Etnografiaren eta bitxigintzaren arteko uztarketa

Etnografia / Ondare materiala

Ostirala, 2023eko azaroaren 10a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Laia formako belarritakoak, lepokoak edo eskumuturrekoak esposizio batean erakusten dira Tradizioa Soinean egitasmoaren baitan. 2022-2023 ikasturteko bitxigintza zikloko ikasleek bitxiak sortu dituzte Aranzadiko Etnografia Laborategiaren objektu etnografiko honetan oinarrituta.

Helburua gure kultura materialeko objektu tradizional eta esanguratsuak inspirazio artistikorako erabiltzea da.

Lankidetza borobilduz, Vitoria-Gasteizen kokaturiko IDARTE Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko ikasleek bitxien argazkiak egin dituzte.

Egitasmoari dimentsio sozial eta dibulgatibo bat emateko asmotan, proiektuak erakusketa formatua ere hartu du eta ikasleen sorkuntzak hainbat espaziotan egon dira ikusgai. Gaiaren inguruko hitzaldiak ere antolatu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako 2023ko Europako Ondare Jardunaldien harira.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Laborategian, gure ondare etnografiko higikorra bildu, sailkatu eta balioan jartzeko lanetan aritzen dira Etnografia Saileko kideak, objektu historikoak garbitu, katalogatu, dokumentatu eta gordeaz. Laborategi hau antzinako Bidebieta BHI institutuko eraikinean kokatuta dagoenez, Etnografia Sailak beti izan du harremana auzoko institutu publikoa den Bideberri BHIrekin. Bertan kokatzen da Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloa. Helburua gure kultura materialeko objektu tradizional eta esanguratsuak inspirazio artistikorako erabiltzea da.

Lankidetza borobilduz, Vitoria-Gasteizen kokaturiko IDARTE Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko ikasleek bitxien argazkiak egin dituzte.

Egitasmoari dimentsio sozial eta dibulgatibo bat emateko asmotan, proiektuak erakusketa formatua ere hartu du eta ikasleen sorkuntzak hainbat espaziotan egon dira ikusgai. Gaiaren inguruko hitzaldiak ere antolatu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako 2023ko Europako Ondare Jardunaldien harira. Tradizioa Soinean egitasmo hau bi entitateen arteko kolaborazio bat da.

Bitxigintza artistikoko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi-mailako Zikloa

Easo Politeknikoan 15 urte egin ondoren, Bitxigintza artistikoko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi-mailako Zikloak ibilbide berri bat hasi zuen 2019an, Donostiako Bidebieta auzoko Bideberri Institutuan.

Goi-mailako ikasketa horiek bitxigintzako piezen diseinuan eta fabrikazioan espezialistak prestatzera bideratuta daude, eta ikasleek ezagutza artistiko, tekniko eta kultural zabala jasotzen dute bertan. Titulazio hori lortzen duten pertsonek artista independente gisa edota tailer edo enpresa baten baitan modu profesionalean jarduteko gaitasuna eskuratzen dute. Bitxigintza Artistikoko goi-mailako zikloak 1875 orduko iraupena du, 2 ikasturtetan banatuta, Amaierako Proiektua garatzeko beste hiruhileko batekin.

Laiak

Laia burdinazko tresna bat da, lurra lantzeko eta iraultzeko balio duena. Urkila-forma du, behealdean burdinazko bi hortz paralelorekin eta goiko aldean egurrezko heldulekuarekin.

XX. mendeko 60ko hamarkadara arte, Euskal Herriko hainbat eremutan, harri gutxiko eta lur sakoneko lurretan, garia edo artoa erein aurretik lurra lehen aldiz mugitzeko erabili izan zen laborantzako lanabesetako bat da

Bi laia mota nagusi daude: kirten luzea eta burdinazko urkila motza dituztenak, Nafarroa eta Aragoi inguruan erabili izan dira; besteek, berriz, punta luze eta kirten laburrak dituzte eta Bizkaian eta Gipuzkoa aldean izan dira erabiliagoak. Desberdintasun horren arrazoia iparraldeko eremuetan lurrak bigunagoak izaten direla da, eta, beraz, sakonago sartuko liratekeen punta luzeak beharko liratekeela.

Lan egiterako orduan bi laia erabiltzen dira ia beti, bat esku bakoitzean. Lurrean sartzen dira eskuekin lagunduz eta oina burdinaren alde horizontalaren gainean jarriz. Azkenik, gorputzarekin palanka eginez, laiak altxatzen dira eta lurrari bira ematea lortzen da. Oro har, taldean egiten den lana da, ilaran jarrita eta atzeraka eginez.