Tolosako Udalak flora exotiko inbaditzailea kendu du Oria ibaiaren ertzean

Botanika / Habitaten zein espezieen kontserbazioa eta errestaurazioa

Ostirala, 2025eko irailaren 19a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Asteazkenetik ostiralera bitarte aritu dira lanean Aranzadiko adituak. Azken hilabeteotan espezie inbaditzaileak identifikatu eta kartografiatu dira, etorkizunean errazago kontrolatu eta monitorizatu ahal izateko.

Aste honetako asteazkenetik ostiralera bitartean, Oria ibaiaren ertzean dagoen flora exotiko inbaditzailea kendu du Udalak. Lan hauek 2025ean hasitako proiektu baten parte dira, Oria ibaia kudeatzeko tresna eraginkor bat izateko helburua duena.Hain justu, xede horrekin, Oria ibaiko flora espezie inbaditzaileak identifikatu, erregistratu eta kartografiatu egin dira azken hilabeteotan. Tresna horrek, etorkizunean kontrol errazagoa eta monitorizatzeko aukera emango du. Bada, identifikazio lan hori amaituta, kendu egingo dira.

«Askotan jaso izan ditu udalak Oria ibaiaren ertzeetan dagoen landaredia kentzeko eskaerak. URA Agentziaren irizpideen arabera, ordea, hori ezin da nolanahi egin. Landarediak ibaiaren biodibertsitatea babesten eta arroaren egonkortasuna indartzen lagundu ez ezik, larrialdien aurrean segurtasun gehiago ematen dio, uraren abiadura gutxitzen baitu. Baimenduta dauden interbentzioetako bat da inbaditzaileena, baina lehenago kartografia lan hori egunerau dugu», azaldu du Aitor Agirresarobe, Ingurumen zinegotziak.

Garrantzitsua da azpimarratzea 2025eko ezabatze-lan horiek ez direla aldi bakar batera mugatuko; hurrengo urteetan modu jarraituan garatuko direla aurreikusten da, ibaiertzeko ekosistemaren kudeaketa jasangarriagoa izateko eta espezie hauek tokiko biodibertsitatean duten eragina minimizatzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek egin dituzte lanak egunotan, eta jarduerak dagozkion segurtasun-neurriak izan ditu, eta ingurune naturala eta indarrean dauden araudiak errespetatuz egin da.

Horrez gain, Udala eta URA Agentzia harremanetan dira, aurrera begira, ibaiaren garbiketa egiteko baimendutako lan osagarriak egiteko.

Mezenasgoa

Enpresen eta erakundeen laguntzari esker, gure gizarteari eta natura-inguruneari aurrera eginarazten dioten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera dugu.

Bere babesa eman diguten erakundeak:

Informazio gehiago