Scientist Stories

“Hegaztietarako zaletasun handia dago: jendeak jakin egin nahi du, identifikatzen ikasi nahi du”

Juan Arizaga. Donostiarra, biologian lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. Bertan egin zuen, gainera, hegaztien migrazioari buruzko doktoretza-tesia. Jarraian, Alemaniako ikerketa-zentro batean egin zuen doktoratu ostekoa. Gaur egun, ornitologia-saileko eta eraztunak jartzeko bulegoko (75 urte bete ditu bulegoak) zuzendaria da.

Noiz hasi zitzaizun hegaztietarako zaletasun hori?

Beti izan ditut gogoko hegaztiak. Txoriak nituen gustuko eta haurrentzako zerrenda batzuei esker ezagutzen hasi nintzen. Nire zaletasun handia ikusita, gurasoek, nire urtebetetzea zela eta, prismatikoak oparitzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, oraindik ere gordeta ditut lehen prismatiko haiek. Asko gustatzen zitzaidan hegaztiak ikustea. Gogoan dut asko entretenitzen nintzela haiei argazkiak ateratzen. Horregatik guztiagatik, nire lanbidea oso bokaziozkoa izan dela esan dezaket. Beti gustatu izan zaizkit natura, animaliak, zomorroak... Eta txiki-txikitatik argi izan dut zer ikasi nahi nuen. Bestalde, argazkilaritza, afizio gisa, nire beste grinetako bat da. Naturara ateratzea eta, argazkien bidez, naturaren zati bat etxera eramatea.

Zein izan zen Aranzadirekin izan zenuen lehen harremana?

Aranzadirekin 2002an hasi nintzen, Nafarroako eraztunle batekin, Daniel Alonsorekin, harremana izan nuelako. Garai hartan, Aranzadin ari zen lanean, eraztunak jartzen. Eta, elkarrekin, Txingudin eraztunketa proiektua bururatu zitzaigun. Orduan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri behar genuela pentsatu genuen; izan ere, garai hartan eta Gipuzkoako eremu hartan, erakundeak garrantzi handia zuen hegaztiekin lotuta. Gure helburua haien eraztunak erabiltzea zen zeren, ordura arte, Ministerioaren eraztunak erabiltzen baikenituen guk. Zorte ona izan genuen, Elkartearen atea oso une onean jo genuelako. Oso harrera ona egin ziguten eta hantxe hasi zen Aranzadirekin nire harremana, eta gaur egun ere oraindik bizirik jarraitzen du harreman horrek.

Zein izan da zure ibilbidea Aranzadiren baitan?

Aranzadirekin 2002an izandako lehen harreman haren ondoren, Elkartearen eraztunak erabiltzen hasi ginen Txingudin. Toki hartan eraztunak jarri izan zituzten garai batean, baina aspalditik ez zen halako lanik egiten gu iritsi ginen arte. Une hartan, bazkide egin nintzenean, eraztuntze bulegoa, ornitologia-saila... berregituratzen ari ziren. Beraz, nik ere berrantolaketa-lan horretan lagundu nuen. Hain zuzen ere, 22 urterekin idatzi nuen gaur egun oraindik indarrean jarraitzen duen araudia.

Gero, 2007an, saileko zuzendari izendatu ninduten. Pixkanaka, eraztuntze bulegoa berregituratzen joan ziren. Oso une garrantzitsua izan zen hura, eraztunleen batzordea ere eratu baitzen. Hasiera-hasieratik aipatu zen bulegoaren zati bat profesionalizatzen saiatu behar genuela soldatapeko idazkaritzaren bidez, ezin zelako boluntariotza-mailan egin. Bien bitartean, Txingudin eraztunketako nire proiektuarekin aurrera jarraitzen nuen eta, poliki-poliki, eraztuntze Gipuzkoako taldea, EAT Txingudi Eraztunketa Estazioa (www.eat.eus) osatu genuen. Denborarekin, jendea proiektu horretara gerturatzen hasi zen, dinamika berriak egiten joan ziren, guztiak bere bidea hartu zuen eta taldea sendotzen joan zen.

