Larraun bailarako paisaia kulturala babesteko lur zaintzailetza akordioa sinatu da

Etnografia / Ondare materiala

Asteartea, 2022eko martxoaren 22a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Irabazi-asmorik gabeko Fundazio hau 2017an sortu zen, eta hiru urte daramatza Lekunberriko, Larraun bailarako eta Aralar mendilerroko natura- eta kultura-ondarearen kontserbaziorako ekimenak bultzatzen, tokiko eragile publiko nahiz pribatuen arteko sinergiak sortuz. Aranzadi Zientzia Elkartea erakunde horien artean dago. Honakoa 75 urteko historia duen elkartea da, eta lehen ikerkuntzak Aralar mendilerroan egin zituen hain zuzen ere.

Aranzadiko teknikariek akordioaren sinaduran azaldu zutenez, “Aralarko paisaia gizakiak moldaturiko mosaiko bat da, ganaduaren zuzeneko edo zeharkako ekintzaren bitartez. Aralarko paisaia kulturalaren elementu nagusia landazabal atlantikoa da; historikoki baserriari loturiko erabilera tradizionalen emaitzatik eratorritakoa da honakoa”. Beraz, jatorri antropikoko paisaia mota bat da, Aralarko biodibertsitatearen eta balio kulturalen kontserbazioaren ikuspegitik oso interesgarri bilakatzen duena.

Akordio honek Astiz Irujo Fundazioaren 51 lursail barne hartzen ditu; gehienak nekazaritza eta abeltzaintza jarduerekin lotuta daude, batzuk gaur egun erabileran egonik eta beste batzuk ez. Akordioak eranskin bat jasotzen du, bertan erabiltzaileek nahitaez bete beharreko baldintza batzuk jasoz. Hau horrela da lurzatietan egindako kudeaketak Fundazioaren helburuekin bat etorri behar duelako: Aralar mendilerroko eta inguruko haranetako natura- eta kultura-ondarearen kontserbazioarekin, alegia. Lur zaintzailetza akordioa sinatu ondoren, gaur egun erabileran dauden lurzatien errentamendu-kontratuak sinatuko dira, jabearen eta erabiltzailearen arteko onura bilatuz.

Lur zaintzailetza akordioaz gain, Aranzadik eta Astiz-Irujo Fundazioak Aralar, Kirikuren Begirada izeneko liburua aurkeztuko dute datorren martxoaren 24an, osteguna, arratsaldeko 19:00retan Lekunberriko Antonea Etxean. Aranzadik eta Michelena Artes Gráficasek argitaratutako liburua da, eta gai berbera duen erakusketa Antonea Etxean bertan dago ikusgai, jendeari irekitako erakusketa batean.











Lur zaintzailetza

Lur zaintzailetza lursailen jabeak eta erabiltzaileak kultura- eta paisaia-balioen kontserbazioan eta erabilera egokian kontzientziatu nahi dituen estrategia eta tresna multzo bat da. Horretarako, lankidetzarako mekanismo eta akordioak sustatzen ditu jabeen, lur zaintzailetza erakundeen eta gainerako eragile publiko edota pribatuen artean, elkarrekiko onura lortzen saiatuz. Nahiz eta Estatu Espainiarrean XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik erreserba pribatuen adibideak ezagutzen diren, kontserbaziorako tresna honen erabilera denborak aurrera egin ahala hedatu egin da Iberiar Penintsulan zehar. Katalunia izan da natura kudeatzeko tresna mota honen aldeko apustu handiena egin duen lurraldeetako bat, natura kontserbatzeko Sarearen bidez (XCN). Sare horrek, 700 zaintzailetza ekimen izan zituen 2019an, guztira 39.339 hektarea (lurralde katalanaren %1,2a) kudeatzen zituzten 63 entitateren partehartzearekin.

Nafarroan, nahiz eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak lur zaintzailetza akordioen sinadura eta kudeaketa lanak sustatzeko diru-laguntza lerro bat bultzatu izan duen, akordioak oso urriak izan dira Foru-Erkidegoan, eta hori dela eta laguntzak ez dira mantendu. Duela aste gutxi, Tuterako Udalak eta El Castillo Fundazioak zaintza-akordio bat sinatu zuten, Santa Barbarako muinoaren inguruko eremu baten ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetzeko.