 |

Gaztelua
Erdi Aroko Hondarribiko hiriguneko tokirik garaienean kokatuta
dago, 29 metrotan i.m.g., hiri-harresiaren zati bat zenez. Hasieratik
bi egiteko nagusi zituen Erdi Aroan, Txingudi badiaren zaindari
izatea eta muga gertu izanik, lurralderako sarrera zaintzea. Lehenengo
betebeharra zaharragoa zen, eskualdea babestea itsasotik zetozen
erasoei aurre egiteko, besteak beste normandoena. Lehenago, Oiasoko
portua zela eta, gazteluaren muino azpitik ibiliko ziren erromatar
garaiko ontziak eta ezin da baztertu han eraikinaren bat egotea.
|
Bigarren
egitekoari dagokionez, 1200etik aurrera, Nafarroa, Gaztela eta Ingalaterraren
arteko mugatik gertu zegoela gogoratu behar da eta Erdi Aroaren azken
hamarkadetatik Frantzia eta Espainiaren interesen borroka leku bilakatu
zela eskualdea, itsasoz nahiz lurraz. Hondarribiak izena gorde du, bestalde,
igarobide izandako jatorria: hondar ibia.
Esaten denez, Nafarroako erregea zen Antso Abarkari (erregealdia: 970-99)
zor zaio hasierako eraikuntza, baina zenbait berrik askoz zaharrago
dela diote, Rekaredo bisigodoaren garaikoa. Dena den, kondaira horiek
indartzen dute 1000. urtean baino lehen eraikin gotortu bat egotearen
iritzia, gehienbat itsaso aldetik etorritako arerioei aurre egiteko.
Baina Hondarribia ez da ikusten eskualde garrantzitsu baten hiriburu
gisa, Donostiako barrutian sartzen baitu Antso VI.a Jakitunak hiri horri
emandako foruan, 1180. urte inguruan. Ondoren, Antso VII.a Azkarrak
handitu eta gotortu omen zuen gaztelua Nafarrari zegokion itsasertz
guztia bezala, baina horretaz agiririk ez dago. 1200ean Gaztelako Alfontso
VIII.ak eskuratu zuen eta Ximenez de Radak aipatzen du Fontem Rapitum
eskuratutakoen artean.
1204an erregea larri gaixotu zen eta eginiko testamentuan Nafarroari
kendutako hainbat lurralde eta gaztelu itzultzeko agintzen zuen, Hondarribiakoa
tartean. Sendatu zenean ordea, ez zuen Hondarribia eta Donostiari agindutako
bete. Nafarroako erregeek 1524. urtera arte mota guztietako ahaleginak
egin zituzten Hondarribia berreskuratzeko eta tarte batzuetan lortu
ere egin zuten.
XV. mendean Garcia Lopez de Ayala mariskalak, Gipuzkoako meino nagusia
zela, aurre egin zion Gaztelako Enrike IV.ari, Oiartzungo Beloaga eta
Hondarribiako gazteluak zituela, inguruetan lapurretak eta bestelako
bortxakeriak eginez. 1466an, erregeak Gipuzkoako Anaidiari bere izenean
gazteluak berreskuratzeko agindua eman zion eta ehun mila marabedi bidali
zizkion. Hondarribiko gaztelua hartuta, Anaidiaren esku mantendu zen
zenbait urtez eta 1470ean erregeak mariskalari berriz itzultzeko agindua
eman zion.
1476 eta 1477an frantses gerlariek Hondarribia setiatu zuten,
Gaztelako Isabel I.a Katolikoa eta Joana Beltranejaren arteko
liskarretan burruntzalia sarturik. Ez zuten hiria eskuratu baina
gertaerek kezka sortu zuten, baita Nafarroan ere, Joan II.ari
zuzenduriko memorialaren arabera. Hesi horretako kanta bat ezagutzen
da oraindik:
Juan Lazkano beltzarana / Gipuzkoako kapitaina / Frantses
osteak jakingo dik / Ura Ondarribiyan zana
Aipatzekoa da ere XV. mendearen bukaeran, herriko Andre Mari eliza
eraikuntza aurrera zihoala, orduko Gipuzkoako kapitainak lanak
geldiarazi zituela. Antza denez, elizak hartuko zuen garaierak
oztopatuko zuen gazteluko ikuspegia Bidasoa ibaiaren gainean.
