"Urnietako Udal artxiboa altxorra da, 1936ko aroari dagokionez"

Aranzadi

Lunes, 18 de Enero, 2021 — CEST

Lectura: 6 minutos

Memoria historikoaren arloan egina duen ibilbide pertsonalaz gain, bi liburuen edukiaz, Urnietako emakumeek bereziki jasandako indarkeria motaz, errudunen izenak argitaratzearen inguruko eztabaidaz, … jardun du Arizabaletak, Aiurriri eskaini dion elkarrizketan.

Historialaria zara ikasketez eta ogibidez.

Bai, gaztetan, Grezia, Egipto eta Erromako garai klasiko hark interesa pizten zuen nigan, eta horrexegatik ekin nion historiaren ikasketa akademikoari. Aurrera egin ahala, ordea, zenbait auzi eta galderek eragin zidaten arreta: gaur nolakoak garen eta zergatik, geure nortasunean zenbat eragin duen geure hurbileko iraganak… Euskal Herriak azken hamarkadetan jasan dituen aldaketa demografikoak, politikoak, sozialak eta abarrak aztertzera eta ikertzera eraman ninduten galdera horiek.

Frankismoak zapaldutako kideren bat familian edo inguruan edukitzeak eraman al zaitu memoria historiko garaikidea jorratzera?

Motibazio berezirik alde horretatik ez dut eduki, egia esanda. Amari beti entzun izan diot Bergarako bere auzoan (Osintxu) nola desagerrarazi zituzten bost lagun eta bertako apaiza nola izan zen salataria; baita ere, azken urtetan, etxean jakin izan ditugu Terueleko frontean hildako osabari buruzko xehetasunak. Nolanahi ere, etxeko transmisio horrek baino gehiago, lehen aipatu dudan galderek bultzatu ninduten Aranzadi Zientzia elkartearekin lan egiten hastera, 2018an.

Zoritxarrez, isiltasuna izan da nagusi bai Bergaran, eta baita Urnietan zein Euskal Herriko beste hainbat herrietan, eta belaunaldi askok geure historiarekiko ezjakintasun hori jasan behar izan dugu.

Aranzadin zein egitasmoetan aritu zara azken bi urte horietan?

Aranzadik lan-talde bat osatua dauka 36ko Gerra Zibila eta Lehen Frankismoko errepresioa lantzeko, eta asmo horretara lotutako zenbait proiektuetan lan egitea egokitu izan zait. Dokumentuekin datu baseak hornitzea eta testigantza pertsonalak jasotzea, eta, argitalpenak egitea, batez ere. Esate batera, Getaria, Tolosa, Hernani eta Azpeitiako web guneak lantzea; Hernani, Zegama, Orio, Zornotza eta Olaberriari buruzko argitalpenak osatzea… Lanez gainezka gabiltza, egiaren bila eta zapalduei izen-abizenak jartzeko. Esango nuke Debari eta Urnietari buruzko liburuetan esku hartze zuzenagoa eduki dudala, bestetan baino gehiago.

Urnietako bi liburuek, agirien bidez, sakon aztertzen dute errepresio frankista.

Urnietako udal artxiboa altxorra da aro historiko horri dagokionez. Era askotako informazioa jartzen dizu eskura: nortzuk parte hartu behar izan zuten ebakuazioan, nortzuk jasan zuten ondasunen konfiskazioa… Eta eskertzekoa da Marijo Henriques bertako artxibariak eskaini didan laguntza; agiriak txukun-txukun sailkatuta edukitzeaz gain, ezinbestekoa izan da bere eskarmentua agiri guzti horiek ulertu eta lantzeko garaian. Beste zenbait herrietan ez dugu horrelako agiri sortarik topatu; aitzitik, benetako astakeriak egin baitira. Deban, adibidez, badakigu Franco hil osteko trantsizioan udal langile batek makina bat karpeta sutara bota zituela. Bergaran, Telesforo Monzonen jauregitik agiri sorta desagerrarazi egin zuten, “tokia egin behar da” esan eta gero. Sekula berreskuratu ezin ahal izango den ondare historikoa galdu da nonahi, ezjakintasunagatik nahiz fede txarrez.

Bi liburuetan, agirien atala ez bezala, testigantza pertsonalena labur samarra geratu dela dirudi.

Halaxe da, eta pena handia eragiten dit horrek. Izan ere, agiriek informazioa ematen dizute, baina hotzak ere geratzen dira zenbaitetan, ez baitute dena kontatzen, pertsonen bizipenak, interpretazioak… ezkutatzen dizkizute. Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak elkarteak argitaratu berri duen liburuak, adibidez, testigantza mordoa jasotzen du, eta aberatsa da alde horretatik. Oria auzoa osoa eta Lasarteko zati bat Urnietako parte ziren garai hartan, eta talde horrek lortu du testigantza ugari jasotzea.

Urnietan, modu berezian sumatu al duzue testigantza pertsonalak ez eskaintzeko joera?

Ez nuke esango hala izan denik berezi-bereziki. Azken urtetan egin dira saiakerak jendea erakartzeko, eta Marijo Henriques artxibaria ere ibili izan da tiraka honi eta tiraka hari, baina azkenean nahi baino gutxiagok hartu du parte, hori da errealitatea.

Esan behar dut denetik gertatzen ari zaigula gertutik bizi izan ditudan herrien ikerketetan. Deban, testigantza mordoa jaso ahal izan genuen; Hernanin ez hainbeste, eta gabezia hori erremediatzen saiatzen ari gara orain. Orokorrean, Urnieta barne, zenbait arazorekin egiten ari gara topo: batetik, hiltzen ari dira garai hura modu kontziente batean bizi izan zuten pertsona nagusiak, edo eta, ez daude unerik egokienean memorian gordeta daukatena kontatzeko. Sasoi hartan umeak ziren pertsona batzuk gure artean bizi dira, 80-90 urteren bueltan dabiltzanak, baina eskasagoa da horien informazioa.

