Babestutako hiru kakalardo espezie detektatu dira EAEko lau eremu naturaletan.

Entomologia / Komunikazioa eta dibulgazioa, Espezieen identifikazioa, Habitaten jarraipena eta kontserbazioa

Astelehena, 2022eko azaroaren 7a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Orain arte gutxi aztertu diren Natura 2000 Sareko lau gune dira

Kakalardo saproxilikoak zuhaitz zahar eta helduetan edo deskonposizioan dagoen egurrean bizi direnak dira. Bere funtzioa basoa hildako egurrez garbitzea da, zuhaitz zahar hauek jatean euren mantenugaiak hartzen dituzte. Gainera, kakalardo horietako batzuek polinizatzaile gisa jarduten dute.Europan zuhaitz heldu gutxi dagoenez, kakalardo horietako espezie batzuk babestuta daude. Espezie horiek eta beste batzuk kontserbatzeko, Natura 2000 Sareko (RN2000) 19 gune izendatu dira Euskadin, eta horietan funtsezkoa da baso-biodibertsitatea kontserbatzea. Hala eta guztiz ere, RN2000 gune horietan oinarrizko ezagutza-hutsune batzuk daude oraindik argitzeke, hala nola horietako zeinetan bizi diren babestutako eta mehatxatutako kakalardo horiek zehaztea.

Guztira hiru espezie babestu aurkitu dira: Cerambyx cerdo, Rosalia alpina eta Lucanus cervus. Rosalia lau RN2000etan detektatu da, Lucanus cervus guztietan, Urkiolan izan ezik, eta Cerambyx cerdo Garate-Santa Barbaran eta Urkiolan bakarrik. Era berean, beste 13 kakalardo saproxiliko espezieren banaketa lortu da, identifikazio errazekoak eremuan eta interes komunitariokoak. Beraz, lan honen bidez, baso-habitaten adierazgarritasun zabala duten Natura 2000 Sareen ia erabateko esploraziora hurbiltzen gara, kakalardo saproxiliko espezie babestuen bila.

Lan hau hasi arte, Arno (Gipuzkoa), Garate-Santa Barbara (Gipuzkoa), Sierra Sálvada// Salbada mendilorrea (Bizkaia-Araba) eta Urkiolako (Bizkaia-Araba) RN2000 guneak nahiko esploratu gabe zeuden horri dagokionez. Horregatik, helburua izan da 2022ko ekainetik irailera arte ingurumen intereseko lau gune horiek miatzea, babestutako espezie saproxilikoen bila. Hori guztia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak finantzatutako proiektu baten esparruan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko ikertzaileek gauzatua: Batasunaren intereseko koleoptero saproxilikoen detekzioa eta banaketa EAEko RN2000 sareko lau gunetan: Arno, Garate-Santa Barbara, Gorobel mendilerroa eta Urkiola.