Scientist Stories
Aranzadiko emakumeak: Ane Fernandez Arrieta
2018ko udan hasi zen Aranzadiko herpetologia sailean lanean, baina aurretik ezagutzen zuen erakundea. Izan ere, 2017an graduko praktikak eta Gradu Amaierako Lana ere bertan egin zituen anfibioen dibertsitatea aztertzen.
Azkeneko bost urteetan ibilbide oparoa izan du ikerketa eta dibulgazioa era ezin hobean uztartuta. Berak kudeatzen ditu erakundeko proiektu interesgarrienetako batzuk. Tartean Eskoletako Urmaelen Sarea, Euskal Herriko 32 urmaelek osatutako sarea da eta bertan putzua eta bertako diberstitatea erabiltzen dute hezkuntzan lantzeko. Horrez gain, elkarteko sare sozialetako bi kanpaina garrantzitsuenak ere kudeatu ditu #txiobatputzuan eta #sugebizi. Hainbesteko harrabotsik izan ez arren, ikerketa lanetan ere badabil anfibio eta narrastien inbentarioak egiten eta anfibioen egoera fisiologikoaren jarraipenak egiten.
Animalia talde ezezagun eta askotan beldur eragile horiekin lan egitea ez da erraza, batetik aurkitzea bera zaila delako, eta bestetik, finantzabidea topatzea ere ez delako samurra. Baina tartean Aneren lana medio, gero eta oihartzun eta kontzientzia gehiago ari da sortzen eta animalia talde ezagunago eta maitatuagoa bilakatzen ari da.
M8aren inguruan galdetuta Anek honakoa opa dio Aranzadiri: "Gure lantokia guztiontzako leku segurua izan dadin, berdintasunean jarduteko formakuntzak edo jarduerak aurrera eramatea espero dut, pixkanaka, langile orok eguneroko bizitzan gerta daitezkeen desberdintasun- edo/eta matxismo-egoerak identifikatu, seinalatu eta gaitzesteko gaitasuna izan dezan. Eta noski, aniztasunaren eta feminismoaren aldeko bidean aurrera jarraitzea ere opa diot."