Ahaide Nagusiak
Lurralde Historikoek bilakaera historikoa izan dutela sarri ahazten dugula ematen du. Gipuzkoaren osagaiak eta mugak aldakorrak izan dira denboran zehar. Eta Gipuzkoaren izaera juridikoa eta politikoa mamitu arte ere, gertakizun historiko asko jazo egin dira. Web gune hau 1300-1550 urteen bitartean kokatuko genuke. Hau da, Gipuzkoako antolakuntza probintziala gauzatu aurretik. Ahaide Nagusien garaia da.
Bi Bando
XIV. mendean zehar bi alderdi eratu eta gorpuztu ziren Euskal Herrian zehar, eta bereziki Gipuzkoan.

Bando Gerratea
Bi alderdi hauen garapenak, bizimoldeak eta irauteko bideak gerra egoera sortu zuten. Guda honen une gorena XIV. mendearen bukaera eta XV. mendearen hasieran izan zen.
Bandoen Amaiera
Hiribilduak oinarri hartuta, egitura politiko berria sortu zen Gipuzkoan. Gipuzkoako Probintziak Ahaide Nagusiak gainditu eta leinuak irentsi egin zituen.
Dorretxeak
Gizarte hartako aztarna material gutxi kontserbatu da. Dorretxeak leinuen sorburu eta ospearen erakusle ziren. Tamalez, egun ikus ditzakegun dorretxe gehienak ez dira Ahaide Nagusien egoitza izan.
Eresiak
Banderizoen gerrateak oihartzun handia izan omen zuen ahozko literaturan. Borrokaldiak, mendekuak, eta bestelako pasadizoak bertsoka eta koplaka kontatzen ziren.
Bibliografia
Adituen ekarpen berriak Deustuko Unibertsitatetik (E. Barrena, J.A. Marin, J.A.Achón) eta Euskal Herriko Unibertsitatetik (J.A. Fernández de Larrea, J.R. Diaz de Durana) etorri dira nagusiki.
Hauekin batera, Aranzadi Zientzi Elkarteak egin dituen hainbat indusketek (Igartza, Galartza,...) eta Gonzalez Cembellínek dorretxeei buruz plazaratutako hausnarketak ere datu berriak ekarri dituzte.
Index Ahaide Nagusiak Bi bando Bando Gerratea Bandoen Amaiera Dorretxeak Eresiak Bibliografia
Mapa | Bandoen sorrerak | Ezaugarriak | Bortizkeria


Bandoen sorrerak

Bandoen sorrerak, ada, sistema berean jarduteko jokabide bakarra ez zegoela erakusten digu. Hau da: gizartea osatzen zutenek, balore berak aintzat hartzen bazituzten ere, molde ezberdinak gauzatu zituzten balore horiek garatzerakoan.
Banaketaren eta bere ondorio odoltsuen jatorriaren inguruko kontakizun herrikoia ezaguna da oso. Istorio honen arabera, prozesio batean gertatutako eztabaidak ekarri zuen liskarra. Alde batekoek kandelak lepoan, goian, –ganboan– eraman nahi omen zituzten; beste aldekoek, berriz, eskuz, behian, –oinian-. Kalapita honen sortzaileak Ulibarrikoak eta Muruakoak omen ziren. Horrela, Ulibarri-Ganboa eta Murua-Oinatz bihurtuta, bi bando-buru sortu eta borroka zabaldu egin zen.

Egun, ikerketen ondorioz, Bandoen sorreraren eta gerratearen jatorriaren gainean oso bestelako hausnarketa egiten da.

Nahiz eta leinuen arteko ezin ikustea zaharragoa izan, bi alderdietan gauzatzen den lerrokatzea XIV. mendean gorpuztu zela pentsatzen da. Honekin batera, gure geografian zehar bandoak nola sakabanatzen ziren ikustea oso esanguratsutzat jotzen da, barreiaketa honen gibelean kulturari, ekonomiari eta leialtasunari loturiko arrazoiak ezkutatzen zirelakoan.



