Aldundiak eta Aranzadik Jaitzubiako hegaztien jarraipen eta eraztuntze zientifikoaren 20. urteurrena ospatu dute

Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa

Astelehena, 2026eko irailaren 14a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 5 minutu

Jaitzubiako hegaztien eraztuntze zientifikoaren 20 urte ondoren 80 espezie baino gehiagori dagozkien 25.000 hegazti baino gehiago eraztundu dira eta haien populazioak ezagutu ahal izan dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bisitadi bat egin du gaur Jaitzubiara, Txingudiko paduretan, duela bi hamarkadatik hona inguru horretan egiten diren hegaztien jarraipen eta eraztuntze zientifikoak zein naturgune hori ekologikoki berreskuratzeko lanak gertutik ezagutzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak hartu dute parte bisitan, Juan Arizaga, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia departamentuko zuzendariarekin eta Paul Minguez, Aranzadiko zuzendaritzako idazkariarekin batera.

Txingudi Euskadiko balio ekologiko handieneko hezeguneetako bat da, baita hegaztiak migratzeko gune estrategikoa ere. Kantauri itsasoaren eta Pirinioen mendebaldeko muturraren arteko korridore naturalean kokatuta dagoenez, urtero milaka eta milaka hegaztik zeharkatzen dute migrazio-ardatz hori, eta Bidasoako padurak erabiltzen dituzte joan-etorrietan atseden hartzeko eta indarrak berreskuratzeko.

Testuinguru horretan, 2007tik, Aranzadi Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, hegaztien jarraipen zientifikoa egiten du inguru horretan, hegaztiek espazio horiek nola erabiltzen dituzten ezagutzeko, populazioetan aldaketak identifikatzeko eta kontserbazio-politikak bideratzeko funtsezko informazioa jasotzeko.

Hogei urte hegaztien migrazioa aztertuz

Jaitzubiako eraztuntze-estazioak etengabeko lana egiten du hegaztien laginketan eta eraztuntze kanpaina bat burutzen du urtero, uztailaren 15etik irailaren 30era bitartean. Horri esker, urteetan zehar lortutako emaitzak alderatu eta migrazio-ibilbideetan padura erabiltzen duten espezieen populazioen bilakaera aztertu daiteke.

Programa honen 20 urteko ibilbidean, 80 espezie baino gehiagori dagozkien 25.000 hegazti baino gehiago eraztundu dira, eta, horrez gain, hegazti migratzaileek Txingudiko padurak nola erabiltzen dituzten eta haien populazio-joerak urtero eguneratzen diren adierazleak sortu dira.

Identifikatutako espezieen artean lezkari eta benarriz espezieak daude; bi hauek lotura estua dute lezkadiekin eta padurako landarediarekin. Horien artean nagusi da benarriz bekainduna, nazioartean zaurgarri gisa katalogatua eta Europako hegazti mehatxatuenetakotzat jotzen dena. Papo-urdinak eta martintxoriak ere garrantzi berezia dute.

Bi hamarkada hauetan egindako jarraipenak urteko jaitsierak hautemateko aukera ere eman du, gutxi gorabehera % 2 eta % 10 artekoak, espeziearen eta adin-motaren arabera. Kuliska txikien kasuan, adibidez, urteko jaitsiera % 4,8koa da gazteen artean, eta % 9,6koa helduen artean.

Aranzadiko Ornitologia zuzendariak hegaztien jarraipen hori epe luzean mantentzearen balioa azpimarratu du: "20 urteko eraztuntzeari esker, migrazio garaietan Txingudi zein hegazti espeziek erabiltzen duten ezagutzeaz gain, hegazti horien populazioak nola eboluzionatzen ari diren antzeman ahal izan dugu". Ildo horretan, azpimarratu du lan zientifikoaren jarraipena funtsezkoa dela gertatzen ari diren aldaketak ulertzeko eta espezieen eta erabiltzen dituzten espazioen kontserbazioa hobetzeko informazioa jasotzeko.

Paduren dinamika naturala berreskuratzea

Eraztuntze programaz haratago, bisitaldian azken urteetan Txingudiko paduren lehengoratze ekologikoan aurrera egiteko burututako lanak ezagutu ahal izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundia hezegune horien lehengoratzea bultzatzen ari da, balio ekologiko handiko enklabeak kontserbatzeko estrategiaren baitan, biodibertsitatea zaintzeko eta lurraldea klima-aldaketara egokitzen laguntzeko.

