Oroimen historikoa berreskuratu eta dibulgatzeko fase berria abiatzeko hitzarmena sinatu dute Aranzadik eta Azpeitiko udalak

Aranzadi

Miercoles, 5 de Febrero, 2020 — CEST

Lectura: 3 minutos



Egia, justizia eta erreparazioa. Horiexek izango dira aurrerantzean ere Azpeitiko Udalak eta Aranzadik memoriaren berreskurapenerako izango dituzten lanerako printzipioak: "Printzipio horien baitan egin ditugu, orain artean ikerketak eta hainbat erreparazio ekintza. Bide horretan, eta printzipio horien baitan jarraituko dugu lanean", azpimarratu du Alkortak.



Urte emankorrak eta lan handikoak izan dira bi erakundeen elkarlanekoak: "Giza eskubide urraketa batzuk ikertzera beranduegi heldu gara, 36ko gerra izan zenetik 80 urte baino gehiago pasatu dira eta giza eskubide urraketak jasan zituztenetako asko eta asko jada ez daude gure artean. Hala ere, ausardiaz jokatu eta ikerketari ekin genion. Gure ustez, ezinbestekoa delako iraganeko egia jakitea etorkizuna eraikitzeko", gaineratu du.

36ko Gerratik gaur egun artera arteko giza eskubide urraketen inguruko ikerketak egin ditu Aranzadik, giza eskubide unibertsalen parametroen baitan: "Lan hori egin duen lehen herria gara, giza eskubide urraketa guztiei izen eta abizenak jartzeko ariketa egin dugun lehenak. Ez da inoiz gure asmoa izan lehenak izatea, baina hartutako konpromisoak eta etengabeko lanak eman gaitu lehenak izatera", zehaztu du Alkortak.

Oinarria jarrita, bildutako ezagutza guzti hori zabaltzeko garaia dela uste dute. Helburu horrekin osatu dituzte orain arteko liburuak orain, ekintza desberdinen bidez dibulgazioan jarraitzea da asmoa: "Gertatutakoa ezagutarazi nahi diegu herritarrei, eta bide horretan helburu bikoitza dugu: memoria historikoa sustatzea, bizikidetza sendotzeko funtsezko elementu gisa. Eta herritarrak memoria kolektibo horren eraikuntzan bidelagun izatea eta urraketak jasan dituztenen mina arintzeko moduak bilatzea".

Memoriaren irudia

Gerra zibiletik gaur egunera arte ikerketak egin ondoren, "zabalkunde jarduerak" egiteko garaia dela adieraziz hartu du hitza Javi Buces Aranzadiko historialariak. Horretarako, lehenengo Azpeitiko memoriaren inguruko irudia osatu dute, bide horretan egiten den "lan guztiak irudiarekin identifikatzeko".

Irudiak hiru ideia nagusi biltzen ditu: Guztion aportazioekin eraikia; ezberdinen/kontrakoen konplementariedadea (txuria/beltza, triangelu/zirkulu); bertan babesa topatzen du indibuoak, kolektiboaren artean eraikitako gunean

"Hiru ideia horiek, hain zuzen ere, funtsezkoak izan dira egindako ikerketa guztietan", azpimarratu du Bucesek.

Azpeitiaoroimena

Aurrera begira, ekintza desberdinak

    • Martxoaren 31n: Gazteentzako literatur lehiaketa bat jarriko da abian. "Egin ditugun liburu eta ikerketetan errepresioaren eta indarkeriaren ehunka istorio ezberdin daude. Historia horiek ikerketa-kasu gisa tratatu ditugu, eta, beraz, modu hotz xamarrean. Orain, beste pauso berri bat eman nahi dugu, eta orain gazteek historia beste formatu edo erregistro batean idaztea nahi dugu: poesiaren bitartez, edo prosaz...

    • Ekainaren 10ean: Azpeitiko memoriaren webgunea aurkeztuko da. Azpeitiaoroiemena.eus izango da eta webgune horretan ikerketeta desberdinetan identifikatutako mila pertsonatik gora agertuko dira. Beraien biografiak, testigantzak eta abar. Era berean, webgune horretan herritarrek ikertzailei kontsultak egin edo datu berriak emateko gune bat ere eskainiko zaie.

    • Irailaren 19an: Azpeitian tropa faxistak sartu ziren eguna da. Beraz, Azpeitian egun hori Azpeitiko memoriaren eguna bilakatzeko asmoa dute. Horregatik, urtero ekitaldi bat antolatuko da.

    • Azaroaren 10ean: Ofizialki, Memoriaren Eguna da EAEn. Urtero, data hori aprobetxatuko da memoria historikoari buruzko jardunaldiak antolatzeko. Horrela, Azpeitia, Euskal Herri mailan, erreferente bihurtu nahi dute oroimen historikoaren arloan. Horretarako, EHUko Giza Eskubideen Katedraren laguntza izango dute (Katedra hau Jon Mirena Landak zuzentzen du).