Mikel Lordaren Nafarroako Flora Baskularraren Atlasa aurkeztu zen atzo Iruñean

Botanika / Iberiar Penintsulako iparraldeko flora eta landarediaren kontserbazioa

Asteazkena, 2025eko abenduaren 3a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Pinaquy aretoan (Iruñea) aurkeztu zen atzo Mikel Lorda botanikariaren bizitza osoko lana, "Nafarroako Flora Baskularraren Atlasa", eta bertan bildu zen Euskal Herriko botanikari komunitatea, lan inspiratzaile hau beso zabalik jasotzeko.

Mikel Lordaren hamarkadatako lana izan da proiektu hau, eta horri esker, era zehatz eta zorrotzean bildu du Nafarroako floraren inguruko informazioa. 1.440 orrialdeko liburu honen atzean, milaka lanordu daude, mendian zein bulegoan. Izan ere, Nafarroako bazter gehienak miatzeaz gain, liburuak biltzen dituen ia 3.000 taxonen informazioa jasotzeko, autoreak 100.000 zita, 60.000 plegu eta 800 iturri bibliografikoetatik gora kontsultatu ditu. Ezin da esan gabe utzi bere herbario pertsonaleko 23.000 plegu ere badaudela lan honen oinarrian. Atlasak, 375 urteetako jakintza botanikoa biltzen du, 2025eko udaberrira arte. Zentzu honetan, Lordak azpimarratu du ez dela amaitutako lana, eta aurkikuntza berriekin osatu beharko dela.

Atlasak Nafarroan aurki daitezkeen landare baskularren datu korologikoak jasotzen ditu, baina Lorda haratago joan da eta, ilustrazioak, argazkiak, gako dikotomikoak, eta dokumentazio andana ere txertatu ditu liburuan. Gure floraren oinarrizko jakintza biltzen duen atlas hau, ez da soilik komunitate zientifikorako baliagarria, baita biodibertsitatearen kudeatzaileentzat eta publiko orokorrarentzat ere.

Bizitza osoko lan hau, Euskal Herriko landarediaren jakintzari buruzko mugarri garrantzitsua da, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat oinarrizko erreferentzia izango da Nafarroako flora ulertu eta babesteko.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saileko kideen partez, Zorionak Mikel!