
Irulegiko Kanpaina arkeologikoa eta aztarnategiko bisita gidatuak hasi dira

Arkeologia / Arkeologia indusketa
Osteguna, 2025eko uztailaren 3a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Irulegiko Burdin Aroko aztarnategiak baskoien bizimoduari, gizarte-egiturari eta kultura materialari buruzko zalantza asko planteatzen jarraitzen du. Galdera horietako batzuei erantzuteko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, Irulegi mendiko indusketei ekingo die aurten ere, bi hilabetez.
Mattin Aiestaran arkeologoaren gidaritzapean, eta abuztuaren 17ra arte, hainbat helburu betetzeko asmoa du taldeak. Lehena, ikerketarekin aurrera egitea da, herrixkako eta inguruetako zenbait eremutan indusketak eginez. Izan ere, kanpainaz kanpaina, Irulegi funtsezko aztarnategia bilakatu da Ebro harana altu-ertaineko azken milurtekoko gizarteen eta mendebaldeko Pirinio inguruko eremuaren garapena ulertzeko.
Kanpaina honetan, prospekzio geofisikoen arabera aztarnategiko gunerik erreena induskatuko da. Gainera, arkeologia-taldeak tamaina handiko labea dirudienari erreparatuko dio kanpaina honetan, eta estruktura hori zehaztea izango da 2025erako ezarritako helburuetako bat. Lantaldea baikor dago aurten lor daitezkeen emaitzei buruz, orain arte berreskuratutako materialak oso ondo kontserbatu baitira, adituen arabera.
Kontsolidatutako hiru eraikin
Iaz, azken arkeologia-kanpainetan azaleratu ziren egiturak kontserbatzeko, induskatutako etxebizitzetatik 3 finkatu dira. Funtsezko lana da hori,aztarnategietan kalteak saihesteko eta etengabe jendaurrean jarri ahal izateko. Hona hemen kontsolidatutako 3 etxebizitzak: 6000 eraikina, Irulegiko Eskua agertu zen tokia; 3000 eraikina; eta 5000 eraikina edo eskaileren etxea. Publiko orokorrarentzat eta Irulegiko mendia eta Burdin Aroko herrixka bisitatzen duten guztientzat bisitagarriak diren eraikinak, alegia.
Bisita gidatuek bidaia bat eskainiko dute baskoien lurraldera
2024ean 2000 bisitari baino gehiago pasa ziren Irulegitik, eta aurten ere Aranzadik bisita gidatuak eskaintzen ditu publiko orokorrarentzat, aztarnategian lan egiten duten arkeologoen eskutik. Bisita hauek baskoien lurraldearen bihotzera bidaiatzera proposatzen dute eta Irulegi mendiaren aparteko ondarea ezagutaraztea dute helburu. Abuztuaren 31ra arte egongo dira zabalik, asteazkenetik igandera, 10:00etan hasita Ilundaingo aparkalekutik.
Bisitak webgune hontatik erreserbatu behar dira: www.irulegi.eus