Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana uztailaren 12an
Botanika / Kostako habitatak eta landareak
Ostirala, 2025eko uztailaren 4a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Uztailaren 12an (larunbata) goizeko 10:00etatik 12:00etara izango da auzolan saioa. Parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Arropa erosoarekin joatea gomendatzen da, eta lekuan bertan erauzketarako materiala eskura egongo da.
Santiago hondartza balio ekologiko handiko eremua da, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari daude bertan. Oenotera glazioviana, Onagra, Connyza sp edo Carpobrotus bezalako espezieak modu artifizialean sartutako landareak dira, eta espezie autoktonoek bete beharko luketen lekua hartzen dute. Espezie exotiko inbaditzaileak arazo izugarria eragiten dute mundu osoko biodibertsitatean, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko.
Horiek horrela, Santiago hondartzako dunetan espezie exotiko inbaditzaileak (EEI) deuseztatu eta kontrolatzeko auzolan saioa egingo dute uztailaren 12an (larunbata). Auzolangileak 10:00etan elkartuko dira sorosleen kabina ondoan.
Saioa hasi aurretik gaiaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta argibide zehatzak emango dituzte landareak identifikatu eta horiek modu seguruan ateratzeko. Aipamen laburren ostean zenbait landare exotiko inbaditzaile erauziko dituzte guztien artean.
Informazio gehiago behar baduzu, ez izan zalantzarik.
Zalantzak argitu eta zure galderei erantzungo diegu.