Botanikako Nazioarteko XX. Kongresua

Botanika / Hazi bankua eta landare mehatxatuen kontserbazioa

Asteartea, 2024eko uztailaren 30a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika sailak Botanikako Nazioarteko XX. Kongresuan (IBC2024) hartu zuen parte joan den astean. Ekitaldi horrek, mundu osoko botanikariak bildu zituen Madrilen, uztailaren 21etik 27ra. Bertan gaurkotasun eta garrantzia handiko gaiak jorratu ziren: sistematika, filogenetika, biogeografia, ekologia, biodibertsitatea eta kontserbazioa, besteak beste.

Ekitaldiak ikaskuntzarako eta garapen profesionalerako espazio bikaina eskaini zuen. Aranzadiko botanikariek hainbat hitzaldi eta tailerretan parte hartu zuten, eta puntako botanikarien eskutik ikasteko aukera izan zuten. Etengabeko ikaskuntza hori funtsezkoa da botanikako zientziaren azken joerak eta aurrerapenak egunean izateko.

Gainera, kongresuan zehar, Aranzadiko taldeak ere bere proiektuak aurkeztu zituen. Alde batetik, Rhynchospora fusca (L.) W. T. Aiton espeziearen hozidura protokoloari buruzko azken aurkikuntzak; eta, bestetik, Phylopyr proiektua.

Horrelako ekitaldiek agerian uzten dute lankidetzaren eta ezagutza trukearen garrantzia. Eta oraingoan ere hala izan da, Aranzadiko botanika saila kontaktu eta ideia berriez beteta itzuli baita. Funtsean, Botanikako arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko plaza paregabea izan da IBC 2024.