Tabakalerako eskailera igelen kantuz blai

Herpetologia

Astelehena, 2026eko otsailaren 9a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadiko herpetologia sailak Tabakalerako Brekekekex, ko-ax, ko-ax! instalazioan parte hartu du.

Tabakalerak Brekekekex, ko-ax, ko-ax! aurkeztu du, Mikel R. Nietoren eta Illart Alkortaren soinu-instalazioa, zentroko eskailera nagusia entzute aktiborako espazio bihurtzen duena. Obra sistema sintetiko-ekologiko bat da: igelen kantuaren grabazio errealak abiapuntutzat hartu eta soinua sintetizatzeko prozesuen bidez eraldatzen ditu, etengabe eboluzionatzen doan ingurune akustiko bat sortzeko.

Instalazioaren izenburuak igelaren kantuari egiten dio aipamena Aristofanesen Igelak (K.a. 405) komedian dagoeneko agertzen den onomatopeia baten bidez soinu horien dimentsio historikoa eta kulturala azpimarratzeko. Orain Tabakaleran aurkezten den proiektu hau 2025eko udaberrian hasi zen, Donostiako Igeldo-Igara inguruko putzu eta hezeguneetan egindako grabazioekin. Bertan, hegoaldeko igelaren (Hyla meridionalis subsp. synthetica) kantuaren patroiak eta ingurunearekiko haien soinu-portaerak aztertu zituzten artistek.

Instalazioak ardatz duen ikerlanak espezieari buruzko aurretiko azterlanak hartu ditu erreferentziatzat, haien artean Madeleine Pailletek 1970eko hamarkadan egindakoak, kantua aktibatzen duten ingurumen-baldintzak —egutegia, ordutegia, tenperatura edo hezetasuna— baita banakoen arteko sinkronizazio-prozesuak eta koruen eratzea ere aztergai hartuta.

Printzipio biologiko horiek Tabakalerako espazio arkitektonikora ekarri dira etengabe erantzuten diharduen eta modulatzen doan sistema baten bidez. Instalazio bat da horren emaitza, bisitariek soinu-organismo gisa ulertzen dutena; organismo honen patroiak aldatu egiten dira denboran zehar, eta horrek bestelako entzute-esperientzia sorrarazten du bisita bakoitzean.

Nietok eta Alkortak azaldu dutenez:

Entzuten duzun korroka hots bakoitzak igelaren soinua adierazten du, pertzepzioari, errealitateari eta gure entzumenak ingurune naturalarekin duen harremanari buruz hausnartzeko aukera ematen duen soinu-objektu bat. Entzuteak espazioan hedatzen den soinu-ekosistema zabalago batean parte hartzea dakar.”

Proiektuan Team Open Acoustic Devices, Aranzadi Zientzia Elkartea eta 11 Hamaiketako Kultur Elkartea dira kolaboratzaileak. AudioMoth gailuekin egindako grabazioetatik eta SuperCollider-ekin sintetizatutako soinuetatik abiatuta egin da instalazioa.

Instalazioa Tabakalerako eskailera nagusian egongo da, 2026ko otsailaren 12tik uztailaren 26ra, zentroaren ohiko ordutegian.

Aktibazioak gaueko ordutegian

Tabakalerak instalazioaren hiru aktibazio antolatuko ditu gauez, proiektuak igelen soinuak nola errepikatu, imitatu, sintetizatu eta abstraitzen dituen erakusteko. Zentroa, salbuespen gisa, ohiko ordutegitik kanpo irekiko da, eta testuinguru espezifiko bat eskainiko du soinuaren, entzutearen eta ingurunearen arteko harremanari buruz hausnartzeko. Jarduera irekiak dira publikoarentzat, aldez aurretik izena emanda, eta ez da behar aldez aurreko ezagutzarik ez eta ekipamendu berezirik ere parte hartzeko. Izen-ematea Tabakaleraren webgunean edo Zentroko Informazio Gunean egin ahal izango da.

Otsailak 12: Mikel R. Nieto (ES)

Apirilak 24: Illart Alkorta (EU)

Ekainak 12: Ion Garin, herpetologian aditua Aranzadi Zientzia Elkartean (EU)