Araudiak

1.- Helburuak

Historiaurreko arma-jokoak, Historiaurrean zehar ehizarako nahiz gudarako egindako jaurtigai-armak erabiltzen dituzten kirol probak dira (Historiaurrea metalen eta idazketaren aurreko aldia bezala ulertzen da hemen). Honako arautegiak, lehiaketan onartuak ahal izateko, materialek bete beharko dituzten adostasun arauak ezartzen ditu. Proba hauek ez dute inolako esperimentazio zentzurik, eta ez dute islatzen Historiaurreko ehiza edo materialei buruzko egungo ezagutza zientifikoa. Gehieneko asmoa hau da: lehiakideak Historiaurrean murgil daitezen eta materialak orduko teknikak jarraituz egin ditzaten. Europako txapelketan zehar bi proba mota egiten dira: ituari tiroa arkuaz, eta ituari tiroa bultzagailuaz.

2.- Parte-hartzaileak

Edonor, adin, sexu edo nazionalitateko bereizketarik gabe, Europako Historiaurreko Arku eta Bultzagailuzko Tiro Txapelketan parte hartzera onartua dago, proba bakoitzean parte hartzeko 4 € ko inskribatze-eskubidea ordaintzeko eta aseguru-estaldura edukitzeko baldintzak betetzen dituen artean. Inskribatze-eskubide hori goizez antolatzaileari ordaindu beharko zaio, diru horrek antolakuntzaren kosteak ordaintzeko balioko duelarik, hain zuzen: gonbidapenak, ituak, inskribatze-orriak, emaitzen orriak eta diplomak. Parte-hartzaileak aukera dezake zein probatan parte hartu nahi duen.

Parte-hartzaileek lehiaketaren antolatzaileari bidali beharko diote inskribatze-orria identifikazio datuak modu egokian adieraziz eta sinaturik. Antolatzaileak, azken orduko inskribapenen kasuetan, inskribatze-prezioak garestitzeko edo inskribapenak ukatzeko eskubidea izango du (Lehiakideok: pentsa ezazue zer nolako arazoak sor daitezken ostatua eta otorduak antolatzeko)

3.- Definizioak eta adostasuneko arauak

materialen forma eta neurriak libreak dira (kontrakoa zehazten ez den bitartean) eta norberaren iritziaren arabera uzten dira. Hala ere gomendagarria da, ahal den neurrian, adibide etnografiko edo arkeologikoetan oinarrituak izatea. Metalak, plastikoak, material sintetikoak eta hauen deribatuak formalki galaraziak daude. Horrela bada ere, arrazoi praktikogatik kola eta itsasgarri modernoak baimentzen dira. Gainera, erabilitako teknikak Historiaurreko ahalmen teknikoekin bateragarriak izan behar dira (horrek ez du makina eta tresneria erabiltzea galarazten, antzeko emaitzak iraganeko tekniken bidez lor baldin badaitezke). Hauste arriskua aurreikusirik, parte-hartzaileek badaezpada ordezko materiala eraman dezakete, baina ordezkoak material originalak bezalako baldintzak bete beharko ditu. Probaren batzorde antolatzaileak materialak (originala eta ordezkoa) adostasuneko baldintzak betetzen dituela baieztatzeko ahalmena izango du. Jaurtitzaile baten materialak baldintza hauek betetzen ez baditu ere, parte-hartzaileak ekitaldiaren probatan (arku eta bultzagailua) parte hartu ahal izango du, baina berak lortutako emaitzak ez dute baliorik izango ez ekitaldiaren ez Europako txapelketaren sailkapenetan.

Jaurtiketen emaitzetan nahasketak saihesteko, parte-hartzaile bakoitzak bere materiala eraman beharko du, norberaren abizenaz argi markatuta, eta beharrezkoa den kopuruan lehiaketa erritmo onean segi dadin. Jaurtigaia ezin da itutik atera, emaitza taldekide guztiek zalantzarik gabe onartu eta idatzi arte, edo bestela jaurtiketa baliogabetua izango da. Segurtasunari begira, eta lehiaren maila bermatzeko, jaurtitzaileei gutxieneko esperientzia eta trebetasuna eskatzen zaie.

