Aranzadi herritarren eta hiri biodibertsitatearen arteko deskonexio emozionala aztertzen duen parte-hartze prozesu baten buru da

Entomologia, Herpetologia / Biodibertsitatea, Erronka ekosoziala

Ostirala, 2025eko urriaren 10a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak herritarrek parte hartzeko kanpaina bat jarri du abian, BiArtekoMugi proiektuaren barruan. Herritarrek hiriko biodibertsitateari buruz duten ezagutzan eta pertzepzioan jartzen du arreta ekimen horrek. Partaidetza-kanpaina hau diziplinaz gaindiko proiektu anbiziotsu baten lehen fasea da, pertsonak hirietan bizi den naturarekin berriz konektatzea helburu duena.

Carlos Cabido proiektuaren zuzendarikideak azaldu duenez, "BiArteko Mugi gero eta hiritartuago dagoen mundu batean naturarekin bizi dugun deskonexio emozional eta ekologiko gero eta handiagoari erantzuteko beharretik sortu da. Bioaniztasuna espazio babestuetan edo urrunduetan bakarrik existitzen delako ideiaren aurrean, BiArteko Mugik bizi garen natura berraurkitzera gonbidatzen gaitu: gure kale, parke eta txoko urbanoetan ".

Erronka handi horren helburua, beraz, hiri-biodibertsitatea herritarrei hurbiltzea da, zientzia, artea, teknologia, mugikortasun aktiboa eta parte-hartzea uztartzen dituzten esperientzia eraldatzaileen bidez.

Lehenengo fase honetan herritarren partaidetzarako ataria abiaraziko da, funtsezko tresna proiektuaren edukiak diseinatzeko eta Donostiako herritarrek hiriko biodibertsitatearekin duten ezagutzari eta lotura emozionalari buruzko diagnostikoa egiteko. Datozen hilabeteetan, BiArteko Mugiren webgunearen eta sare sozialen bidez, edonork parte hartu ahal izango du proiektuaren diseinuan, galdetegiari erantzunez.

Bea Díaz proiektuaren zuzendarikidearen hitzetan, "uste dugu beharrezkoa dela parte hartze deliberatiborako eta baterako sorkuntzarako guneak aktibatzea, herritarrak proiektuaren parte aktibo izan daitezen. Ikuspegi horrekin hobeto ulertu nahi dugu herritarrek biodibertsitatearekin duten harremana, gure estrategia egokitzeko eta gizartearen jabetzea sustatzeko ".

Partaidetza-prozesu horren ondorioz, hainbat ekintza garatuko dira 2026an. Horien artean, Donostiako interpretazio-ibilbideak, hiriko biodibertsitatearen elementu txikiak lotuko dituztenak, elementu horien bidez gure inguruan gertatzen diren fenomeno ekologiko eta ebolutiboak ezagutzeko. Ibilbide bakoitzak, bere gaiarekin, QR kodeen bidez eskura daitezkeen kapitulukako dokumental gisa funtzionatuko du, eta bertatik bertara grabatutako bideoekin lotuko dira.

Gainera, ibilbide batzuk mugikortasun urriko edo / eta adineko pertsonen garraiorako egokitutako trizikloetan eskuratu ahal izango dira, Bizikletaz Adinik Ez (BAE) erakundearekiko lankidetzari esker. Ibilaldi bakoitzak eduki sentsorialak eta irisgarriak izango ditu, eta pertsona guztiek hiriko biodibertsitateaz gozatzeko eta ulertzeko aukera izango dutela bermatuko da.

Urriaren 10etik aurrera, interesa duten guztiek parte hartu ahal izango dute kanpaina honetan webgune honen bidez: www.biartekomugi.eus

ERRONKA EKOSOZIALA

Kutxa Fundazioaren laguntzari esker, Biarteko Mugi "hirugarren kulturaren" filosofiarekin lerrokatutako diziplinaz gaindiko proiektu bat da, zientzia eta humanitate sorkuntza dibulgazio-prozesu berean batzen dituena, alegia. Helburua jasangarritasuna, teknologia, gizarteratzea eta edertasuna hiri-espazioen eraldaketan integratzea da, printzipio banaezin gisa.

Proiektuak Chillida Leku, Ikasplay, BAE, Inguropsiko (EHU-UPV), Donostiako Udala edo Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakundeen partaidetza du, besteak beste.

Hiri-ibilbideak sortzeaz gain, hurrengo hilabeteetarako helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira:

Esku-hartze artistikoak: Urban Fauna Resort

Chillida Lekurekin lankidetzan, deialdi ireki bat egin da esku-hartze artistikoak sortzeko, basa-faunarentzako babesleku gisa eta biodibertsitatearen balioa transmititzeko gailu sinboliko bezala funtziona dezaten. Artistek eta zientzialariek diseinatuta, espazio publikoa artea eta natura uztartzen dituen arte biziaren museo bihurtuko da.

Hiri-zaharberritze ekologikoa

Donostiako Udalarekin lankidetzan, hiri-habitatak hobetzeko eta lehengoratzeko ekintzak gauzatuko dira: putzuak naturalizatzea, animalia txikientzako babeslekuak jartzea, landaretza autoktonoko uharteak sortzea eta naturan oinarritutako irtenbideak. Ekintza horiek hiriaren konektibitate ekologikoa eta ingurumen-osasuna indartuko dituzte.

Aplikazio mugikorra eta errealitate areagotua

App interaktibo bat garatuko da, laguntzaile birtual eta ibilbide natural gisa jardungo duena, tokiko espezieen errealitate areagotua eta biki digitalak txertatuz. Behatzeko zailak diren espezieak ikusteko aukera emango du, eta ikus-entzunezko edukiak eta eduki ludikoak eskainiko ditu, ibilbide naturalak ikasteko eta gozatzeko esperientzia aberastuko dutenak.

Mezenasgoa

Enpresen eta erakundeen laguntzari esker, gure gizarteari eta natura-inguruneari aurrera eginarazten dioten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera dugu.

Bere babesa eman diguten erakundeak:

Informazio gehiago