Irulegin lehen zenbaki baskonikoa izan daiteken inskripzioa agertu da zeramikazko ontzi batean
Arkeologia / Irulegi, Arkeologia indusketa
Osteguna, 2026eko ekainaren 25a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Irulegi Sertoriar gerrateetan erasotua eta suntsitua izan zen baskoi herrixka bat da. 2017az geroztik, Aranguren Ibarreko Udalaren ekimenez ikerketa arkeologikoa egiten ari da, Nafarroako Gobernuko Kultura Sailaren laguntzarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean, hainbat unibertsitaterekin lankidetzan eta Mattin Aiestaran arkeologoaren zuzendaritzapean.
Orain arte, gutxi gora behera 75 m2-ko azalera duten hiru etxebizitza induskatu dira, eta horietan material arkeologiko ugari berreskuratu dira: armak, zeramikazko ontziak, txanponak, faunaren hezurrak, eskuerrotak, etab.
Material horien artean, inskripzio edo idazkun bana duten zeramikazko bi zati daude. Bat Irulegiko Eskua aurkitu zuten etxe berean topatua izan da, eta bestea etxebizitza horren kanpoaldean.
Lehenengoa bi zatitan banatuta agertu zen, eta ziur aski in situ edo inguruan egindako biltegi-ontzi baten ertzari dagokio. Testua idazkera paleohispanikoan idatzia dago, seguruenik baskonikoa, eta a[ba]ŕ edo abaŕ jartzen du. Testu hau ontziaren edukierarekin lotuta egon daiteke. Interpretazio hori zuzena bada, inskripzioa zenbaki baskoniko baten lehen testigantza izango litzateke, eta honen irudiak bat egingo luke duela gutxi egindako ikerketek 10. zenbakiari iberieraz eman diotenarekin, zeinak euskarazko (h)amar (10) zenbakiarekin bat egiten duen.

Dokumentua, beraz, oso garrantzitsua izango litzateke baskoieraren eta iberieraren arteko harremanak ezagutzeko, eta baita biek euskara historikoarekin (euskararen fase zaharrak edo berreraikiak) edo egungo euskararekin dituzten harremanak ikertzeko ere.
Idatzita dagoen bigarren pieza ontzi baten kanpoko oinarriari dagokio, Italiatik ekarritako barniz beltzez margotutako kanpaniar motakoa da, eta basi testua du esgrafiatuta. Izen hau, antza denez, izen laburtu bati – agian ontziaren jabeari eta etxeari – dagokio.
Bartzelonako Unibertsitateko Javier Velazak eta Joan Ferrerrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Joaquín Gorrochateguik egin dute aurkikuntzen azterketa epigrafiko eta linguistikoa, eta Palaeohispanica aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko da.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariak, Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Manolo Romero Aranguren Ibarreko alkateak.
Bi testigantza berri hauek Irulegiko Eskuaren brontze epigrafikoari, txanponen testuei eta herrixka berean aurkitutako stylus-ari batzen zaizkie, eta Irulegiko herriaren eguneroko bizitzan idazketaren presentzia berrestera datoz.
Piezak ikusgai daude"Irulegitik Pompelora. Hiri baten sustraiak" erakusketan. Iruñeako eta Aranguren ibarreko udalek sustatzen dute, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eta Civivox Pompelo kulturgunean bisita daiteke egunero, igandeetan izan ezik.
Horrez gain, Aranzadik bisitak antolatzen ditu Irulegiko aztarnategira eta erakusketa ikustera udara osoan zehar irailaren 12arte, informazioa: https://www.aranzadi.eus/eu/irulegi-bixitatu