3A. Azagaia (bultzagailu batez jaurtitako azkonak)

Material naturalez osatutako haga luze eta mehea, pieza batez edo gehiagoz egina, zuzenean zorroztua, edo muturrean egurrezko, hezur/adarrezko edo harrizko puntaz armatua izan daitekeena. Jaurtigai hau luma naturalez egindako lema batekin hornitu daiteke. Azagaiak, lehenengo 20 zentimetrotan puntatik hasita, 19 mm baino gutxiagoko diametroa eduki behar du.

3B.- Bultzagailua

Azagaia moduko jaurtigaiak bultzatzeko arma, sekzio libreko xafla edo haga naturalaz osatua. Muturrean euskarri sistema batez hornitua dago (kako, ezproi edo “cul de sac” modukoa) jaurtigaiaren atzea eutsi ahal izateko, eta aurrean eskuz heltzeko moldatua dago. Euskarri sistema hori hagaren gorputzean landua edo beste pieza batez osatua izan daiteke. Kasu honetan, bi piezak elkartzeko erabiltzen diren itsasgarriak edo lokarriak Historiaurrean erabili zitezkeenekin bateragarriak izan behar dira.

3C.- Arkua

Geziak jaurtitzeko arma, pieza bakarrez edo gehiagoz osatua, material natural bakarrez edo anitzez egina (arku konposatuak), helduleku batez eta bi palaz osatua dagoena. Bi pala horiek malguak dira eta puntetan hozka bana izan dezakete. Xafla itsatsiez egindako arkuak galaraziak daude. Heldulekua eta palen muturrak elementu naturalez indartuak izan daitezke. Arkua lokarri bakar batez bandatzen da, bi palen muturrei lotuta. Jaurtitzeko, arkua heldulekutik eusten da esku batez, eta beste eskuko behatzekin sokari tira, eutsi eta askatu egiten zaio. Lokarria zuntz naturaleko hainbat hariz osatua izan behar du, eta palen hozketan sartzeko edo gezia finkatzeko lokarriari sendogarriak jarri dakizkioke. Edozein motako lagungarri optikoak galaraziak daude. Nahiz eta adibide arkeologikoetan ezaguna ez izan, heldulekuetan gezientzako jarlekuak egitea onartzen da, material naturalaz egiten badira.

3D.- Gezia

Lehengai begetaleko hagaz egindako jaurtigaia, oinean hozka nabarmena eta luma naturalezko lema izan ditzakeena, eta muturra armaturik izan dezakeena egurrez, hezur/adarrez edo harriz egindako punta batekin.

4.- Proben antolaketa eta garapena

Ituak “ehiza ibilbide” baten zehar ezarriko dira. Ibilbidean 10 itu jarri daitezke, 3 txanda eginez, edo 30 itu bakoitzean jaurtiketa behin eginez. Parte-hartzailek ibilbide osoa bete beharko du, kasu bakoitzean jaurtigai bana botaz eta denera 30 jaurtiketa egin arte. Ekitaldiaren antolatzaileak ibilbidea bere irizpidearen arabera diseina dezake jaurtiketen kopurua, ituen neurriak eta distantziak errespetatzen diren bitartean.

4A

Itu bakoitzaren jaurti-lekua hesola batekin edo hirurekin markatuko da (antolatzaileak 3 txandako ibilbidean jaurti-leku ezberdinak ezarri nahi baditu). 3 hesolak badira, hirurak itutik distantzia berdinera egon beharko dira, beheko taularen neurriak jarraituz 50cm-ko aldearekin. Hesolak ezin dira lurretik 25cm baino behiago atera jaurtiketa ez oztopatzeko. Jaurtiketa erosoa egin ahal izateko (batez ere bultzagailuaz), jaurti-lekuaren atzean 1,5m-ko tartea libre utziko da. Jaurtitzean hesola oin batekin ukitu behar da, gorputza hesolaren atzean mantenduz.

