Jesús Arratibel Ruiz De Alegría milizianoaren gorpuzkiak entregatu dira familiari
Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila
Asteartea, 2025eko abenduaren 30a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
- Jesús Arratibel Ruiz De Alegría, sortzez Zalduondokoa (Araba), 21 urterekin hil zen Zornotzako Ospitale Militarrean, 1936ko abenduaren hasieran, eta genetikoki identifikatu dute, Zornotzako hilerrian gorpuzkiak berreskuratu ostean. CNTren Malatesta batailoikoa zen.
- Gerran desagertutako pertsonak bilatzeko programaren emaitza berri bat da hau, familia horien sufrimendua orbaintzen laguntzeko ekimena; aldi berean, euskal gizarteari duintasuna ematen dion prozesua da, biktima horiei merezi duten lekua ematen baitzaie gaur egungo gizartearen memoria kolektiboan.
Jesús Arratibel Ruiz de Alegríaren familiak gaur eguerdian jaso ditu bere gorpuzkiak Dulantziko hilerrian. Bertan izan dira María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Joseba Koldo Garitagoitia Dulantziko alkatea.
Jesús Arratibel Ruiz De Alegríarena Zornotzako hilerrian berreskuratu diren 149 pertsonetako bat da. Zehazki, hilerri horretako 6. hobiko 10.a, 2024ko uztailean egindako exhumazio-kanpainakoa. Gorpuzkiak aztertu ondoren, 2024ko ekainean biktimaren amaren aldeko iloba batek emandako laginarekin alderatu ziren, identifikatu egin zen eta, ondoren, ziurtapen genetikoa egin zen. Gogora DNA laginak hartzeko familiarekin harremanetan jarri ondoren osatu zen prozesu hori, eta azterketa genetikoa egin du EHUko Biomics laborategiak.
Gogora Institutuak aurrera eramaten duen ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren’ emaitza positibo berri bat da hau, gerrako hildakoak bilatu, berreskuratu eta identifikatzeko programarena. Identifikaziora iritsi arteko prozesuaren etapa desberdinetan honako hauek parte hartu dute: Euskal Prospekzio Taldea, Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena.
Desagertutakoen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen du ekimenak, horiek identifikatuta eta haien familiei itzulita; euskal gizartea duintzen duen prozesua ere bada, biktima horiei euskal gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie.
Jesús Arratibel Ruiz De Alegría Zalduondon (Araba) jaio zen, eta 1936ko abenduaren 5ean hil zen, 21 urte zituela, ezkongabea eta seme-alabarik gabea, Zornotzako Ospitale Militarrean. CNT sindikatu anarkistaren ‘Malatesta’ batailoiko borrokalaria zen, eta hil ondoren herriko hilerrian lurperatu zuten.
1936ko abendutik 1937ko maiatzera hildako gudularien senideen bila
Jesús Arratibel Ruiz De Alegríaren identifikazioaren bidez ikusten da uste baino denbora tarte zabalagoan daudela Zornotzan lurperatuta hildakoak eta, beraz, gerra fronteko beste eremu askotatik etorritakoak. Hilerri horretan berreskuratu diren 149 gorpuzkiak (zifra behin-behinekoa da), denbora eta leku tarte zabal batean hil ziren gudulariei dagozkie beraz; 1936ko abendutik 1937ko maiatza bitartean gerrako fronte desberdinetan hildakoei edota zaurituta ospitalera eraman ostean hildakoei.
Beraz, Gogorak berretsi nahi du gerra garaian hil eta desagertuta dauden gudularien senitartekoei egiten dien deia, DNA Bankurako lagina eman dezaten, identifikazio berriak lortzeko.
Gaurdaino, bost dira Zornotzako hilerrian berreskuratu eta identifikatutako gudulariak
- Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia)
- Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia)
- Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaén) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa)
- Benigno Hierro Pinedo, Ortuellakoa (Bizkaia)
- Jacinto Polo Ríos, Donostian jaioa (Gipuzkoa)
- Jesús Arratibel Ruiz De Alegría, Zalduondon jaioa (Araba)
Centoitabengoa, Iñiguez eta Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistaren ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean
Enrique Contreras, EAJ-PNVren ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, bezperan hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan.
Jesús Arratibel Ruiz De Alegría eta Jacinto Polo Ríos (CNTko Malatesta batailoikoak ere, bezperan, 1936ko abenduaren 4an hil zen Elosun, zauritu eta Zornotzako ospitalera eraman ondoren) milizianoen identifikazioak esan nahi du udalerri horretan dauden hildakoak denbora tarte zabalagokoak direla.