2025ean 2,5 hektarea padura berreskuratu ziren Beko Errotan, Jaitzubian, Next Generation EU funtsen bidez. Esku-hartze hori pauso bat gehiago izan da giza jatorriko alterazio historikoak jasan dituen espazio hau berreskuratzeko prozesuan, helburu nagusia baita paduren dinamika naturalak pixkanaka berreskuratzea.

Esku-hartze horri LIFE-Humedales proiektuaren bultzada berria gehitu behar zaio. Proiektu horren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako 2,5 milioi euroko finantzaketa lortu du padurak lehengoratzen jarraitzeko. Proiektuak 5,5 hektarea berreskuratzea aurreikusten du Jaitzubian, zehazki San Pabloko paduran.

Eremu hori Txingudiko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) barruan dago, eta Txingudi-Bidasoa Kontserbazio Bereziko Eremuaren alboan dago. Gaur egun, espazio hori marearen sarreraren aurrean babestuta dago lurrezko horma perimetral baten bidez, eta euri-ura husteko drainatze-sistemak ditu. Esku-hartzearen helburua da paduraren dinamika naturala berreskuratzea, bertako habitatak hobetzea eta biodibertsitatea bultzatzea, jasangarritasun-irizpideen arabera. Proiektua onarpen-fasean dago gaur egun, eta esku-hartzeak 2027an hastea aurreikusten da.

Paduren lehengoratzeak, gainera, lezkadia berreskuratzea ahalbidetuko du; lezkadia interes komuneko habitata da eta Natura 2000 Sarearen baitan kontserbatzea lehentasunezkoa da. Horrez gain, estuarioaren konektibitate ekologikoa hobetu ahal izango da, itsasaldien fluxuari lotutako organismoen mugimendua erraztuz.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak naturgune hori berreskuratzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du: "Txingudi Gipuzkoako balio ekologiko handienetako bat da. Gure ongizate integrala zaintzeak lurralde-oreka berdea zaintzea eta gure ingurune naturala babestea ere esan nahi du".

Mendozak adierazi du, halaber, padurak lehengoratzeak lurraldearen erresilientzia hobetzen laguntzen duela, klima-aldaketaren eta itsas mailaren igoeraren aurrean, eta ingurunean uholdeak izateko arriskua murrizten duela ere. "Amute eta Mendeluko bizilagunek ondo dakite uholdeen arazoa gero eta handiagoa dela, eta horrelako esku-hartzeek inguruko arriskua murrizten laguntzen dute", adierazi du.

Biodibertsitaterako funtsezko gunea

Txingudiko padurak Natura 2000 Sarearen parte dira eta Kontserbazio Bereziko Eremuan nahiz Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan kokatuta daude, eta ezaugarri horiek dituen eremu bakarra da lurraldean. Gainera, eremu osoa Hegaztientzako Nazioarteko Garrantzia duen eremu gisa eta Nazioarteko Garrantzia duen Hezegune gisa aitortuta dago nazioartean.

Espazio hori erabiltzen duten espezieen aniztasunean ere islatzen da haren garrantzia. Txingudin 250 hegazti-espezie baino gehiago jaso dira, bertakoen, migratzaileen eta negutarren artean, horien artean mokozabalak, anatidoak eta limoetako hegaztien espezie desberdinak.

Padurak berreskuratzeak ez die soilik hegaztiei mesede egingo. Igaraba, esaterako, duela gutxi birkolonizatu da, mende erdi baino gehiago igaro ostean, eta habitaten hobekuntzak espezie hauen eta ekosistema horiei loturiko beste hainbat pezieen kontserbazioa errazten lagunduko du.

Gaurko bisitarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutza zientifikoaren, biodibertsitatearen kontserbazioaren eta leheneratze ekologikoaren arteko lotura indartu du beste behin. Hegaztien inguruan bi hamarkadetan zehar egindako jarraipenari esker, enklabe horren egoera hobeto ezagut daiteke; padurak lehengoratzeko jardueren helburua, berriz, Txingudi naturagune bizia, konektatua eta etorkizuneko ingurumen-erronkei erantzuteko gai izatea bermatzea da.