1936ko Gerraren 90. urteurrenenean, ‘Ahanzturatik memoriara’ zikloa abiatu du Hernaniko Udalak

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Asteartea, 2026eko irailaren 8a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

1936ko Gerra hasi zeneko 90. urteurrena dela eta, Hernaniko Udalak Hernani oroimena. 90 urte: ahanzturatik memoriara zikloa antolatu du. Ekimenei eman zaie hasiera, Biteri kultur etxean “Hernaniko haurrak erbestean" erakusketarekin.

Irailaren 13an, igandea, beteko dira 90 urte uztailaren 18an altxatu zirenak Hernanin sartu zirela. Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez, "frankismoaren errepresioa sufritu zuten ahaztutako pertsona guztien oroimena berreskuratzeko, egia osoa ezagutzeko eta, ez delako justiziarik eta erreparaziorik egin, zor hori kitatu behar dugu. Horregatik antolatu ditu ekitaldi hauek Hernaniko Udalak".

Biteri kultur etxean Hernaniko haur erbesteratuei buruzko erakusketaren inaugurazioan eman zituen azalpenak Xabier Lertxundi alkateak. Hain zuzen ere, Udaleko Artxibo sailak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izan du erakusketa hau prestatzeko. Bertan izan ziren Javi Buces eta Irati Zuriarrain Aranzadiko kideak.

"Matxinatuak Hernanin sartu ondoren herritik alde egin behar izan zuten haur askok". 250 identifikatu dituzte Aranzadin, "baina baliteke gehiago ere izana". Bost gunetan banatutako erakusketan jaso dira gertatu zirenak eta haur haien bizipenak eta memoria. Biteri kultur etxean egongo da ikusgai, gaurtik hilaren 26a arte (astelehenetik ostiralera: 09:00-21:00/Larunbatak: 09:00-13:00).

Zuriarrain ikerlariak gaiarekin lotutako hitzaldi bat ere emango du, ehunka izan baitziren erbestera joan behar izan zuten haur hernaniarrak. Haien inguruan sakonduko du irailaren 23an.

Hiru hitzaldi, orain arte landu gabeko gaiak "ahanzturatik ateratzeko"

Zuriarrainena ez da izango zikloko hitzaldi bakarra. Hiru hitzaldik osatuko duten zikloaren helburua "oso ezagunak ez diren gaiak edo orain arteko ekitaldietan landu ez ditugunak ahanzturatik ateratzea" dela azpimarratu du Lertxundi alkateak.

Lehenengoa hilaren 16an izango da. Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki Hernani inguruan izan ziren borrokez eta haietan parte hartu zuten internazionalistei buruz ariko dira. "Matxinatuak Gipuzkoa okupatzen saiatu zirenean, hernaniar asko eta brigadista batzuk lurraldearen eta II. Errepublikaren defentsan aritu ziren. Laguntzera atzerritik etorri ziren brigadistak dira internazionalista gisa ezagutzen direnak". Urriaren 7an, aldiz, II. Errepublika garaiko Hernaniri buruz ariko da Urko Apaolaza. Hitzaldiak euskaraz izango dira.

Ekitaldi nagusia urriaren 18an, igandea, izango da Hernaniko hilerrian. Lau urtez behin, Hernaniko Udalak Hernaniko hilerrian fusilatutako ia 200 lagunak oroitarazteko eta desagertutako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia antolatzen du.