Home

XXVIII. Europako Historiaurreko Arku eta Bultzagailuzko Tiro Txapelketa San Adrián-Leizarrate 2018 Ekitaldia

San Adrián-Leizarrateko koba Aizkorri mendilerroan (Gipuzkoa, Euskal Herria) 1.000 metroko altitudean dagoen tunel naturala da, eta Historiaurretik hona Iberiar Penintsula eta Europa bitarteko igarobide estrategikoa izan da.

Erdi Aroan, koba zeharkatuz galtzada-bide bat eraiki zen Gaztelako eta Frantziako erresumak lotzeko. Bere garrantziren ondorioz, Donejakue bidea bihurtu zen eta koba aldi ezberdinetan gotortua izan zen, azkenean, XIXgarren mendea bukatzean, erabat utzia izan zen arte.

San Adrián-Leizarraten eraikin eta egitura hauen hondakinak ikus daitezke gaur egun ere, nahiz eta eraispenak kobak gordetzen duen historiaurreko balioa ezkutatu duen.

2008an Aranzadi Zientzi Elkarteak San Adrián-Leizarrate kobaren ikerketa arkeologikoa hasi zuen, bertako ondare arkeologikoa baloratu, aztertu eta balioan jarri ahal izateko. Egitasmo honi esker, historian zehar koban egindako egonaldi ezberdinak ezagutu ahal izan ditugu, Historiaurreraino iritsiz.

Indusketa eta zundaketa arkeologikoen bitartez Brontze Garaiko egonaldiak aurkitu ahal izan dira, Gipuzkoan ezagutzen den aldi hartako bizitokirik garrantzitsuena San Adrián-Leizarrate izanez. Bertan aurkitu diren egiturak, zeramika zatiak, harrizko tresnak, hezurrak eta landare-hondakinak, garrantzia handikoak dira nekazari eta abeltzain hauen bizimodua eta ingurumena ezagutzeko.

Are gehiago, duela gutxi Brontze Garaiko geruzen azpian egonaldi zaharragoak ere aurkitu dira, azken glaziazioaren bukaerakoak hain zuzen (12.000 urte K. a.). Aldi hotz hartan, Magdalen Aldiko ehiztari-bilketariek utzitako aztarnak (harrapakinen hezurrak eta harrizko tresnak) Ebro ibarraren eta Kantauri kostaldearen arteko bizimodu ibiltariaren lekuko dira.

Txapelketa Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aitzbitarteko Lagunak eta Ekainberri museoak antolatu dute, Zegamako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailak, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusiak babesturik.