Errenteriako Udalak 78 hegazti-espezie habiagileen inbentarioa egin du Aranzadiren ikerketa bati esker

2021/04/29

Errenteriako Udala, Aranzadiko ornitologia sailarekin elkarlanean, udalerriko hegazti habiagileak protagonista dituen ikerketa zientifikoa burutu zuen iaz. Ikerketa horrek 2016-2020 epealdia hartzen du, eta helburu nagusia hegazti-espezieen inbentarioa egitea eta horien banaketa ezagutzea da.

Errenteriako udalerriak 32,26 km2-ko azalera du, eta horren zati bat Euskal Herriko biodibertsitatea kontserbatzeko interes handia duten natura-guneak dira. Hori da, zehazki, Natura 2000 Sarean kokatuta dagoen Aiako Harriko Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) kasua. Eta hala ere, gaur egun, Errenteriak ez du udalerrian ugaltzen diren hegaztien inbentario zehatzik, ez aberastasunari dagokionez (espezie kopurua), ez espezieen espazio-banaketari eta haien ugaritasunari dagokienez ere.

Ikerketaren emaitzak

Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia-talde batek Errenteriako egoera ornitologikoa bere habitat ezberdinetan aztertzeko aurretiazko ikerketa bat egin du: basoak, sastrakak, ibaiak, harkaitzak eta belardiak. 2016-2020 epealdian, udalerrian habiak egiten dituzten 78 hegazti-espezieren 2.109 aipamen jaso dira. Espezie horien artean, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan “bakan” gisa katalogatutako batzuk daude, hala nola: Arrano txikia, Okil beltza, Belatz handia edo Zuhaitz-belatza. “Arriskuan” katalogatutakoen aipamenak ere aurkitu dira: Miru gorria.

Ornitologia Saileko zuzendari den Juan Arizagak adierazi zuenez, aurretiazko ikerketa bat izan da, eta lortutako datuek agerian utzi dute udalerri honek biodibertsitatean eta hegazti-faunaren aberastasunean duen potentziala. Honenbestez, Arizagak azterketa sakonago baten garrantzia azpimarratu du, hegazti habiagileen inbentario zehatzagoa egiteko eta, horrela, kontserbaziorako lehentasunezko guneei buruzko informazioa lortzeko.

Hegaztiak ornodunen multzorik ugarienetakoak dira, eta habitatetan ematen diren aldaketei azkar erantzuten diete. Bioaniztasunerako aterki-espezieak direnez, eta zentsoen bitartez haien banaketa- eta ugaritasun-ereduak erraz kuantifika daitezkeenez, beste fauna- eta flora-espezie batzuen biodibertsitatearen adierazleak dira. Testuinguru honetan, hegaztiak eta haien habitata babestea gainerako organismoentzat ere onuragarria da. Ondorioz, hegazti-faunaren kontserbazioaren bidez, biodibertsitate osoaren babesa sustatzen da.

Era berean, proiektuaren beste helburu bat herritarren artean hegaztiak identifikatzeko trebakuntza erraztea da. Horregatik, zientzia honetan hasi nahi duten pertsonentzat hegaztiak identifikatzeko eta behatzeko ikastaroak emango dira. Herritarrei zuzendutako Ornitho Euskadi zientzia atariarentzako ere espezieen behaketari buruzko trebakuntza-ikastaroak izango dira.

Argazkia: Juan Arizaga

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net