batzuetatik ikusten direnak ere: Madril, Paris, Londres, Erroma, New York, Vancouver, Jerusalem, Beijing, Tbilisi, Sapporo eta beste batzuk. Izan ere, horiek ere gure paralelo berean daude. Hala, ikuspegi nazioartekoagoa izango dugu, eta bat dator Magallanes-Elkano espedizioaren izaera unibertsalarekin.

Asmo handiko proiektua

Virginia Garcia zuzendariak azaldu zuenez, egitasmo hau da Aranzadiko astronomia taldeak esku artean inoiz izan dituen asmo handieneko proiektuetako bat; “honen moduko planisferio bat egin beharra zegoela ikusten genuen, halakorik ez baitzegoen gure paraleloan eta gure hizkuntzan”.

Bi funtzio nagusi ditu sail horrek: batetik, Gipuzkoako astronomoen arteko topagune bihurtzea, beren esperientziak partekatu eta emaitzak aurkeztu ahal izateko; eta, bestetik, espazioko zientzien hedapena sustatzea, behaketa publikoen, hitzaldien eta prestakuntza tailerren bidez.

BERRIA egunkariaren laguntza

Planisferioa BERRIA egunkariaren bidez banatuko dute, uztailaren 16tik aurrera, prezio berezian BERRIAlagunentzat. Irati Azkueren hitzetan, “ingurumenari eta zientziari lotutako jakintza euskaraz hedatzeko ahaleginari zabalkundea eman nahi dio BERRIAk ere, jendeak zerua ere euskaraz irakur dezan sustatu. Gure lana, BERRIArena alegia, zientzialariek landutakoa lau haizeetara zabaltzea da kasu honetan.”

Baina, horrez gain, liburu dendetan eskuragarri izango da uztailaren 19tik, astelehenetik aurrera.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net