Agirietan ere hainbat gazteluburuen izenak geratu dira eta 1508.ean
eginiko armen inbentarioa. Azpimarratzekoa da bertan erroldatutako
27 kanoi handi.
|
|
1521ean
Nafarroako Enrike II.ak (erregealdia: 1517-55) armada bat eratu zuen
bederatzi urte lehenago aitari kendutako erresumaren zatia berreskuratzeko,
nafarren hirugarren eta azken saio armatua izango zena. Hondarribiako
gaztelu eta hiria eskuratu zituzten urriaren 18an, saialdiaren bigarren
zatian Noaingo bataila gertatu eta gero.
1524ko otsailean sartu ziren espainiarrak Hondarribiako hirian, Gaztelako
kondestablea Iñigo Fernandez de Velasco buru zutelarik, eta etsi
ziren gaskoi eta nafar gerlariak martxoaren 25ean. Bi urte terdi
horretan Nafarroako bandera gorria zegoen gazteluan, ez Frantziako erregearena.
Karlos V.aren agindupean gaztelua zabaldu eta handitu zen, bolbora erabilerari
egokituta gaurko itxura hartuz. Fuerte bat eta jauregi batez osaturik
zegoen eraikina, Erdi Aroko gaztelua estaliz. Terrazak artilleria jartzeko
prestatu zituzten, Bidasoaren beste ertzera begira. Erregeak berak gotorlekua
ikuskatu zuen 1539an, Flandesera zihoala.
Hurrengo mendeetan, Hondarribiak, Euskal Herria osoa bezala, jasan behar
izan zituen aldamenetako bi erresumen arteko talkak. Horrela, 69 egun
luzez frantsesek setiatu zuten hiria, 1638an. 1719an Berwick-ko dukeak
eta 1794an Konbentzioko gerlariek hiria bereganatu zuten.
1659an Pirinioetako Bakea izenpetu zen Bidasoa ibaian dagoen Faisaien
edo Konferentzi uhartean, Espainia eta Frantziako gorteak bilduz. Horren
ondorioz Espainiako Felipe IV.aren alaba, Teresa de Austria, Frantziako
Luis XIV.arekin ezkondu zuten 1660an. Bezperan, aita eta alaba gazteluko
jauregian ostatu hartu zuten.
XVIII. mendearen bukaeran gaztelua baztertu zuten erabat. XVI.etik aurrera
herria bera zen gotorlekua eta gaztelua laguntzaile gisa agertzen zen.
Orduko hainbat agirietan, esate baterako, Gobernadorearen gaztelua esaten
zioten, han bizi baitzen erregearen ordezkaria. Kuartela gisa ere erabiltzen
zuten eta 850 ohe omen zituen. Baina Hondarribia muga zaintzarako garrantzia
galtzen ari zen, defendaezin bihurtzen baitzen Jaizkibelgo maldetan
kanoiak jarriz gero, eta horrekin batera gaztelua egitekorik gabe geratzen
zen. Madrileko eta Pariseko agiritegi militarretan XVI-XVIII. mendeetako
Hondarribiari buruzko hainbat txosten, plano eta marrazki geratu dira.
Militarrek 1847an udalari eman zioten gaztelua eta 1968. urtetik ostatu
gisa atondu dute, Karlos V.a izenarekin.
Egungo ostatuaren barruan Erdi Aroko gazteluaren aztarnak daude, gaurko
eraikina baino dezente txikiagoa zena. Gotorlekuaren jatorrizko egiturak
oinplano angeluzuzena zuen, oinplano biribileko dorrez hornituta izkinetan
gazteluaren barruti aldera zabaldurik, eta ziurrenik dorre nagusi bat
erdian, Nafarroako XII. mendeko gazteluaren eredu bati jarraituz.
Kubo haietariko bat besterik ez zen gordetzen, hego-ekialdeko izkinakoa.
Baina 1990.eko hamarkadaren indusketei esker, bigarren dorre baten oinarriak
agerian daude, ipar-ekialdekoa. Ostatuaren barruko hormetan igar daiteke
guztira lau kubo egon zirela, beste arrastorik agerian ez badaude ere.
Egungo fatxada nagusia, mendebaldekoa, karratua eta laua, Karlos V.aren
berrikuntzaren ondorioa da eta garai hartako gotorlekuari dagokio. Sendoa,
hiru metroko lodiera, hainbat gerretako kanoikadaren markak gorde ditu
eta ikusten den armarria, enperadorearena da.
Bibliografia osagarria:
- Izagirre Iñigiz, Martin. Cartografía antigua
y paisajes del Bidasoa. Irun, 1994.
- Portu, Florentino. Hondarribia: notas históricas y
curiosidades. Donostia, 1989.
- Iñaki Sagarzazuk gidatutako indusketaren aipamena Carlos
V.a Paradorea (Hondarribia) izenburuz. Arkeoikuska-1991, 184-185.
orr.
|