Scientist Stories

Aranzadiko emakumeak: Mª Pilar Urkia

Mª Pilar Urkia 1984an hasi zen Aranzadin lanean. Lankide batek hutsik geratzen zen administrari plazara aurkeztera animatu zuen, eta plaza hori bete zuen erretiroa hartu zuen arte.

Lana oso anitza zen, eta horrek, oso erakargarri egiten zuen. Jendeari eta elkarteko kideei kasu egin behar zitzaien, norbaitek deitzen zuenean berak artatzen zuen hasiera batean. Elkartearen administrazioa eta kontabilitatea ere eramaten zituen. Datu eta prozesu guztiak informatizatzeko garaia bizi izan zuen; gogoratzen du lanean hasi zuenean informazio guztia paperezko fitxetan zegoela eta berari tokatu zitzaion dena aldatzea. Elkartearekiko inplikazioa handia izan da hasieratik, eta beti prest egon da edonori edozertan laguntzeko.

Bazkide aktiboen helburu bat elkartea ezagutaraztea da, baita departamentuetan egiten den lana ere. Horretarako modu bat sailetatik bazkideentzako txangoak antolatzea izan zen. Eskuorriak prestatzeaz gain, parte-hartzaileen zerrenda egin behar zen, eta M. Pilar izan zen erreferentziazko pertsona bazkidearekin harremanetarako. Txango guztietan lagundu eta parte hartu zuen. Unibertsitatearekin antolatu ziren lehen praktiken hitzarmenaren kudeaketan ere lagundu zuen. Elkartea handitu egin da eta lan egiteko modua aldatu egin da, baina, bazkide eta ikertzaile askorentzat, M. Pilar lan onaren eta konpromisoaren erreferentea da.

M-8ari buruz galdetu diogunean, zera erantzun digu: Nire garaian Aranzadin emakume garrantzitsuak eta beraien sailetan liderrak zeuden. Elkarteko lehen presidente emakumea ezagutu genuen. Garrantzitsua da emakumeen lanari balioa ematea esparru guztietan, baita gure elkartean ere. Oro har, asko aurreratu bada ere, askotan oharkabean pasatzen da emakumeen lana eta ekarpena. Badago oraindik berdintasuna aldarrikatzeko arrazoirik.