Gipuzkoako euskal dantzaz idatzitako lekukotasunik handiena

Etnografia / Ondarea

Larunbata, 2024eko martxoaren 9a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

  • Euskal dantzako 90 maisuren testigantzak eta 50 herritako dantza egiteko moduak biltzen ditu liburuak.
  • 1000 orrialde eta 600 argazki historiko, orain arte Gipuzkoan euskal-dantzari buruz egindako ikerketarik sakonenean.
  • 20 urte baino gehiago iraun duen ikerketa.

Beasaingo Igartza Jauregiak Gipuzkoa osoko 100 dantzari baino gehiago bildu zituen larunbat honetan. Liburuaren aurkezpen-ekitaldi bat ere izan zen, urteetan beren bizitza arte-diziplina horretan eman duten pertsona guztiak omentzeko.

Ekitaldian Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburua aurkeztu zen. Kolorez, musikaz eta dantzaz betetako jai giroan.

Ikerketa eta azterketa lan hau Aurtzaka taldeko Mikel Sarriegi dantzari beasaindarrak egin du 20 urtez. Sarriegik pauso, dantza eta mugimendu bakoitza disekzionatu ditu, eta 1.000 orrialdeko argitalpen honetan bildu du lana.

Horretaz gain, 90 dantza-maisuren eta Gipuzkoako euskal dantzako protagonisten testigantzak biltzen ditu gida honek.

Igartza aukeratu dute omenaldi-aurkezpen berezi honetarako, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko ordezkariak eta Beasain, Ordizia, Zaldibia, Segura eta Oñatiko alkateak buru zirela. Liburu hau egiten lagundu duten udalerriak, alegia. Gipuzkoako dantzari talde guztietako ordezkariez gain.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozaren iritziz, Sarriegiren liburua “Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko dantzari, kulturari eta herri izaerari egindako ekarpen sakona, garrantzitsua eta eskuzabala” da, euskal dantzak eta horien inguruan dauden balioen “transmisiorako tresna baliotsua”. Liburuaren autorea zoriontzeaz gain, bere “aitortza osoa” eskaini die azken hamarkadetan “dantzaren sugarra bizirik” mantentzeko lanean aritu diren “dantza maisu guztiei”, nahiz egungo datza taldeetandiharduten dantzari, musikari, dinamizatzaile eta ikerlari denei. “Herri gisa, gure izaeraren adierazgarri kolektibo nagusietako bat izan da dantza. Dantzak ingurukoekin lotzen gaitu, bizilagun eta herrikideekin, auzoko herriarekin, gure eskualdearekin, gainontzeko euskaldunekin, Euskal Herriarekin eta Europako gainontzeko herriekin. Gaur bezala etorkizunean ere, jarrai dezagun soka dantza horretan parte hartu eta gure ekarpena egiten, liburu honetan islaturik dauden balio horiek guztiak bizirik iraun dezaten”, adierazi du.


Mikel Sarriegik, bere aldetik, argitu zuen lan hau, euskal dantzaren alde urteetan zehar bizitza eman duten pertsonak aintzatesteaz gain, "euskal dantzako irakasleen ezagutza aberasten lagunduko duen tresna izatea helburu duen ikerketa lana ere badela. Eguneroko bizitzan lagunduko dien gida ".


Argitalpenaren edizioa Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du, eta Jokin Otamendi presidenteak, aurkezpenean, gogora ekarri zuen Aranzadik zergatik atera nahi izan zuen aurrera liburu hau, mugarria izan baitzen Gipuzkoako arte diziplina honen historian.


Otamendik azaldu zuenez, "liburu hau Aranzadin lantzen dugun baloreekin bat egiten du, hau da, memoria. Ikerketa honi esker, gure sustraien, folklorearen eta ohituren memoria idatzia dugu Gipuzkoan. Gure nortasunaren funtsezko zatia ". Gainera, argitalpena idazterakoan hain funtsezkoak izan diren ahozko testigantzen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, gure memoria historikoa eraikitzen laguntzen duten testigantzak.


Liburua www.dantzak.eus webgunearen bidez eros daiteke.