Artolako lepoan miaketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadik
Historiaurrea / Arkeologia indusketa
Astelehena, 2024eko maiatzaren 6a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
- Gerediaga Elkartearen enkarguz eta Urkiolako Patronatuaren laguntzarekin egingo da jarduera.
- Burdin Haroko herri harresitu modura identifikatzeko moduko aztarnategi arkeologikorik dagoen aztertzea izango da lanen helburua.
- Maiatzaren 11n, goizeko 11:00etan, Aranzadiko arduradunek egiten dabiltzanaren azalpen dibulgatiboa egingo dute Artolako lepora gerturatzen direnentzat.
- Jarduera Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren laguntza izan du, Urkiolako Parke Naturaleko Patronatuaren bitartez.
Abadiñoko lurretan, Urkiolako Parte Naturalaren mugetan, Artola lepoan (632.65m) egingo ditu Aranzadik miaketa arkeologikoak. Aztarnategi arkeologikorik dagoen, metaketa arkeologikorik dagoen egiaztatzea, eta baleude, bertan kontserbatu daitezkeen egiturak dokumentatzea eta aztertzea izango da lanaren helburua.
Artolari buruzko lehenengo berriak Blas Taracenak eta Augusto Fernandez de Avilesek eman zituzten, 1945ean. Eurak izan ziren lehenak bertan lan arkeologikoak egiten. Itxurarako egitura identifikatu zuten, ezponda bat, eta ondorioz ingurunea “kastro” modura identifikatu zuten. Zundaketek emaitzarik eman ez arren, Artolaren identifikazioa Burdin Aroko herri harresitu modura onartu zen orduan eta halan agertu zen 1984ko Javier Gorrochategui eta Maria Jose Yarrituren Carta Arqueologica de Vizcaya lanean.
1994an, aldiz, Armando Llamosas eta Dona Gil arkeologoek kata bat egin zuten itxurako ezpondan eta horrekin betiko utzi zen albo batera Artola Burdin Aroko herri harresitu moduan identifikatzea. Arkeologoek emandako argudioa zen lurrez eginiko egitura zela.
2014an, miaketa berria egin zuen Aranzadik Pedro eta Mikel Argandoña anaiekin batera. Beirazko lepo-ale bat, harrizko leuntzaile bat eta eskuz egindako zeramikak topatu zituzten. Beirazko lepo-alea II. Burdin Aroko kronologian kokatu zuten. Aranzadikoen ustez, okupazio mailekin eta itxurako ezpondekin, gutxieneko oinarria badago, berriro Artolan Burdin Aroko herri harresitua egon dagoela proposatzeko.
Proposamen hori egiaztatzeko egingo da katen bidezko jarduera arkeologikoa.
Lanak bisitatzeko aukera
Landa-lana maiatzaren 11n egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek, 15 pertsonako boluntario talde baten laguntzarekin. Lanak zer diren eta zelan egiten diren bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera ere egongo da interesa dutenenentzata goizeko 11:00etan, Artolako lepoan bertan.
Artola lepora joateko mendi irteera prestatu du Abadiñoko Alluitz Mendi Taldeak. Horretarako, goizeko 10:00etan, Atxarteko Kristo Sainduaren ermita aurrean jarri dute hitzordua. Deialdia parte hartu nahi duen edonorentzat da eta ez da aurretik inon izenik eman behar.