Aranzadik jarduerak antolatu ditu uda honetarako

Aranzadi / Dibulgazioa eta formakuntza

Ostirala, 2022eko uztailaren 15a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Urtero bezala, Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu bazkideek eta bazkide ez direnek erakunde horretan egiten den lanaren zati bat ezagutzeko. Horrela, udan induskatzen ari diren aztarnategietara bisita gidatuak egingo dira. Udako jarduera hauen helburua herritarrei gure lana ezagutaraztea da, txango eta bisita gidatuen bidez. Gainera, udaleku zientifikoak “Zientzialekuak” antolatu dira uda amaierarako, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean.

Uztailerako 5 bisita gidatu antolatu dira eta abuztuan 2 aztarnategi ezberdinetara:

Uztaila eta abuztu osoa. Garraitz irlara (Lekeitio) bisita gidatua. Erdi Arotik XIX. mendera arteko hainbat aztarnategi aurkitzen dira. Uhartean, Erdi Aroko giza okupazioari buruzko datuak daude XIX. mendera arte. Uharteari izena ematen dion ermitaren aztarnak nabarmentzen dira eta komentu frantziskotar zahar bat (1617-1650). Espazio hori Lazareto eta lurperatze-eremu gisa erabiliko da zenbait alditan. Haien ondoan hainbat gotorleku daude.

Uztailaren 16a. Bisita gidatua San Adrianera (Zegama). San Adrian-Lizarrate kobako aztarnategia da; bertan, goi-paleolitotik hasita XX. mende arteko material arkeologikoak jasotzen dira. Suharrizko tresnak, hezur- eta fauna-hondakinak, txanponak eta arma-zatiak eta antzinako eraikinak daude Gipuzkoa sakonean, 1000 metrotik gora dagoen koba honetan.

Uztailaren 16a. Bisita gidatua Saseta Defentsa Sistemako lubakira (Zizurkil). 1936ko Frankoren altxamendutik, Oria haraneko eremu honetako mendietan, antolatutako lehenengo erresistentzia gauzatu zen, Azpeitiko komandantziatik bultzatutako lubaki eta defentsa-elementuen bidez. Leku horietan, lehenengo liskar belikoak izan ziren, eta lehenengoz matxinatuak eten zituzten Euskal Herrian. Memoria historikoa berreskuratzeko lanen barruan, ahaztutako ondare hori dokumentatzen ari da.

Uztailaren 23a. Bisita gidatua Munoaundira (Azkoitia - Azpeitia). Munoaundi Bigarren Burdin Aroko herri harresitua da. Bertan daramagun ikerketa-proiektua ildo nagusiago baten barruan txertatzen da eta bideratuta dago Gipuzkoako Burdin Aroa hobeto ezagutzera. Aztarnategian bertan, orain arte egin ditugun lanek bi helburu nagusi dituzte, batetik, bertako biztanleek Burdina Aroan izandako bizimoduetan sakondu, eta bestetik, herri harresituaren defentsa-sistema hobeto ezagutu.

Uztailaren 24a. Bisita gidatua Zalduara (Auritz). Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen ITER XXXIV galtzadan kokatutako erromatar garaiko hirigunea da Zaldua eta 2017tik gaurdaino termen eraikina industen ari da bertan. Urtero antolatutako udako indusketa kanpainaren helburu nagusiak honako hauek dira: kokaleku horri buruz informazioa eskuratzea, aztarnategia gizartean ezagutaraztea eta kanpainan parte hartzen duten partaideei erregistro arkeologikoan trebakuntza eskaintzea.

Abuztuaren 6a. Bisita gidatua Babiora (Izoria). Babioko herrixka gotortua Izorian dago (Araba), 1981ean aurkitu zen eta 10 hektareako herri gotortua da. Azken kanpainetan egiten ari diren lanen helburua etxebizitzen espazioa ugatzea eta defentsa-sistema aztertzea da.

Abuztuaren 24a. Bisita gidatua Artzira (Artzibar). Artziko parajean (Artzibar udalerrian), erromatar galtzadaren ertzeko aztarnategi arkeologikoa identifikatu zen 2012. urtean. Mendiko portu eta lautaden arteko trantsizio inguruan kokatuta dago, aurre Pirinioan, hain zuzen ere. Oraindik lurpean dauden eraikin multzo batez osatutako erromatar garaiko gunea da eta azken kanpainetan bertako termagunearen indusketa burutzen ari da.

Zientzialekuak 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat

Gainera, zientzialari berriak sortzeko asmoz, Aranzadik 12 eta 16 urte bitarteko gazteei dei egiten die abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean zientzia-udaleku batean parte har dezaten.

Horretarako, interesa duten gazteek egun horietan landuko diren diziplinekin lotutako lan bat bidali beharko dute aranzadi@aranzadi.eus helbidera: ornitologia (hegaztiak), botanika (landareak), entomologia (intsektuak), astronomia, geologia eta historiaurrea.

Bidali beharreko lana marrazki bat, ipuin bat, edozein formatutan egin daitekeen ikerketa-proiektu bat izan daiteke, eta gure aditu zientifikoek baloratuko dute.

Udaleku horiek Elosuko aterpetxean egingo dira, Bergaran, eta astebete iraungo dute. Informazio guztia Aranzadiren webgunean kontsulta daiteke.

Informazio zehatza