
Ikertzaile bisitari bat hasi da Aranzadiko Botanika Sailean

Botanika / Habitaten zein espezieen kontserbazioa eta errestaurazioa, Habitaten jarraipena eta kontserbazioa
Asteazkena, 2025eko uztailaren 30a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailean ikertzaile bisitari bat hasi da: Kamel Lahssini, ingeniari aeroespaziala da formazioz eta teledetekzioan eta Lurraren behaketan doktorea.
Kamel Paristarra da jatorriz, eta doktoretza INRAE (Frantziako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumenari buruzko Ikerketa Institutu Nazionala) institutu frantsesean burutu ondoren iritsi da Euskal Herrira. Bere ikerketa-ildoa aireko sentsoreen (sateliteak, droneak edo hegazkinak) bidez hartutako datuen analisian oinarritzen da, baso-ekosistema tropikalak zein europarrak aztertzeko helburuarekin. Oraingo honetan europarrak ditu ardatz, baso-inbentarioak hobetzen saiatzen ari da, une honetan basoak zein egoeratan dauden ulertzeko.
INRAEren eta Aranzadiren arteko lankidetza hitzarmen bati esker, Kamelek urtebetez garatuko du bere ikerketaren zati bat gure instalazioetan. Bere presentziak Botanika sailarentzako lankidetza-aukera berriak irekitzen ditu teledetekzioaren esparruan. Teknologia honek informatika eta natur zientzien ezagutzak uztartzen ditu.
"Asko interesatzen zait Aranzadik egiten duena, batez ere tokiko ikuspegiagatik eta dibulgazio-lanagatik. Ikertzaile gisa ez ezik, hezkuntza eta sentsibilizazio jardueretan ere ekarpenak egin nahi nituzke ", azaldu du Kamelek.
Egonaldian, Kamelek INRAEren Senpereko zentroaren eta Aranzadiko Botanika Sailaren artean egindako lana konbinatuko du. Bertan, LIDAR (laser sentsoreak) teknologiaren bidez basoak aztertzeari lotutako proiektuetan laguntzea espero du. Teknologia hori erabilgarria da biodibertsitatea kontserbatzeko eta lurraldeko baso-ondarea ezagutzeko.
Aranzaditik ongi etorria ematen diogu eta espero dugu lankidetza hau aberasgarria izango dela bai bere ibilbiderako bai sailaren proiektuetarako.