4B

Ituek kolore neutroko irudiak izan behar dituzte, eta 5 eraztun konzentrikotan banatuko dira, 1, 2, 3, 4, eta 5 puntuko balioa izango dutenak kanpotik erdira zenbatuz. Eraztun konzentriko hauek zenbait abereen irudiekin hornituak egongo dira, ehiza- harrapakinak irudikatzeko zentzu sinboliko hutsean. Ituaren erdia kolore ikusgarriaz nabarmendua izan behar du. Eraztun konzentrikoen ertzak marra xinple batez markatuko dira. Jaurti-lekutik ituaren eraztun guztiak osorik ikusi beharko dira. Antolatzailearen ardura da jaurtiketei behar adineko lekua uztea, eta ituen inguruko 2m- ko tartean landarerik edo oztoporik ez egotea

4C

Jaurtiketen distantziak ondoko taulan azaltzen dira. Haurrek gertuagotik jaurtitzeko aukera izango dute.

Distantzia heldua Distancia haurra Zirkuluen diametroa
PT 1ko zona 2 PTko zona 3 PTko zona 4 PTko zona 5 PTko zona
8 m. 8 m. 40 cm. 32 cm. 24 cm. 16 cm. 8 cm.
10 m. 9 m. 50 cm. 40 cm. 30 cm. 20 cm. 10 cm.
12 m. 10 m. 60 cm. 48 cm. 36 cm. 24 cm. 12 cm.
14 m. 11 m. 70 cm. 56 cm. 42 cm. 28 cm. 14 cm.
16 m. 12 m. 80 cm. 64 cm. 48 cm. 32 cm. 16 cm.
18 m. 13 m. 90 cm. 72 cm. 54 cm. 36 cm. 18 cm.
20 m. 14 m. 100 cm. 80 cm. 60 cm. 40 cm. 20 cm.
22 m. 15 m. 110 cm. 88 cm. 66 cm. 44 cm. 22 cm.
24 m. 16 m. 120 cm. 96 cm. 72 cm. 48 cm. 24 cm.
26 m. 17 m. 130 cm. 104 cm. 78 cm. 52 cm. 26 cm.

4D

Jaurtitzaile  bakoitzak  itu  guztietan  lortutako  puntuazioa  emaitza-orri  batean idatziko da. Bertan, parte-hartzaile bakoitzaren deitura, izena eta kategoria azalduko da, H (gizona), M (andrea), I (haurra) edo FC (kategoriaz kanpo) seinalatuz. Haurren kategorian urtarrilaren lehena arte 14 urte bete ez dituztenak sartzen dira.

Puntuazioan ituetan sartutako jaurtigaiak kontatuko dira soilik. Jaurtigaiak bi eraztunen arteko marra ukitzen badu, orduan puntuaziorik altueneko eraztuna kontuan hartuko da. Errebotez sartutako jaurtiketak ere kontuan hartuko dira, jaurtiketa arrunta izan balira bezala. Jaurtiketak itua alderik alde zulatzen duenean, ezin bada puntuazioa egiaztatu, orduan jaurtiketa errepikatu egin beharko da.

Sailkapena ondoko formularen arabera egingo da:

Ituetan talkak (denera)
Jaurtiketak (denera)
x Lortutako puntuak (denera)
Lor daitezken puntuak (maximoa)
x 100

Adibidea: parte-hartzaile batek 30 jaurtiketa egin ondoren 20 aldiz talka egiten badu eta 90 puntu lortzen baditu, bere emaitza hauxe izango da:

20
30
x 90
150
x 100 = 40

5.- Segurtasuna eta aseguruak

Antolatzaileak parte-hartzaileen eta ikusleen segurtasuna bermatu behar du ibilbidea diseinatzean. Parte-hartzaileek jaurtiketak kontu handiz egin beharko dituzte, eta edonolako arriskua izatekotan ezingo dute jaurtiketarik egin.