Bestetik, badago gogoa “hautsak ez harrotzeko”, gertakizun tragikoen kasuetan batez ere; izan ere, zapaldu eta zapaltzaileen ondorengo belaunaldi asko elkartu egin dira familietan, eta inori ez zaio interesatzen haserrerik piztea bere inguruan. Bati baino gehiagori entzun izan diogu “badakit hau eta beste, baina nahiago dut ez kontatu”, edo eta “familian arazoak sor ditzaket hitz egiten badut”. Badakizu, batzuetan egiatan baita “herri txiki, infernu handi” esaera…

Arrazoi horiez gain, Urnieta bezalako herrietan populazioa aldatzen joan da hamarkadetan, eta errepresioa zuzenki jasan zuten familia asko jada ez dira bertan bizi.

Bi liburuetan, herriko zenbait salatarien izen abizenak aipatzen dira. Konparazio batera, 1936ko urrian frankistek Andoain eta Urnietako zenbait herritarren aurka burutu zuten epaiketa aipatzerakoan, horietako batzuk fusilatzera eraman zituzten herriko salatariak izendatzen dira…

Salatarien izenak argitaratu ala ez, eztabaidatu izan dugu Aranzadin, eta atera dugun ondorioa da errealitatea ezkutatzeak ez duela onik egiten; geure historia den bezalakoa dela, bere argi eta ilunekin, eta onartu beharra dagoela, are gehiago 80 urte igaro eta gero. Errepresioan zehar gatilua sakatu zuen pertsona igual ez zen herrikoa izango, baina bai hau eta beste hiltzeko papera sinatu zuen agintaria edo testigantza emaile-salataria. Beste herrietan ere horrelako kasuak gertatu izan dira, eta argitaratzea izan da gure erabakia. Erantzukizun hori dagokio egia topatu eta argitara jarri nahi duen historialariari.

Nolanahi ere, Aranzadin nahiko argi daukagu honako irizpidea: frankismoaren baitan ardura nagusiren bat (apaiza, alkatea, udal idazkaria, Falangeko idazkaria…) zeukan pertsonen izenak argitaratu egin behar dira, baldin eta agirietan errepresioaren eragile gisa agertzen badira. Beste kontua da, esate batera, epaiketa jakin batean epaituen kontrako testigantza ematen duena herritar xehe bat suertatzea; halakoetan, hobe ez izendatu, ez baitakigu gogo onez ala presiopean deklaratu ote zuen.

Garrantzia handia eman diozue emakumeen aurkako zapalketari.

Herriz herriko ikerketek, denboraren poderioz, erakutsi digute garai hartako gizarte ereduek asko markatu izan zutela, eta horrexegatik, plaza publikoan batez ere gizonezkoak agertu izan zirela, eta aldi berean, ezaugarri bereziak eduki zituela emakumeenganako errepresioak. Umiliazioa eta suntsiketa pertsonala zuen helburu zapalketa mota berezi horrek. Artxiboetan apenas agertzen den ezer, eta saiakera berezia egin dugu emakumeak gizartean betetzen zuen funtzioa azpimarratzen. Urnietara etorrita, kasu bakan batzuk topatu ditugu paradigmatikoak. Hala nola, Angela Arrue, Goiburu auzoko irakaslea, irakasteko zeukan gaitasuna zela-eta guztiek goraipatzen zutena; euskaltzale izateagatik ilea moztu egin zioten, eta lanpostutik kanporatua izan zen. Alkain eta Arizmendi ahizpak ere antzeko tratua jasan zuten euskaltzale eta abertzale izateagatik. Oriako auzoan, bazen emakume bat, Concepcion Okariz; hiru urteko kartzelara kondenatu zuten, lankide baten salaketak bere aurkako gerra kontseilua eragin eta gero; Francoren irudia bat guraizearekin moztea izan zen bere bekatua.

Maiz, emakumeei, mendeku gisa ezartzen zitzaizkien era guztietako zigorrak; “holako edo halako senarra, anaia edo semea daukazunez…”. Esate batera, Errepublikan alkate izandako Joxe Mari Belauntzaranen ama bere etxetik bidali egin zuten, eta bertan frankista bat jarri zen bizitzen…

Sarobeko aurkezpenean adierazi zenuenez, oraingoz, Urnietan, egia jakitera hurbildu gara. Segidan, justizia eta aitormena heldu beharko luketela gehitu zenuen.

Konplikatua dago egiatik aurreragoko printzipioak garatzea. Aitormenari dagokionez, Urnietako Udalak borondatea baldin badauka etorkizunean bide hori jorra liteke ekitaldi publikoen eskutik, hori eta gehiago zor zaielako giza eskubideen bortxaketaren bat jasan zuten urnietar guztiei. Baina zailagoa ikusten dut justiziaren arloan. Batetik, hilda baitaude orduko biktima zuzen guztiak; eta bestetik, ematen baitu 1977ko amnistiaren legeak aginduta ahaztu egin behar dugula gertatutako guztia. Egin kontu, Erandion 1969an poliziak balaz hildako biktima bat aitortzeko ere zailtasunak jartzen ditu estatuak. Bada, esango didazu 1936koekin… Ahaleginak egin behar dira, eta urrutira gabe, hor daukagu Argentinako epaitegietan irekita dagoen kereila frankismoaren aurka. Nahiz eta jakin estatua nekez makurtuko dela eskakizun horietara, denborak esan bezala.

Iturria: Aiurri.