Artikulu tematikoa

Katamotza Euskal Herrian

Irudipena ala egia iheskorra

Gaitza da ikusten. Are gaitzago gaur egun Euskal Herrian dabilela frogatzen. 

Bada Erroibarren (Nafarroan) ikusi duenik, euskal oihanetan, baita Erdialdeko Pirinioetan ere, Midi aldean, Aspe eta Ossau ibarretan. Baina ikertzaileen galdera honakoa da: benetan ikusi dute ala irudipena besterik ez da izan? Egon ote da desagertutako animalia espezie hori gure mendietara itzultzeko ahaleginik? Edo beharbada, animalia horien errealitatea ez ikusteko trikimailua baino ez da, galtzeko zorian dira eta. Horrela gizakiak bere errua ezabatuko luke, orain dela mende bat espezie hori akabatu izanaren errua hain zuzen.

Katamotza. Idatzietan ‘tiguere’ edo ‘tigre’ gisa izendatu zuten XVII. eta XIX. mendeen artean. Tigrea irakurri eta animalia kaltegarria ulertu behar dugu, basapiztia. Alegia, 60 erreal aleko jasotzen zuten ehiztarien jomuga. Pizti zitala, beraz, artatxoria, basurdea, hartza, otsoa, urtxintxa, ogigaztaia, belea, eskilasoa, kukua, muxarra, saguzarra edo urtxakurra bezalakoa. Nekazari gizarte tradizionalak arazo sortzaile gisa ikusten zituen animalia espezieetako bat.

Baina sasoi hartan Gorbeia aldean katamotzak ikustea ez zen batere ezohikoa. Agirietako aipurik zaharrena 1762koa da eta ordutik 1777ra arte inguru horretan bost tigre hil zituzten, idatziak aintzat hartuz gero. Gorbeia aldean egindako azken harrapaketa dokumentatuak 1801ean (Baranbion) eta 1803an (Urkabustaizen) izan ziren; garai hartan Lizartza inguruan (Gipuzkoa) ere bazebilen, azkenekoz 1820an aipatu baitzuten bertako agirietan. Arantzazun bazeukaten bere berririk, Jose Ignazio Iztuetari kasu eginez gero behinik behin. Hona hemen nola kontatu zuen 1776ko gertakari hau:

“Milla zazpieun, iruroguei ta hamasei-garren urte inguruan, catamotz izugarri bat arrapatu zuten Idiazabal-co artzaiac cepoan Aranzazu mendian. Eiz caltarquitsu au icusiric aiñ andia, nere aitac pisatu izan ceban guizon ascoren aurrean bera iruroguei ta emezortzi libra. Guztiz ceban colore gorri oritaraco ederra, bere picort beltch distiatuaquin unetic unera or emen chit egoqui apaingarritua; bañan beraren ortz aguiñac, sudurmintzetaco bizar lodi gogorrac, eta azcazal luce cacotu zorrotzac icusi ta beste baque, ezurretarañoco icara sartu zequioquean edoceñi” (Iztueta, Guipuzcoaco provinciaren condaira).

Eta 1837ko aipu batzuen arabera, Villanañeko (Araba) herritar batek ‘pantera’ ehizatu zuen Gaubea aldeko mendietan. Nafarroan azkena Alaitz inguruan ehizatu zuten 1936an. Harrez gero, ‘tigerea’, hasteko bederen, oroitzapena besterik ez da gure basoetan.

Orduan zertaz ari gara? Irudipena ala egia iheskorra?

Hiru katamotz mota

Orain arte bildutako datu guztiek iradokitzen dute Euskal Herrian bizi izan zen katamotz espeziea ipar-katamotza (Lynx lynx) izan zela. Gaur egun Europako Erdialdean eta Iparraldean bizi da. Arrak 25 kilokoak izateraino hazten dira; emeak, ostera, 20 kilokoak. Ilajea zuria da, orban beltzik gabekoa.

Iberiar Penintsulako hegomendebaldean iberiar katamotza (lynx pardina) esaten diotena dago. Espezie txikiagoa da izan, 10-16 kilo bitartekoa, eta orban beltzez zipristinduriko ile horixkak ezaugarri ditu, punta beltzeko buztan laburra eta pintzel gisa amaitzen diren belarriak ahaztu barik.

Ikertzaile batzuen aburuz bada hirugarren espezie bat. Mota horri lynx spelaea edo haitzuloetako katamotza esaten diote (Boulek deskribatu zuen 1919an) eta Pirinioetako ipar isurialdean aurkitu dute. Gainerako bien aldean, katamotz hori tamaina ertainekoa izango litzateke, eta hori azaltzeko ere badago hipotesirik: azken glaziazioan eta hotzari ondo egokitzeko, iberiar katamotza handitu egin zen. Beraz, itxuraz, hiru espezie dira. Baina, ikertzaileen arabera, azken mota horretako hondar gehienak Goi Paleolito aldikoak dira.

Aurkikuntzak Euskal Herrian

1980an Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologo talde batek ipar-katamotz (lynx lynx) heldu baten hezurdura ia osoa aurkitu zuen Pagolusietako leizean (Gorbeia). Oraindik ere zehazteke dago zein garaitakoa den, baina Euskal Herriko Neolito aroaren ostekoa bide da, alegia, k.a. 3.500 urtetik honakoa.

2007ko ekainean Mezkirizko Zerpenteko Lezen (Erroibar), katamotz-burezur bi kausitu eta bertatik atera zituzten. Antza denez, XIX. mendekoak izan daitezke baina oraindik ere ikerketa lanetan ari dira eta ez dago aurkikuntza honen gaineko argitalpenik.

Antzinetik bizi izan da katamotza Pirinioetan, horretaz ez dago dudarik, hamaika testigantza paleontologiko eta historiko aurkeztu baitituzte, baina XX. mendeko lehenengo herenetik ia erabat desagertutako espezietzat jo izan dute. Eta, itxura denez, modu zuzenean ala zeharka, giza jarduera dugu akabera horren arrazoi nagusia. Hala katamotza basapiztitzat jo eta ehizaki bihurtu zutelako, nola untxiak –katamotzaren jaki printzipala- ugari harrapatu zituztelako, katamotza gure mendietatik aienatu zuten. Gainera, ezin ahaztu Mixomatosis gaixotasunak untxi gehienak akabatu zituela XX. mendean eta, ondorioz, are larriagoa egin zuen katamotzarentzat hil ala biziko kinka hura.

Bada katamotzik Euskal Herrian eta Pirinioetan?

Gaur egun ugariak dira Erroibarren edo Gorbeialdean katamotzak ikusi dituztenen testigantzak. Beste kontu bat da hori zientifikoki baieztatzea. 2000. urtean Pirinioetan ipar-katamotzaren gaineko ikerketak egin zituzten. Azterketarako metodoak honako hauek izan ziren: ustezko agerpenak bildu eta iragazi, argazkiak egiteko tranpak paratu, artaldeei egindako erasoak ikertu eta gorotzak genetikoki aztertu. Orotara 43 kasu bildu zituzten, horietatik 10 oso sinisgarri eta 3 seguruak. Azken horiek ipar-katamotzak ziren.

Eta ondoko emaitza hauek atera ziren: argazkiak egiteko tranpek ez zuten ezer utzi; artaldeen kontrako erasoetako bat katamotzak egindakoa ematen du, ardiei eragindako kalteak eta inguruan katamotzak ikusi izaneko testigantzak kontuan hartuta. Baina genetikoki aztertutako gorotzetatik batek ere ez zuen zerikusirik Lynx generoarekin.

Beraz, balizko ikustatze horien emaitzek ez dute frogatzen gaur egun katamotza Pirinioetan bizi denik, baina, hala ere, nahikoa esanguratsuak dira ikerketei eta bilaketei segida emateko.

Edonola ere, argi dago ipar-katamotzak eremu zabalak, 100en bat km2, behar dituela bizitzeko eta, bistan da, Euskal Herrian gero eta gutxiago dira zabalera horretako esparru irekiak. Horregatik, Eskandinabia, Siberia, Errusia, Polonia, Karpato mendiak, Alpeak… leku egokiak dira animalia honentzat. Gipuzkoan bizitzeko, esate baterako, katamotzak lanak izango lituzke.

Euskal Herritik aienatu izanaren arrazoia zein den ere, egia da katamotzei ez diegula batere erraztasunik eman gure ondoan irauteko eta, hemen badaude, zalantzarik gabe, ez dute gurekin egon nahi.