San Adrian-Lizarrate tunelean Neandertalgo gizakia bizi izan zela berretsi da

Historiaurrea / Arkeologia indusketa

Osteguna, 2025eko uztailaren 17a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

San Adriango tunela ia 1.000 metrora dago eta Gipuzkoan altitude handienean dagoen aztarnategi arkeologikoa da. Jatorri karstikoko pasabide natural horretan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia talde bat gure iraganeko piezak lurpetik ateratzen aritzen da udan.

Uztaileko hamabost egunetan, hamar bat boluntariok eta arkeologok osatutako taldea bi zundaketa oso sakon induskatzen aritu da, bakoitza ia 3 metroko altuerakoa, gure historiaurreko aztarnak aurkitzeko asmoz. Lehen zundaketan 14.000 urte dituzten piezak aurkitu dira (Madeleine aldia), eta horrek esan nahi du San Adrianen homo sapiensa bizi izan zela.

Eta, bigarrenean, arkeologoak maila oso zaharretara iritsi dira, eta gureaz oso bestelako espezie baten piezak aurkitu dituzte, neandertalarenak, hain zuzen ere.

Indusketa horren emaitzak oso positiboak izan dira. Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Departamentuko zuzendari Jexux Tapiaren hitzetan, aurkitutako materialek erakusten dute neandertalek koba hau maiz erabiltzen zutela azken glaziazioaren faserik epelenean. Kanpaina honetako aurkikuntzei esker, esan dezakegu neandertalen taldeak duela 41.000 urte inguru ez zirela noizean behin igarotzen haitzulotik, maiz baizik. Aurkitutako aztarnen artean, tresna ebakitzaileak zizelkatzeko erabilitako arroka mota desberdinak identifikatu dira, eta silexaren kasuan, Urbasa, Trebiño eta Flyschetik ekarritako barietateak erabili ziren. Horrek esan nahi du neandertalek San Adrian hartu zutela lurralde zabalean egiten zituzten joan-etorri nomadetarako pasabide estrategiko gisa, lantzeko harrien kontsumoa ahalik eta gehien dosifikatuz eta mendiko pasabide egokienak aprobetxatuz.

Harrizko aztarnez gain, animalia hezurren zatiak ere berreskuratu dira, besteak beste, neandertalek hildako eta kontsumitutako piezak, baina baita haitzuloan bizi izan ziren beste haragijale batzuen arrastoak ere, hartzenak, adibidez. Hori dela eta, bereizi behar ditugu neandertalek harrapatutako harrapakinei dagozkien hezurrak eta haragijaleek eraman zituztenak, eta, horretarako, hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak hartu behar dira kontuan. Okupazio horiek izan ziren geruzetan gero eta hondakin gehiago agertzen dira, eta hurrengo kanpainetarako espero da ebidentzia multzo zabalagoa berreskuratzea San Adrianen neandertalek egin zituzten jarduerak interpretatzeko.

Aztarnategirako bisita instituzionala

Joan den ostegunean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Goizane Álvarezek eta Kulturako zuzendari Mari Jose Telleriak bisita instituzional bat egin zuten, gertutik ezagutzeko aztarnategia, kanpaina berri honetako pieza arkeologikoak eta bertan lan egiten duen taldea.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuaren hitzetan, “San Adrianen neanderthalen presentzia aurkitu izana aparteko errebelazioa da eta Gipuzkoa Europako Historiaurreko aurkikuntza handien mapan kokatzen du. Duela 40.000 urte baino gehiago, neanderthalak bizi izan ziren mendi-pasagune horretan, eta horrek gure lurraldearen eta gizateriaren historia urrunaren arteko lotura sakona adierazten digu”.

Alvarezek, gainera, erakunde publiko eta zientifikoen arteko lankidetza nabarmendu du jarraitu beharreko eredu bezala: “Aztarnategi hau adibide ezin hobea da ikusteko nola kultur eragileen, zientzialarien eta administrazioen arteko lankidetzak —Aranzadi Elkartea, Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa, Zegamako Udala eta Aldundi hau, adibidez— fruituak ematen dituen helburu komun bat dagoenean: gure ondare kolektiboa balioan jartzea eta babestea”.