 |

Mendikute
esaten zaio izen bereko mendiaren goialdean dagoen eraikin bati,
815 metro i.m.g., Ernio mendizerrako hego-mendebaldean, Albiztur
herriaren gainean. Erdi Aroko izena ziurtasun osoz jakiterik ez
dagoenez, mendiarena ematen zaio. Ximenez de Rada Gaztelako erregearen
kronikariak 1199-1200. urteetan Alfontso VIII.ak eskuratutako
gotorlekuen artean aipatutako Arzorociam gaztelua egozten
diote Mendikutekoari eta aukera horren alde haitzaren behealdeko
Aitzurtzi erreka aurkezten da. Eztabaida ez dago inolaz ere itxita.
|
XX.
mendean zehar eginiko hainbat indusketek, adituek eta altxor-bilatzaileek
eginak, eta 1936ko gerraren erabilerak, zaildu dituzte 1992-97 azterketen
emaitzak. Aurkitutakoen artean nabarmentzekoa da txanpon multzo txiki
bat, Erdi Aroko gotorlekuaren erabileraren iraupenari buruzko erreferentzia
baita, XII. mendetik XIV. mendera. Gotorlekua XIV. mendearen bigarren
laurdenean baztertu zela dirudi eta XIII. mendearen bukaeran edo XIV.
horren hasieran, goiko barrutian berregituraketa sakon bat egin zutela
ondorioztatu dute. Behar bada, leinuen arteko borrokak zirela eta, gaztelua
berrerabili zuten.
Txanponez gain, Mendikuten 2.000 aztarna baino gehiago erroldatu dituzte.
Militar arrastoak (lantzak, geziak, sastakaiak, balezten gakoak
),
eraikuntzakoak (mota batzuetako iltzeak
), janzkerakoak (gerriko-belarriak,
grapak, apaindurak
), tresnak (zeramikoak, hezurrezkoak
),
aisialdikoak (fitxak, dadoak
) eta jakien hondakinak (hezurrak)
jaso egin dituzte. Metal nobleko apaingarrien artean bereziki aipatu
behar dira aurkitutako 8 milimetroko iltze buruxapal edo botoiak, armarri
batekin bozelduak. Ziurrenik janzkera militarrei dagozkie, eta grabatutako
ilgora etzanak garai batean zein leinuen esku zegoen gaztelua argitzeko
bidea izan daiteke.
Egun,
bi barruti agertzen zaizkigu, goikoa eta behekoa. Goikoa edo nagusia
tontorraren goialde osoan zehar hedatzen zen eta oinplanoa heptagono
irregularra da. Gehieneko luzera, inguruko harresia barne, 23 metrokoa
da gutxi gora-behera eta gehieneko zabalera 16 metrokoa. Inguru osoan
harresiak iraun du eta kanpotik begiraturik 3 metroko garaiera hartzen
dute aztarnek oraindik zenbait puntutan. Hormatal baten aztarnetan 2
metroko lodiera neurtu da. Bi sarrera omen zituen esparru horrek, ekialdeko
eta mendebaldeko muturretan. Azpimarratzekoak dira patina angeluzuzenaren
aztarnak, lur azpikoa ia oso-osorik baitago. Barrutiko bazter batean,
sukalde arrastoak aurkitu dituzte eta haitz landua ikusita, barruti
horren erdian oinplano biribileko dorre nagusia egon zitekeen.
|
 |
Beheko
esparrua, oinplano angeluzuzenekoa, xumeagoa da aztarnen ikuspuntutik.
Harresi batek marrazten du esparrua alde batean eta gainontzeko guztia
gaztelu bera eta haitza dira. Dirudienez, beheko esparru hori laguntzailea
zen bere garaian, agian zalditegiari eskainita nahiz eta gazteluaren
eremuan egon.
Baina gazteluaren bi barruti oso indusi ondoren ez dago jakiterik gazteluaren
egitura nagusia. Horretaz gain, mendiaren iparraldeko maldan hiru hesi,
ezponda edo murru daude eta horietako bi zaharrak izan daitezke. Malda
horretan gazteluak babestutako herrixka edo gazteluak sortutako etxe
talde bat zegoen edo ez argitzeke dago. Inguruetan ere argitu behar
dira zilarrezko meategiei buruzko kondairak eta aipamenak eta Intxaurbe
izeneko galtzadaren jatorria. Mendikute izena bera ere interesgarria
da, latinetik baitator Koldo Mitxelenaren iritziz: Mons acutum,
mendi zorrotza. Albiztur izenean ere -tur bukaera, turretik
omen dator, dorrea, beraz Albiz dorrea.
Guzti horrek zalantza ugari sortzen ditu gazteluaren egitekoari buruz,
orain arte artzaintzari bakarrik lotu baitzuten. Ernio mendizerrako
larreaz gain, gertu zihoan abelbide bat Aralar, Zarautz eta Donostiako
inguruko itsasertzeko belardien artekoa.