 |

Gazteluberri
gotorlekua izen bera duten bi haitz bikien arteko garaienaren
goikaldean kokatzen da, 860 metro i.m.g., Gipuzkoako Partzuergo
Txikia edo Komun Txikiaren lurretan. Bertaraino iristea oso zaila
suertatzen da duen aldaparengatik, azken zatian bereziki. Etxegarate
eta Otzaurteko igarobideen gain-gainean ikusten da mendia. Bide
zaintza horretan, egungo Nafarroako mugatik 600 bat metrotara
geratzen da.
|
Orain
arte, eraikin horri ez zaio Erdi Aroko agiririk egotzi eta mendiko izenak
lagundu behar izan du argitzeko zer diren goialdeko aztarna xumeak,
1516an Gazteluberria aipatuta azaltzen delarik.
Gazteluberri izenak, bestalde, gertu zegoen gotorleku zaharrago baten
adierazle izan daiteke. Hipotesi gisa, haitz motako gaztelu bat zegoen
inguruetan artzaintzari lotuta, eta bazter horietan bi erresumen arteko
muga sortu zenean, XIII. mendean, gaztelu berri bat eraiki zuten behar
berriei aurre egiteko.
Dena dela, horrela bazen, XIV eta XV. mendeetako agirietan, muga
arazoak zirela eta, askotan mendiko inguruak aipatzen zituztenez,
agertu beharko zen. Albiste ezak gaztelua berantiarragoa dela
pentsarazten du. XV. mendean zehar jaun feudal edo meino matxinatuek
eginiko gazteluen eta mota guztietako gotorlekuen erabilerari
buruzko berriak idatzietan geratu dira (Arrasate, Beloaga, Hondarribia,
Aitzorrotz...) eta indusketek mende horretan berrerabilerak edo
gotortze lan berriak antzeman dituzte (Aitzorrotz, Mendikute).
Giro bortitz horretan beharbada, gaztelua eraiki zuten eta horregatik
datorkio izenari berri adjektiboa. San Adrian gotorlekuari buruzko
lehenengo aipua ere XV. mendearen bigarren erdialdekoa da eta
Nafarroan, bertako gerra zibilekin, hainbat gaztelu berrerabili
edo eraiki zituzten.
|
|
|
Historiarik
ez, kondaira bat jaso zuen Josemiel Barandiaranek, gaztelu batek baino
gehiagok duena, eta ondo irakurrita beharbada argiren bat eman dezake
gotorlekuaren erabiltzaileei buruz, arrotzak omen ziren eta. Jentilak
bizi ziren goialdean eta herritarrek, euren bidegabekeri eta gaiztakeriez
nekatuta, armaz aurre egin zieten eta alde egitera behartu zituzten
Añabaso eta Sandrati mendatetik.
Aranzadi, Eguren eta Barandiaran hirukote ikerlari ospetsuak, 1920ko
uztailean Altzaniako trikuharriak aztertzen ari zirela, Gazteluberrin
bi egun eman zituzten indusketak egiten, hormek eta kondairek erakarrita.
Animalien hezurrez eta zeramika zatiez gain, burdinazko ezproi bat eta
labain txiki bat aurkitu zituzten, baita berunezko bala biriil bat ere,
XIX. mendeko karlistaldien lekuko.
Geratzen
diren aztarnak benetan urriak dira, goialde inguruko harresia ia zeharo
desagertu baita eta lur azalaren gainean sakonuneak eta haitza landua
besterik ez baita nabari. Gaztelua haitz horren goialdera mugaturik
bazegoen, oinplanoa nahiko biribila izango zen, 20 bat metroko diametroarekin.
Izandako gazteluaren eremuaren erdi-erdian, suteak behatzeko etxola
bat eraiki zuten, egun bazterturik.
Bestalde, haitzetik gertu, 1960. urtean, Espainiako Felipe II.aren 50
txanpon aurkitu zituzten, zintzarri batean.
Bibliografia
osagarria:
- Barandiaran, Jose Miguel de. Obras completas. VIII.
liburukia, 46-47.orr.