Ezaugarriak
  • Deba eta kostaldean kokatutako leinuak ganboatar ziren.
  • Goierri eta Urolakoak, berriz, oinaztar.
  • Ganboatarrak merkataritzarekin eta hiribilduekin lotu ohi izan dira.
  • Oinaztarrak, aldiz, aziendekin eta abeltzaintzarekin.
Banaketa honen funtsean, XIII. mendetik aurrera, Gaztelako erregearen erasoen ondorioz, Ganboatar buru Gebarako jaunak emandako urratsak egon zitezkeen. Gebarako jaunak, Oñatiko kondea izango denak eta jatorri arabarra zuenak, Ahaide Nagusien mailatik haratago kokatzen zen. Jaun Handitzat jo dezakegu, beraz. Hiribilduen garapenari esker Gipuzkoak eskaintzen zituen aukerez baliatzeko, Debaren arrotik eta kostaldetik bere sarea hedatu eta antolatu zuen. Gainera, Gaztelako erregearen bermearekin aritzen zen, eta Nafarroa/Gipuzkoaren arteko muga sustatzen nabarmendu zen.
Ondorioz, sustrai gipuzkoarra zuten leinuak, Martin Lopez Murua sorburu bezala gogoratzen zutenak, lehian sartu ziren. Hauek ez zuten horren lotura esturik hiribilduekin eta Lurraldearen muga ere kaltegarri suertatzen zitzaien.

Jarrera politikoari dagokionez, bandoen erregeekiko leialtasunak aldakorrak izan ziren. Gaztela eta Nafarroaren arteko gudetan Ganboatarrak Agramondarrekin bat egingo zuten, eta, beraz, Nafarroako erregearen aldekotzat jo ditzakegu. Oinaztarrak, ordea, Beaumondarrekin batera agertzen dira, Gaztelako erregezaleekin batera. Aliantza hauen ondorioz Loiolako Inazio, oinaztar gerlaria orduan, Iruñeko setioan zauritu zen.
Baina, esan bezala, aldaketak izan ohi ziren. 1369an, adibidez, Nafarroako Karlos II.a euskal lurraldearen erabateko kontrola berreskuratzekotan zegoen tenorean, Ganboatar buruak, guztiz ahaltsua zen Gebarako jaunak, traizioa egin eta Gaztelako erregearen alde jardun zuen.
Aldakortasun honen beste adibide bat: 1466. urtean Igartzako jaun Martin Perez Lazkao Foix-eko Kondearen eta Nafarroako Kondestablearen agindupean topatzen dugu Gaztelako erregearen interesen aurkako ekintzetan. Beranduago, ordea, jarrera aldatu eta Gaztelako erregearen barkamenaz Igartzako gunea antolatzeari ekin zion.
Kontu hauek guztiek Gipuzkoako buruen leialtasunak 1200. urtean ez zirela erabat itxi erakusten dutela uste dugu.



Bortizkeria

Guda eta liskar egoera hau orduko gizartearen funtzionamenduan kokatu behar da. Lehen zirriborratu dugun jokabideen barruan gerra egoera logikotzat eman daiteke. Hala bizimodua antolatzeko era nola giza-harremanak ulertzeko eta jorratzeko bideak oso bortitzak eta oldarkorrak ziren. Etengabe bultzatzen zen balore gehiago lortzea eta izatea, –bai aurrekoak baino gehiago eta baita ondokoak baino gehiago ere –. “Valer más” esamolde ospetsua garai honi zor diogu. Ahalik eta ospe, ohore, oparotasun, errenta eta gizon gehien atxiki behar ziren.
Honek, izugarrizko presioa zekarren giza baliabide eta baliabide ekonomikoen gainean. Ezinbestekoa egiten zen Nagusi baten babesa bilatzea eta honek bere menpean nortasuna eskuratzea ekarriko zuen.


Mapa | Bandoen sorrerak | Ezaugarriak | Bortizkeria


Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da. Eragin.comek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.