Zalduak lurpetik ateratzen jarraitzen du bere erromatar iragana

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Astelehena, 2025eko uztailaren 21a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Duela 2000 urte Pirinioak zeharkatzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarrari lotutako egiturak eta materialak argitara ateratzen jarraitzen du Zalduko aztarnategi erromatarreko indusketa arkeologikoaren kanpainak. Oihane Mendizabal arkeologoa (Université de Pau et des Pays de l 'Adour – Aranzadi Zientzia Elkartea) buru duen talde bat uztailaren 25era arte ari da aztarnategian induskatzen. Kanpaina honetan arkeologia-taldea 12 gaztek osatzen dute.

Aztarnategiko zuzendariaren hitzetan “azken 8 urteetan bezala indusketak hiri erromatar horretako termen eraikinean jarraitu du, iparraldeko gunean, hain zuzen ere. Batetik, oraindik sekula industu gabeko ipar mendebaldeko gelan lanak lehen aldiz ekin dira. Gune hau izango litzateke, behin-behinean dugun informazioarekin eraikina bere osotasunean mugatzeko faltako zen azkena. Bestetik, eraikinaren balizko sarreratzat interpretatzen den gunean, forma zirkularreko zutabeen harrizko oinarriak identifikatu dira. Horrek, gune honetan balizko estalpe edo portiko bat kokatuko zela adieraziko luke. Eremu horretan marmol xafla eta erlaitz zati landu ugari ere topatu dira, eraikinak garai batean izandako monumentaltasuna adieraziko lukeena. Aztarna horiek guztiek termen sarrera nagusia gune horretan kokatuko zela berretsiko lukete”.

Egitura arkitektonikoez gain, Zalduako biztaleen egunerokoratsunarekin zerikusia izango zuten objektu ugari ere aurkitu dira. Horien artean deigarriak dira jolas edo aisialdiarekin lotutako objektuak, hala nola hezurrezko dado bat, joko fitxak, txanponak, zeramika eta beira ontzi zatiak etab.

Uztailaren 24ean Euroeskualdeak eta Auritzeko Udalak kofinantziatzen duen PIRENAEUS II mugaz gaindiko proiektuak eta UIKen egitarauaren barnean dagoen ikastaroa eskainiko da Auritzeko Kultur etxean. Egun osoko ikastaroan Antzinatean Ibañetako pasabidearen lurraldean zehar egindako ikerketa lanak jorratu dira, horretarako mugaren bi aldeetako espezialistak batuta. Arratsaldean, ikastaroan izen emandako ikasleek Zalduako aztarnategia bisitatzeko aukera izango dute aditu horien eskutik.
Amaitzeko, uztailaren 26an larunbatean bisita gidatu irekiak egin dira publiko orokorri zuzenduta. Euskarazkoa 11:00etan izango da eta gaztelaniazkoa 12:00etan.