Aranzadi Zientzia Elkarteak Lorategi Botanikoen Elkarte Ibero-makaronesiarraren XVIII. Kongresuan parte hartu du
Botanika / Habitaten zein espezieen kontserbazioa eta errestaurazioa
Asteartea, 2026eko ekainaren 16a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Gasteizko Olarizuko Lorategi Botanikoan egindako topaketak adituak bildu zituen, landare-biodertsitatearen kontserbazioari eta bilduma botanikoen balioari heltzeko.
Ekainaren 9tik 12ra, Lorategi Botanikoen Elkarte Ibero-makaronesiarraren (AIMJB) XVIII. Kongresua egin zen Gasteizko Olarizuko Lorategi Botanikoan. Topaketak botanikaren arloko profesionalak eta adituak bildu zituen, ezagutzak partekatzeko eta lorategi botanikoek landare-biodertsitatearen kontserbazioan duten papera balioesteko.
Kongresuaren edizio honek arreta berezia jarri zuen bilduma botanikoak kontserbatzeko baliagarritasunean eta nolakotasunean, landare-aniztasunari buruzko informazio- eta ezagutza-iturri nagusia baitira. Era berean, esplorazioa, ikerketa eta ezagutza botanikoaren zabalkundea bultzatzen jarraitzeko garrantzia nabarmendu zen, landare-espezieak, zerbitzu ekosistemikoak eta ematen dituzten ondasunak babesteko funtsezko tresna gisa.
Jardunaldietan, landare-ondarearen balioa gizarteari helarazten eta hurbiltzen jarraitzeko ardura ere azpimarratu zen, landareen garrantzia eta haien kontserbazioa transmititzea ahalbidetuko duten konexio- eta dibulgazio-espazioak sortuz.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailaren izenean, Maialen Arrietak eta Ana Irene Garcíak parte hartu zuten. Maialen Arrieta Añanako Gatz Haranean garatutako Landare Kontserbazioko lanei buruzko aurkezpen baten egilekidea izan zen. Proiektu honen helburua ingurune horretako flora babestea eta aztertzea da. Bestalde, Ana Irene Garcia del Bao Salbururako txango zientifikoan parte hartu zuen, eta bera arduratu zen Ranunculus lingua espeziearen aipamen berria azaltzeaz, aurkikuntza honen garrantzi botanikoari eta interesari buruzko informazioa eskainiz.