Zer da eraztuntze bulegoa?

Eraztuntze bulegoaren historia aipatzen dugunean, 1949ra arte atzera egin behar dugu, baina gogora ekarri beharrekoa da lehen urratsak Gerra Zibilaren aurretik eman zituela Madrilgo Zientzia Naturalen Museoan, nahiz eta behingo kontu bat izan zen. Aranzadiko eraztuntze bulegoa da zaharrena; izan ere, 1949tik gaur egun arte funtzionamenduan jarraitu du. Beste nolabait esanda, 75 urte daramatza etenik gabe lanean. Aranzadiren eraztunekin hegaztiei egiten zaien markaketaren bidez, informazioa lortzen da, datu-base batean biltzen dena, eta bulegoaren funtzio nagusia datu-base hori kudeatzea da. Animalia horiek denbora luzez bizi izaten dira eta etengabe mugitzen dira, kilometro asko eginez. Hori dela eta, informazio-kantitate handia sortzen dute. Informazio hori Europako beste eraztuntze bulego batzuekin izapidetzeko lana ere hemendik egiten dugu. Gainera, eraztunez hornitzen ditugu eskatzen dizkiguten eraztunleei.

Eraztuntze bulegoak, horrez gain, eraztunle berriak trebatzen ditu eta beharrezko prestakuntza dutela bermatzeko azterketa egiten du, hegaztiei kalterik eragin gabe markaketak egiteko. Hegaztien azterketan, oinarrizko metodologia banakoak markatzea da, horixe da-eta metodo merke eta eraginkorrena eta molestia gutxien sortzen dituena. Hain zuzen ere, markaketa hori bulego batek koordinatu behar du. Pertsona bakoitzak bere eraztun propioekin lan egingo balu, sekulako nahaste-borrastea litzateke. Ehunka edo milaka eraztun ezberdin izango lirateke eta ezingo genuke jakin norekin jarri harremanetan. Horrela, bulegoak zeregin zentralizatzailea eta koordinatzailea betetzen du.

“75 urte Aranzadiko eraztuntze bulegotik

zerbitzu publikoa ematen”

Zer lan egiten dituzu eraztuntze bulegoan?

Gaur egun, bulegoaren zuzendaria naiz; bestela esanda, itsasontzi honen kapitaina. Zuzendariak osotasuneko ikuspegia izan behar du: bulegoak kudeaketari dagokionez funtzionatzen duela zaindu behar du, idazkaritzaren lana gainbegiratu, bileretarako deialdia egin eta eraztunleen batzordearen lidergoa bere gain hartu. Zuzendari postuari beste zeregine batzuk ditu atxikita: esleitzen jakitea, finantzaketa bilatzea, bulegoaren ordezkaria izatea Euring-en (hegaztiei Europako eraztuntze erakunde koordinatzailea) hainbat administraziorekin, eraztunleekin gatazkaren bat izanez gero bitartekaritza-lana egitea, araudia betetzen dela zaintzea, etab. Hitz gutxitan esanda, postu hau eraztuntze bulegoaren arduradun gorena da. Baina Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia-sailaren zuzendaria ere banaiz, eta hor bulegotik kanpo garatzen diren bestelako proiektuak bideratzen ditugu. Araudiak ezarritakoaren arabera, bulegoaren zuzendaria da sailaren zuzendaria.

"Bokazioz eta lanbidez ornitologoa naiz. Serioa naiz nire lanean, zorrotza, batez ere neure buruarekiko. Gauzen eta bizitzaren inguruko nahiko ikuspegi zientifikoa dut. Eta hori nire lan egiteko eta bizitza ikusteko modura bideratzen dut."


Kaleko jendeak ezagutzen al ditu hegaztiak eta ornitologia-sailean edo eraztuntze bulegoan egiten duzuen lana?

