Arrasateko San Joan elizan Erdi Aroko nekropolia topatu dute

2017/10/04

Esku-hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren lankidetzari esker egin da, eta zuzendaritza teknikoa Arrasate Zientzia Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ardura izan da.

  • Lan arkeologikoak iraileko azken astean garatu dira Arrasateko Alde Zaharrean, San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizako Kanpandorreko Dorrean.

Lan horiei esker, hiribilduaren iraganari buruzko emaitza oso interesgarriak lortu ahal izan dira, aztarnategia espazio murriztuan egon arren (13 m2).

Hala, burdina lantzearekin lotutako eraikin baten presentzia dokumentatu da, egungo elizaren dorrea eraiki zutenean, XVI. mendean, eraitsi zutena.

Aztarna garrantzitsuenak Erdi Aroko herriko lehen hobiratze-eremuarekin lotutakoak dira; elizaren gertueneko indusketaren zatian egongo litzateke. Nekropoliaren inguruan kalkulatutako kronologia XIII. eta XV. mende ingurukoa da.

Lurreko buztin naturalean zulatutako forma obalatuko hobi multzo bat topatu da, elkarren artean kale paraleloetan antolatuta. Hobi bakoitzak zenbait banako biltzen ditu elkarren gainean (3 edo 4 artean); horiek guztiak ostilamendurik gabe, ekialde-mendebalde orientazioarekin lurperatuta. Hobiratze hori egungo eliza baino tenplu txikiago baten testuinguruan sortu zen, 1448ko sutean desagertu zena, hain zuzen ere.

Proiektuak giza hondakinen azterketa osteologikoa egitea aurreikusi du, haien dieta zehazteko eta banakoen DNA lortzeko.

Historiaurreko zantzuak

Inguru horretan bertan, askoz lehenagoko okupazio-aldi batekin lotutako zeramiken presentzia dokumentatu da. Zehazki, Brontze Aroko kokaleku batenak, duela 3.500 – 3.900 urte lehenago ingurukoak izan daitezkeenak. Horrek agerian uzten du 1260tik aurrera Arrasateko herria kokatuko den muinoaren okupazio goiztiarra, duela zenbait mila urte hasitako prozesuari jarraipena emanez. Hori ohiko fenomenoa da Erdi Aroko beste herri batzuetan (Zarautz, Tolosa, Irura eta abar), Erromatarren garaiko edo historiaurreko aztarnen gainean kokatzen baitira, Arrasate bezala.

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net