Artziko terma erromatarrak publikoari zabalik, kontsolidazio eta musealizazio lanak burutu ondoren
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2024eko otsailaren 7a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta Artzibarko Udalak bultzatu dute, hamarkada bateko ikerketen emaitza dena
Artziko terma erromatarrak otsailaren 7tik aurrera bisita daitezke. Ikerketa arkeologikoetan hamarkada bat eman ondoren, 2023an Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak, Artzibarko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, gune hau kontsolidatu eta musealizatu du. Jarduera horien helburua da Iter XXXIV galtzada erromatarrean zegoen eta Antzinaroan Pirinioak zeharkatzen zituen pasabide estrategiko hori ezagutaraztea.
Inaugurazioan izan diren Jesús Mari Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Susana Herreros Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria eta Javier Díez Artziko alkatea, Nafarroako Pirinioetan galtzada erromatarra igarotzen den herrietako beste alkate batzuekin batera.
Informazio-panelen bidez eta eraikina 3Dn berreraikita, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gune horren bilakaera eta eraldaketa. Izan ere, K.a. I. mendearen bukaeratik ezarri zuten bidearen ertzean geltoki hau. 2024an hitzaldiak eta bisita gidatuak eskaintzea aurreikusten da, Aranzadiko arkeologoek gidatuta, eta laster Artziko termei buruzko monografia argitaratzea aurrikusten da. Momentu honetan, aztarnategian berreskuratu diren material arkeologikoen ikerketak jarraitzen du.
Ondare hori musealizatzeko eta sozializatzeko ekintzak ibarraren transformazio estrategian eta despopulazioaren aurkako borrokan integratzen dira, eta, era berean, Oihane Mendizabal arkeologoak zuzendutako ikerketa-ildoan kokatzen dira. Ikerketa-ildo horrek Nafarroako Pirinioetan galtzada erromatarrari zerbitzua ematen zioten aztarnategiak aztertzen ditu. Izan ere, Artziko termak Donazaharre/Saint-Vieux-en oso antzekoak dira, Ibañetako pasabidea zeharkatzen duen galtzadaren bidez komunikatuta dagoen Pirinioez bestaldeko beste kokaleku erromatarra dena, hain zuzen ere Artzi eta Zalduako (Auritz-Burguete) aztarnategiak, adibidez. Gaur egun, Mendizabalek PIRENAEUS mugaz gaindiko ikerketa-proiektua zuzentzen du, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatua. Proiektu horren helburua erromatarren galtzadan zehar aztarnategiak aztertu eta alderatzea da, ikuspegi bateratu batekin.
Geraleku estrategikoa galtzadaren ertzean
Artziko aztarnategi arkeologikoa zonalde aurrepiriniarrean kokatuta dago, Pirinioen sarreran Urrobi ibaiaren eta Pirinioak alderik alde zeharkatzen zituen galtzadaren ertzean. Inguruari dagokionez, trantsizio eremua da hau orografia, klima eta, ondorioz, paisaiaren ikuspegitik. Horrek guztiak geraleku izateko gune oso aproposean bilakatzen du Caesaraugusta (Zaragoza) eta Burdigala (Bordele) Ibañetako lepotik barrena batzen zituen ibilbidean.
Artziko enklabearen egoera bereziak, gaur egun arte okupazio jarraitua izan duenak, diakronia bat eskaintzen digu, ondare-balio bereziko multzo bat biltzen duena. Okupazioa erromatarren garaian sortu zen, baina Erdi Aroan jarraitzen du, Santa Maria baseliza, Jauregia eta Ermitaño Etxea bezalako elementu garrantzitsuekin, azken bi hauek Nafarroako Gobernuaren eskutik egindako birgaitzeak amaituz.
2012. urtean egin zen lehen zundaketa arkeologikoa eta ondoren, 2014 eta 2017an burututako miaketa geofisikoek, gutxienez 1 ha-ko azalera zuen kokagunea izan zela dokumentatu zuten. 7 kanpaina arkeologiko egin dira, konplexu termalaren deshobiratzean oinarrituak, eta 2023an amaitu dira, hondakinak sendotuz, hesiz itxiz, azalpen-kartelen bidez balioa emanez eta azterketa arkeologiko bat eginez, Nafarroako Gobernuak 98.740 euroko inbertsioa egin ondoren.
Egindako ikerketei esker, erromatarren garaiko bide-ertzeko geraleku gisa interpretatu da eta ziurrenik, K.a. I. mendearen amaiera eta K.o. I. aren hasieran eraikia izan zen galtzada transpiriniarrarekin batera. Hainbat eraikinez osaturik egongo zen eta horiek zerbitzuak eskaini ahal izan zizkieten galtzadaren erabiltzaileei. Aldi berean, bertako biztanle eta produktuak inperioko beste lurraldeetakoekin elkartrukean aritzeko lotunea ere izango zen.
Artziko termak (K.a. I. mendea - K.o. II. mendea)
Eraikin exentua da, oinplano angeluzuzenekoa, eta kanpoaldetik 26 x 5,5 m inguruko neurriak ditu. 7 espaziotan banatutako eraikuntza ardatz bakar batean egituratuta dago, ibilbide lineal sinple itzulkorra osatuz.
Erabiltzaileak hegoaldeko muturretik sartuko lirateke frigidarium [3] (hotz), tepidarium [4] (epel) eta caldarium [5] (bero) gelak gurutzatuz; eta ondoren, ibilbide bera egingo lukete kontrako noranzkoan irteteko. Berotutako gelak (harri-koskor gorriz estaliak [4 eta 5]) hipokausto sistemari esker berotzen ziren, labearekin (teila txikituekin estalia [6]) komunikatuta baitzeuden zorupetik.
Tailer metalurgikoan birmoldatua (K.o. III-IV. mendeak)
Eraikinaren iparraldeko zatia [5, 6 eta 7] bakarrik mantenduko da aktibo, izan ere gune horiek lotura zuzena izanen lukete praefurnium edo termetako labe izandakoarekin. Eremu hori guztia eskuragarri zeuden baliabideekin eraldatu zuten, lehen instalazioak berotzen zuten labea ekoizpen metalurgikoa ustiatzera bideratuz. Labearen (teila txikituekin estalia [6]) oinarriaren gainazalaren zatirik handienean metal urtu hondakinez estalita erregistratu zen; ziur aski, bertan ekoitzitako azken labekaden aztarnak. Gainera, inguruko betekin geruzetan burdin zepa eta berun-hondakin ugari ere berreskuratu ziren.