Parte-hartzaile bakoitzak pertsonei edo ondasunei eragindako kalteen erantzukizuna onartzen du, eta hortaz jabetzen den konpromisoa sinatu beharko du bere inskripzio- orrian. Gutxienez ekitaldi batean parte hartzen duen pertsona bakoitzak, arkua eta bultzagailua erabiltzean sor daitezkeen arriskuen kontrako aseguru pertsonala eduki behar du.

Adingabekoek guraso edo tutoreek sinatutako agiria aurkeztu beharko dute, non helduek kalte guztien erantzukizuna onartzen duten

6.- Jaurtiketa-taldeen osaketa

Jaurtiketa taldeak gutxienez 5 eta gehienez 8 parte-hartzailez osatuko dira. Taldeen osaketa zozketaz erabakiko da, ekitaldien arteko aniztasuna bultzatzeko asmoarekin. Parte-hartzaileen kopurua hala eskatzen badu (>80) antolatzaileak taldeetako kide kopurua handitu dezake ekitaldia arintzeko eta taldeak hobeto banatzeko, pilaketak saihestuz.

7.- Arbitratzea

Arbitratzea taldeko parte-hartzaileen artean egingo da, eta hauek lehia zuzenean elkar kontrolatuko dira. Eztabaida izanez gero antolatzailearengana joko da, haren erabakia atzera bota ezina delarik.

8.- Sailkapena

Europako Historiaurreko Arku eta Bultzagailuzko Tiro Txapelketako ekitaldi guztietan kategoria (helduak, haurrak) eta proba bakoitzeko sailkapenak egingo dira. Europako sailkapen orokorrean, parte-hartzaileak ekitaldietan lortutako hiru puntuazio onenen batezbesteko emaitza kontuan hartuko da. Gutxienez hiru ekitalditan parte hartzen ez duten jaurtitzaileak ez dira kontuan hartuak izango Europako sailkapenean.

Ekitaldi bakoitzeko eta urteko txapelketa orokorreko sailkapenak egiteko, lehiakide bakoitzari eskatzen zaio bere izen osoa eta bi abizenak ematea puntuazio-orrietan (gaitzizenak ekidin). Antolatzaileek talde eta froga guztien orriak (arkua, bultzagailua eta Isac) gorde beharko dituzte urteko txapelketa bukatu arte, eta ekitaldi bakoitzeko sailkapenak txapelketako idazkariari bidaliko dizkiote bi asteko epean. Txapelketako idazkariak email bitartez bidaliko dizkie parte-hartzaileei ekitaldiaren puntuazioak berraztertu ahal izateko, eta egon litezkeen akatsak idazkariari email bitartez jakinarazi beharko zaizkio beste bi asteko epean. Beharrezkoa izanez gero, txapelketako idazkaria ekitaldiko antolatzaileekin jarriko da harremanetan sailkapena zuzentzeko.

9.- Konpromisoa

Europako Historiaurreko Arku eta Bultzagailuzko Tiro Txapelketan parte hartzeak araudi hau onartzea dakar berekin. Batzorde antolatzailearen erabakiak atzera bota ezinak dira.

10.- Zuzenketak

Arrazoi partikularrengatik araudiaren aldaketak proposatu nahi dituen antolatzaileak, txapelketaren idazkaritza ohartarazi beharko du eta aldaketak lehiakideei bidalitako gonbidapenetan azaldu beharko dira.

11.- Proba osagarriak

Antolatzailearen esku dago beste motako probak ere antolatzea (adibidez World Atlatl Association doitasun proba). Proba horietarako jaurtigaiak prestatzea parte-hartzaileen ardura izango da, antolatzaileak jarritako baldintzak betez.