Nolako herria, halako natura ezagutza
Botanika, Herpetologia, Mikologia, Ornitologia / Dibulgazioa
Osteguna, 2022eko ekainaren 30a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 5 minutu
UPV/EHUk eta Aranzadik egindako ikerketa batek erakutsi du Bigarren Hezkuntzako ikasleen naturarekiko interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela.
Klima aldaketarekin batera, egun dugun arazo larrienetako bat biodibertsitatearen galera da. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak, eta tartean, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin beharko dieten herritarrek, egungo gazteek, alegia, biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa izatea.
Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek, Euskal Herriko 12-13 urteko gazteen fauna eta flora ezagutza aztertu dute, bai eta talde horiekiko eta naturarekiko interesa ere, ingurumenarekin duten lotura eta ezagutza aztertu nahian.
Environmental Education Research aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek erakutsi dute ikasleen interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela. Landareen kasuan, gainera, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan ere antzeman den “landareekiko itsutasuna” (Plant blindness) dagoela ondorioztatu da; hots, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz. Horrez gain, ikerketak erakutsi du herri txikietan bertako espezieak izendatzeko gaitasun handiagoa dutela, ziur asko, inguratzen dituen naturarekin duten eguneroko kontaktua handiagoa delako. Era berean, bertako espezieei loturiko ezagutza eta interes urriak daudela ondorioztatu da, eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute zientzia mailan hemendik aurrera erabiltzeko: “bertako espezieekiko kontzientzia-eza” edo “Native species awareness disparity”.
Emaitzek erakusten dutenaren arabera, ezinbestekoa da ingurumen hezkuntza indartzea eta naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea, bai gizarte mailan, zein hezkuntza mailan, gaur egungo eta etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko gizartearen biodibertsitate alfabetizazioa ezinbestean eman beharreko pausua delako.
HELBURUAK ETA METODOLOGIA
Biodibertsitatearen inguruko ezagutza ebaluatzeko modu bat, espezieekiko ezagutza neurtzea da, zehazki, espezieak zerrendatzeko gaitasuna aztertuz. Hargatik, Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako 12-13 urteko 1000 ikasle ingururekin egin den ikerketa honetan, animalia eta landare ezagutza neurtu nahi izan da, bai eta ezagutza horretan zein faktorek eragiten duen gehien:
naturarekiko interesak, bizilekuak, eskola motak –publikoa edo pribatua-, per capita errentak, animaliekiko edo landareekiko lehentasunak, eta abar.
Egindako lanean, guztira Euskadiko eta Nafarroakoa 26 eskolatako ikasleek parte hartu dute eta guztiei galdetegi bera pasa zaie:
- Zerrendatu ezagutzen dituzun 10 animalia basatien espezieen izenak.
- Zerrendatu ezagutzen dituzun 10 landare basatien izenak.
- Zenbateko interesa duzu naturan?
- Zeintzuk pizten dute interes gehien zugan, animaliek edo landareek?
- Aukeratu ezazu zure interesekoa den animalia-taldea (maskotak, ugaztunak orohar, etxabereak, anfibioak, arrainak, hegaztiak…)
- Aukeratu ezazu zure interesekoa den landare-taldea (loreak, barneko landareak, algak, zuhaitz eta zuhaixkak, laboreak…).
EMAITZAK
- Orokorrean, ikasleek askoz animalia gehiago zerrendatu dituzte (batezbeste 9.5) landareak baino (batezbeste 5.7), “Landareekiko itsutasuna”ren sintomatzat har daitekeena.
- Gainera, ikasleen % 82,8ak eskatzen zitzaizkien hamar animalia zerrendatzeko gai izan diren bitartean, % 7,4a baino ez da gai izan hamar landare izendatzeko.
- Aipaturiko animalia asko karismatikoak izan dira: ugaztun handiak. Ordea, ornogabe edo anfibioak, esaterako, apenas aipatu dira, nahiz eta ornogabeak talde oso ugaria eta dibertsoa izan eta anfibioak mundu mailako ornodun talde mehatxatuena den.
- Nabarmentze-indize altuena izan dutenak, alegia, sarri agertzeaz gain, zerrenden lehenbiziko lekuetan azaldu direnak dira: lehoia, tigrea eta otsoa, hurrenez hurren. Herri txikienetan, otsoak du nabarmentze-indizerik altuena.
- Landareen kasuan loredun landareak edo angiospermoak izan dira gehien aipatu direnak; eta nabarmentze-indizerik gorenena haritzak izan du, eta ondoren pinuak eta sagarrondoak.
- Batezbeste, ikasle bakoitzak aipatu dituen animalien erdia bertakoa da, eta beste erdia exotikoa (sabanakoa batez ere). Landareen kasuan, ostera,
landareen erdia inguru bertakoa da eta beste erdia domestikatua (eta ikasleek apenas aipatu dute atzerriko landarerik: baobab…).
- Naturarekiko interes maila altua islatu dute ikasleek orokorrean.
- Interesekin jarraituz, animaliekiko interesa handiagoa izan da landareekiko interesa baino.
- Animalia eta landare zerrendapenean eraginik handiena zein aldagaik ote duen aztertzean, zera behatu da: ikasleen herriaren tamaina dela erabakiorra.
- Orokorrean, ikasleen herria zenbat eta tamaina txikiagokoa izan (populazioari dagokionez), orduan eta bertako espezie gehiago zerrendatu dituzte ikasleek, eta atzerriko edo exotiko gutxiago. Ostera, zenbat eta herria handiago, atzerriko espezie gehiago aipatu dituzte (zergatia: naturarekiko harreman eskasa eta film, marrazki bizidun, dokumental, testuliburu edo zooen eragina). Hau batez ere nabarmena izan da animalien kasuan.
- Landareen kasuan joera hau ez da horren nabarmena izan estatistikoki, seguruenik “Landareen itsutasuna” oso hedatua dagoelako eta egun gure paisaia osatzen duten landare domestikatu portzentaia altuaren ondorioz (bai egurra ateratzeko, bai eta elikadurarako landatzen ditugunak).
ONDORIOAK
Ikerketan ateratako emaitzek erakusten dute “Bertako espezieekiko kontzientzia eza” (“Native species awareness disparity” moduan bataiatu dena lan honi esker) dutela Euskal Herriko gazteek. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte. Bestalde, “Landareekiko Itsutasuna”ren (“Plant blindness” moduan ezagutzen dena) zantzuak ikusi dira atal ezberdinetan. Esaterako, landareen zerrendapena animaliena baino askoz laburragoa izan da eta animaliekiko interes altuagoa erakutsi dute ikasleek galdegin zaienean.
Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke bertako naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.
Ikerketaren emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da.
Beraz, ezinbestekoa da etorkizunean, hezkuntza formalean zein informalean, naturaz gozatzeko ez ezik, ingurumenean azterketa txikiak egiteko, hipotesiak azaleratzeko, eta azken finean, ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzea.
Horretarako, irakasleak eta ikasleak (zein gurasoak) formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, natur guneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.
Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean.