Aranzadi Zientzia Elkartea Saseta defentsa sistema ikertzen ari da arripilleta muinoan indusketak eginez

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Osteguna, 2022eko uztailaren 21a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Muinoaren hedadura murritza dela eta, defentsa-puntu bat osotasunean iker daitekeen lehen aldia da.

Uda honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo gazte talde batek ikerketa arkeologikoen kanpaina egin du Saseta defentsa-sisteman lubakiak aurkitzeko. 1936. urtean Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defenditzeko helburuz sortutako sistema da.

Azken urteetan gazte boluntarioek gauzatu izan dute ikerketa-programa: alde batetik indusketa-lanak egin izan dituzte, eta bestetik, prestakuntza jaso izan dute memoria historikoan eta giza eskubideen alorrean.

Aurtengo auzolandegian Arripilletako egitura ezberdinen ikerketa egin da. Gune hau (Arripilleta) Zizurkilko udalerrian kokatzen da, Andatza eta Zarateaitz mendien artean hain zuzen ere.

“Defentsa Sisteman kokatzen den muino honen hedadura txikia denez, bertako egitura guztiak aztertzeko aukera egon da eta lehenengo aldiz puntu defentsibo bat osotasunean ikertu ahal izan da." Azaldu zuen Manex Arrastoak, proiektuaren historiadore arduradunak.

Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkil udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du.

Saseta sistema: lehenengo erresistentzia-tokia antolatua

Kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta defentsa-sistema edo erresistentzia-puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Lekuaren gaineko memoria historikoa galdu egin bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan.

Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.

Aranzadik bertan egiten duen arkeologia-lana argia da: puntu horiek guztiak dokumentatzen ditu informazio historikoa gal ez dadin, eta ondoren, zonalde horiek geure memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatzen ditu.

Gipuzkoako monumentu megalitikoen eta aztarnategien bilatzailea

Gipuzkoako monumentu megalitikoen bilatzaile kartografikoa duzu hau, Aranzadik garatua 250 aztarnategi baino gehiagoz osatutako bere datu-baseari esker. Mapak Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluak edukitzen ditu, eta herri-gotorleku eta beste hainbat aurkikuntza edukiko ditu laster.

Bilatzailera joan