Zorionez, hegaztiak beste talde taxonomiko batzuk baino gehiago gustatzen zaizkio gizarteari. Hori dela eta, sail barruan abian ditugun proiektu askotan, animalia horiek herritarrengana gerturatzen eta horien artean zabaltzen saiatzen gara. Erraza da jendearengana iristea, hegaztietarako zaletasun handia dagoelako. Hain zuzen ere, gero eta eskari handiagoa dago: jendeak hegaztiei buruz ikasi eta hegaztiak identifikatzen jakin nahi du.

Zer garrantzi du eraztuntze bulegoak Aranzadin?

Elkartearen nortasun-ezaugarrietako bat da. Bulegoaren historia Aranzadiren historiari lotuta dago. Historian zehar Aranzadik izan duen esanahiaren esentziarik behinena da. Bulegoa boluntarioek eratu zuten eta modu altruistan mantendu da ia historia osoan zehar. Administrazioari eta kudeaketari dagokien zatia baino ez da profesionalizatu eta eraztunle gehienak, oraindik ere, boluntarioak dira. Hori dela eta, gizarte zibilaren eta mundu akademikoaren erdian gaudela esan dezakegu. Eta horixe bera da Aranzadiren nitxoa. Bulegoa hegaztietarako, hegaztiak aztertzeko eta zientziarekiko grina duten boluntario asko biltzen dituen proiektua da. Jendeak denbora librean egiten du hori eta haien baliabideak horren esku jartzen ditu. Bestalde, zati profesionalizatua dago. Horixe da guztia bideratzen duena eta guztia funtzionamenduan izatea ahalbidetzen duena, lanerako beharrezko kalitatea eskaintzen duena azken batean. Hain zuzen ere, proiekzioa ez da soilik tokikoa, baizik eta Estatu eta nazioartekoa ere bai. Gure eraztunak nazioarte osoan ezagutzen dituzte, gure hegaztiak mundu osoan zehar mugitzen direlako. Gainera, Aranzadi marka maila guztietan saltzen ari gara. Garrantzi handia dugu. Eraztuntze bulegoa proiektu erabat identitarioa da, eta ez daude maila horretan era horretako asko.

Nolako etorkizun aurreikusten duzu?

Ondo ikusten dut etorkizuna. Oraintxe, eraztuntze bulegoaren 75. urteurrena ospatzen ari gara eta, beraz, urteak betetzen jarraitu beharra dugu. Horretarako, ordea, ezin zara erlaxatu. Beti egongo dira mehatxuak, baina baita aukerak ere. Etorkizunera begira garrantzi handiko proiektuak lantzen ari gara eta dagoeneko martxan daude. Baikorra naiz. Taldeak sendotzen ari gara eta ez dago nirekiko halako mendekotasunik zuzendari gisa. Taldeko gero eta kide gehiago ari da gero eta erantzukizun handiagoa hartzen. Badakigu bulego- eta sail-mailan konplexutasunak daudela, baina baikorra naiz eta nahiko bideratuta dagoela esango nuke. Gure mehatxu nagusia, beti bezala, finantzaketa gabezia da. Erakunde publikoen laguntzarekiko mendekotasun handi samarra dugu. Baina tira, horixe da bioaniztasunak bizi duen gaitz orokorretako bat. Bestalde, autofinantzaketa lortzen laguntzen diguten lan-ildo berriak ireki ditugu. Mendekotasuna txikiagoa izan daiteke era horretan, baina egongo da, gurea zerbitzu publikoa eta erabat bokaziozkoa delako. Bulego bat ez da negozio bat, mantendu beharra dagoen eta erortzen utzi ezin zaion zerbitzua baizik.

Eraztuna duen hegazti bat topatu duzu?

Eraztuna duen hegazti bat topatu baduzu (bizirik edo hilik), jar zaitez gurekin harremanetan.

Koloretako eraztuna edo marka