Artxiboa

Aranzadi Elkartearen Artxibo Nagusiak du Aranzadik bere ibilbide historikoan sortutako dokumentu-ondarearen zaintza, antolakuntza, deskribapen, gordetze eta zabaltzearen ardura. Gure lana gure memoria historikoari eustea da gizarte osoari ezagutzera emateko eta geroko belaunaldiek erabili eta disfruta dezaten.

Gure baitan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak eta Kultura Ministerioak jarritako laguntza eta konfiantzari esker, Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat proiektutan dihardu dokumentu eta argazkien artxibo-sistema bat ezartzeko.

Dokumentu Artxiboa

Aranzadi Zientzia Elkartearen Artxibo Nagusian, Elkartean 1947ko sorreraz geroztik gaurdaino sortu eta hainbat jardueren lekukotza ematen diguten gure funtsak zaintzen ditugu. Natur zein Giza Zientzien arloan burututako ikerlanei buruz gordetako dokumentazioak garrantzi berezia du. Horrek Elkartearen sorrerara garamatza, adibidez, historiaurreko ikerketen aitzindarietako bat izandako Jose Miguel Barandiaranek egindako arkeologia-lanen txostenetara.

Aranzadiren artxiboan, aparteko sarreren bidez (batzuetan dohaintzan, beste batzuetan gordailu moduan) heldutako beste funtsa batzuk ere gordetzen ditugu. Gordailu baten adibide dugu Jesús Elósegui Irazusta Bilduma, gehienean argazkiz osatuta (positiboak zein negatiboak), baina baita dokumentazio eta objektu pertsonalez eta profesionalez ere. Funtsa hori Aranzadi Zientzia Elkartearen Artxibo Nagusian dago biltegiratuta Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Lazkaoko Beneditarrek 2005ean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.

Artxibo Nagusian biltegiratutako dokumentazioa erabilera publikokotzat hartzen da, nola barne-kontsultetarako hala kanpokoetarako, salbu eta Datu Pertsonalak Babesteko 15/99 Lege Organikoak, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak murriztutako puntuetan. Erabiltzaileek ezarritako kontsultarako prozedurak (.PDF) bete behar dituzte, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Artxibo Zerbitzuarekin harremanetan jarri.

Argazki-artxiboa

Aranzadi Zientziak Argazki Funts garrantzitsuak ditu eta bereziki Gipuzkoa eta Euskal Herriko kultura- eta zientzia-munduari lotuta daude. Gainera, oro har, kulturaren memoriarako iturri garrantzitsua dira, ugari baitira Elkartearen hastapenetik beste autonomia-erkidego eta herrialdeetako instituzioekin eta laguntzaileekin lankidetzan egindako proiektuak.

Argazki-fondo guztien helburuak kontserbazioa eta zabalkuntza dira. Printzipio horiek helburu hartuta, Aranzadi Zientzia Elkartea bere argazki-funtsak antolatzeko lanean dabil sartuta buru-belarri. Digitalizazio eta katalogazio digitaleko lanek lehentasun berezia dute, baita gordetako argazki-materiala eta heltzen doan berria kontserbatzeko planek ere.

Bildumak

Gure Gipuzkoako Jesús Elósegi Bilduma

Aranzadi Zientzia Elkartearen bazkide sortzaile eta argazkilari profesional izandakoaren artxiboa (ikus Jesús Elósegui Irazusta Bilduma). 2002tik, Aranzadi Zientzia Elkarteak “Jesús Elósegui Irazusta Argazki Bilduma” digitalizatu du. Argazki-bilduma hori digitalizatzea Aranzadi Zientzia Elkartearen sorreratik bazkide adierazgarrienetako bat izandako Jesus Elosegui Irazustaren omenezko ekintza izan da.

Lan-prozesu horren bidez, egun web-orri honen eta www.guregipuzkoa.net webgunearen bidez kontsulta daitezkeen 18.000 irudien digitalizazio-lanei akabera eman diegu. Kopia bat eskuratzeko, erabiltzailea Aranzadi Zientzia Elkartearen Artxibo Zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan.

Joaquín Gómez de Llarena Funtsa

Elkarteko geologoa eta bazkide nabarmena hasieratik. 2003. urtean, Universidad Complutenseko Geologia Zientzien fakultateko Estratigrafia Sailak Joaquin Gomez de Llarena irakaslearen ondasun zientifikoaren zati bat laga zion gordailuan Aranzadiko Geologia Sailari.

Biltegiratutako materialen artean, 24 x 36 mm-ko 6 pelikulen bobina-kaxa dauzkagu 1934-1957 epea biltzen dutela, Euskal Herriko gai-erreferentziei buruzkoak. Egun, funts hori dokumentatzeke dago.

Dionisio Martiarena Lekuona Funtsa

2009 irailean, 1928tik 1979ra Oiartzungo San Esteban parrokiako sakristau izandako Dionisio Martiarena Lekuonaren argazki-funtsa biltegiratu genuen Aranzadi Zientzia Elkartearen Artxibo Nagusian. Garai horretan, Gipuzkoako Oiartzun herriaren erretratu batzuk egin zituen, eta garai hartako eguneroko ohiturei eta gizarteari buruzko informazio-iturri joria dira. Une honetan, funts hori dokumentatzeke dago..

Sailak

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net